2010/04/14

XIX. mende bukaeran gaude eta Argentinara etorritako immigranteak ohartuak dira herrialdearen aurrerapena lurraren emaitzei lotua dagoela; ondorioz, ezinbestekoak dira nekazaritza eta abeltzaintza arloko formakuntza, eta gai hauek irakasten dituzten hainbat eskola sortzen joango dira Panpan zehar. Mar Chiquita partiduan lan horri eutsi ziona Manuel Jose Ezeyza gizon ekimentsua izan zen. Manuelek, bere aitaren xedeari jarraituz, Mar Chiquita partiduko Nekazaritza eta Abeltzaintza Eskola fundatu zuen, bertako Victoria Aguirre andrearen laguntzarekin. Ehun urte joan dira geroztik eta Argentinako eta baita kanpoko ikasleak ere jaso ditu tarte honetan Nicanor Ezeyza Eskolak, ezaguna baita urterik urte kalitate handiko hezkuntza eskaintzen diola bere ikasleriari. Sortu zutenen ametsa bete dela esan daiteke. EuskalKultura.com-ek artikulu honetara ekarri nahi izan du istorioa.
Gehiago irakurri...
2010/04/14

Claudio Esnal eta bere buruzagi taldeko gehienak baieztatuak izan dira euren lekuetan Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak besteak beste elkarteko Zuzendaritza Batzordea berritzeko eta iazko ekitaldiaren emaitzak aztertzeko egindako Ohiko Biltzar Nagusian. Aldaketa txiki batzuekin, aurreko Zuzendaritzak segitzen du elkartea kudeatzen, aurkeztu eta onetsitako hautagaien artean baitaude lehen eta orain buruzagi segitzen duten Enrique Otaño lehendakariordea; Nélida Apesteguía, idazkaria; Delia de Ustaran, agiri idazkaria; eta José Luis Filippini diruzainak. Elkarteak, bestalde, jakitera eman du abian direla dagoeneko, urte batzuen buruan Gaztedi Zutik-eko kide bilakatuko diren txikienen dantza eskolak, María Eugenia Iribarren, Imanol Salazar eta Micaela Bereciartua zuzendari.
Gehiago irakurri...
2010/04/13

Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao'ren gaztelaniazko lehenengo edizioa, 30.000 alerekin, plazaratu eta hilabetera, bigarrena atera du kioskoetara Seix Barral argitaletxe bartzelonatarrak. Estatu mailan salduenen zerrendan dagoen eleberriak bilduak ditu orain arte Espainiako 2009ko Narratiba Sari Nazionala eta euskarazko Kritika Sari Nazionala. Ibilbide arrakastatsu hau ospatzeko, festa ekitaldi bat antolatu da bihar asteazkena Bilboko Campos Eliseos Antzokian, aldi berean Liburuaren Nazioarteko Eguna aurre-ospatu eta liburua Bilboko publikoaren aurrean aurkezteko. Bihar arratsaldeko zortzietan, Bertendona kalean.
Gehiago irakurri...
2010/04/13

Atzoko azken orduan iritsi zitzaigun Resistencia, Chaco probintzia argentinarreko hiriburuan, bertako Komunikabideen Museoan egin behar zuten 'Don Juan Iturrioz Arróspide: Un Vasco en el Chaco' bideoaren berri. Juan Iturrioz Arróspide arkitektoa, plastika eta pintura chacotarrari ekarri dion pertsona, probintziako Kotoiaren Lurra Euskal Etxeko lehendakari ere izan zen. Berari buruzko bideoa, 20 minutuko DVDa, atzo aurkeztu eta proiektatu zuten, eta ohiko dendetan eta Chacoko Euskal Etxean atxeman dezake nahi duenak erosgai.
Gehiago irakurri...
2010/04/13

1936-46ko euskal erbestea, gerla denbora, justizia eta eguneroko bizimodua aztertuko ditu datorren ostegun eta ostiralean Estatu Batuetan, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (CBS) Renon egingo duen IX. Hitzaldian. Europako eta Estatu Batuetako hamabost bat aditu partaide, bi eguneko hitzordu akademiko hau CBSko aurtengo 'Douglass Distinguished Scholar' den --eta beraz aurten Renon ikerle/irakasle ari den-- Santiago de Pablo EHUko euskal historialaria eta Sandra Ott CBSko zuzendarikide eta Ipar Euskal Herriko historia garaikidean aditu dena koordinatzaile gauzatuko da. Emaitzekin liburua emango du argitara Renoko CBSek eta Estatu Batuetako bostehun bat unibertsitate eta zentro akademikotan banatuko.
Gehiago irakurri...
2010/04/12

Buenos Aires probintzian, Olavarriako euskaldun talde batek egin berria du joan den astelehenean, apirilaren 5ean, bilera bat, bertan indar handia zeukan 'Gure Etxe Maitea' euskal etxea berrabiatu eta biziarazten. Euskal Etxeak 2002-03an hautatu zuen bere azkenenko Zuzendaritza Batzordea eta geroztik bere jarduna erabat jaitsi zen, ia erabat desagertzeraino. Izan ere Eusko Jaurlaritzak munduko euskal etxeen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen 2008an. Bere burua berrabiatze lanetan ezarri duen talde berriak Behin-behineko Batzorde bat osatu du dagoeneko, Maria Susana Mendizabal buru, eta 90 eguneko epea ipini du Biltzar Nagusi bat deitzeko, guztia elkartea berreskuratu eta Olavarriako euskal gizatalde antolatuaren ekimena normaltzearren. Gaur bertan lan-bilera batera deitu dute, arratsaldeko zortzietan, Moreno 3078 helbidean.
Gehiago irakurri...
2010/04/12

Maiatzaren 10ean errezibituko du La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNLP) Juan Miguel Gutierrez euskal zinegilea. Gutierrezek bost eguneko ikastaro bat emango die ikasgune honetako zinemagintza eta ikus-entzunezko arte arloko ikasleei. 'Euskal Zinema, tradizioa eta modernitatea' izeneko ikastaroaren helburua Euskal Herriko zinemagintzaren historian murgiltzea da; astean zehar bost gai ezberdin hartuko ditu ardatz. Klaseak maiatzaren 10etik 14ra arte izango dira, arratsaldeko 4etatik 8etara. Maiatzaren 15ean, berriz, umeei zuzendutako ekintza bat burutuko du Gutierrezek La Platako Euzko Etxean. Hitzordu honetan, umeentzako film animatu bat bota eta aztertuko da euskal etxean.
Gehiago irakurri...
2010/04/12

Oldarra korala, gizonezko euskal kantu talde biarriztarra, etorri berria da Saudi Arabiatik. Gauza da erresumaren hiriburuan Janadriyah deitu azoka egiten dutela urtero eta aurtengoan Frantziari dedikatu diote. Hori dela eta, Frantziako enbaxadak Oldarrari luzatu dio gonbita, besteak beste bertako erregearen aitzinean kantatzeko, Oldarrak ekitaldiaren estreinaldian kantatu baitu. Argazkia eta datuak Oldarrako kideek berek eman dizkiote Herria astekariari eta honek apirileko bere lehenengo zenbakiak eman ditu argitara. Hona Oldarrakoen laburpena Saudiar erresumatik itzuli eta gero.
Gehiago irakurri...
2010/04/09

Seigarren urtez segidan, Kuban bizi den euskal komunitateak eta euskal jatorria daukaten kubatarrek Aberri Egun trinkoa bizi izan dute joan den asteburuan, azkeneko urteotan bezala Habanako Vedado auzoan dagoen Centro Vasco jatetxean. Habanako 'Asociacion de Beneficencia Vasco-Navarra' elkarte historikoa izan da antolatzaile, eta babesle Uhartean lanean ari den enpresa talde bat, batere ahaztu gabe Kubako Athletic Futbol Taldearen Peña gazte baina dinamikoak izan duen lankidetza eta eragiletza lana. Ospakizunak larunbat eta igandekoak izan ziren eta, ekitaldi herrikoi bat, II Mus Txapelketa izan zuten abiapuntu larunbatean, apirilaren 3ko arratsaldean, ondoren senidetze afari bati ekiteko. Hori eta gero, euskal eta kubatar arteko uztarketa eta giro onak ez zuen amaierarik izan asteburu osoan, EuskalKultura.com-en lekukotasunak baiezta dezakeenez.
Gehiago irakurri...
2010/04/09

Aurrera darrai Elvira Kortajarena Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkari berria bere lan-arlo den eremuko euskal etxe guztiak bisitatzearren daraman ibilbideak. Joan den asteartean, Kortajarena Buenos Aires bereko beste hiru elkarte --Ekin argitaletxea, Euskaltzaleak eta Eusketxe-- bisitatu zituen, horietarik azken biak Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxe gisa erregistratuta dituen erakunde. Bisita egiterakoan, elkarteetako buruzagitzak egin zioten ongietorria eta eraikinak biltzen dituen eta bertan garatzen diren ekimenak azaldu zizkioten. Ordezkaria Mar del Platara lerratuko da gaur, bertako euskal etxea bisitatu --aurtengo Argentinako Euskal Aste Nazionaleko antolatzaile da Mar del Platako Denak Bat-- eta turismo arloko aurkezpen batean parte hartzeko, Euskal Autonomi Erkidegoa Argentinako turismo profesionalei azaltzearren.
Gehiago irakurri...