2011/02/11

Euskal dantza modan dago Berlinen, antza. 'Baskische Volkstanz Unterricht' izenburupean dantza ikastaroa antolatu du Berlingo Euskal Etxeak, eta erantzunak aurreikuspen guztiak hautsi ditu: lehen egunetik 35 lagun bildu ziren klaseetara, euskaldun zein alemaniarrak, arin-arin eta fandango artean disfrutatzeko prest. Mikel Aristegui koreografo donostiarra da ikastaroaren gidaria, eta ikasleek hala eskatuta, klaseak hilean bitan ematetik ostiralero ematera pasatzekotan dira. Ikasleek ekainean Berlinen egingo den Karneval der Kulturen jaialdian erakutsiko dute urtean zehar ikasitakoa. Lehen klaseko bideoa, hemen. Bigarren klasea, gaur bertan, Tanzfabrik aretoan.
Gehiago irakurri...
2011/02/11

Renoko 'National Monument to the Basque Sheepherder' delakoak (Euskal Artzainaren Monumentu Nazionalak) itxura desitxuratua eskaintzen du gaur egun, kokaleku duen hiri nevadatarreko Rancho San Rafael Parkearen baitan. Aurretik izanak zituen eraso txikiak, baina oraingoan, brontzea ebatsi eta saltzea helburu duen talderen batek monumentuko parte diren metal horretako plaka guztiak porlanezko euskarrietatik atera eta eraman egin ditu. Hala uste du Washoe konderriko sheriffak, askoz haratago joateko pista aldetik urri badabil ere. AEBetako, Euskal Herriko eta Diasporako ehundaka jenderen partaidetza medio eraiki ahal izan zen monumentua 1989an. Ardatz duen Nestor Basterretxearen 'Bakardade' lanak badirudi ez duela kalterik izan. Sari bat eskaini da informaziorik ematen duenarentzat.
Gehiago irakurri...
2011/02/11

Bi urte baino gehiago borrokan eta hirigintza-espekulazioaren aurkako hamaika salaketaren ostean, "Salvemos el Frontón Beti-Jai de Madrid" plataforma zorioneko dago egunotan. Madrilgo Komunitateak kultura-ondasun izaera aitortu dio frontoiari, momentuz eraiste-arriskutik salbatuz. 1893an eraiki zuen frontoia Joaquin Rucoba arkitektoak eta munduan dagoen neomudejar estiloko bakarra da. Madrileko erdigunean egoteak hirigintza-sustatzaileen jomugan jarri du aspalditik.
Gehiago irakurri...
2011/02/11

Azken urte hauetan, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle den 'Euskaldun hitza' irratsaioa bertako Radio Nacional-etik egiten zen, asteazkenero eguerdiko ordu batetik ordu bietara. Aurten, ordea, eta ordutegi arloko desadostasun bat medio, nonbait, emankizunaren arduradunek irrati hori uztea erabaki dute. Gaiari erabateko irtenbidea eman arte, saioa egiten jarraituko da baina entzuleek internetez entzun beharko dute, beste irrati bat aurkitu arte.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Kalean da, Herbehereetako liburudendetan, Zirimiri Press argitaletxearen lehen liburua, 'Emekiro', sei euskal emakume idazleren ipuin bilduma, euskaratik zuzenean neerlanderara itzulia. Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Jasone Osoro, Eider Rodriguez, Katixa Agirre eta Kristina Goikoetxea dira idazleak, seiak ala seiak 1970az geroztik jaiotakoak. Herbehereetan hizkuntza txikien literatura eta kultura ezagutaraztea da argitaletxe gaztearen helburua, emeki-emeki, ia konturatu gabe bustitzera heltzen den zirimiria bezala. Ekimenaren atzean Madrilgo Euskal Etxean euskara ikasi zuen Henrike Olasolo, eta bere emaztea Cristina Richarte daude.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Asian barrena bira egin ondoren eta azken hilabeteotan Euskal Herrian emandako hainbat kontzerturen sarrerak agortu ostean, Berri Txarrak talde nafarrak Latinoamerika eta Kanada bisitatuko ditu otsail hondarrean hasi eta martxoko lehenengo bi asteetan egin behar duen biraren barruan. Bira honek Brasil, Argentina, Txile, Mexiko eta Kanadara eramango ditu, hain zuzen ere, Curitiba, Sao Paulo, Buenos Aires, Bellavista, San Antonio, Santiago, Mexiko Hiria eta Torontora, otsailaren 25an hasi eta martxoaren 10a bitartean.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxeak Argentina osoko euskal etxeei Udako Mus Txapelketan parte hartzeko gonbitea luzatu zien duela pare bat aste. Ekitaldia otsailaren 25 eta 26an izango da Buenos Aires probintziako kostaldeko hiri honetan eta txapelketan sartzeko 400 pesoko izenematea ordaindu beharko du muslari bakoitzak, ostiral eta larunbateko afariak barne. Izena emateko epea datorren asteartean, otsailaren 15ean, bukatuko da, eta ez da beharrezkoa aurrerakinik egitea.
Gehiago irakurri...
2011/02/10

Madrilgo Euskal Etxeko kideek azken aste hauetako hotzari entzungor egin eta hiriko kaleetan ibili dira bi euskal tradizio ezagun ohoratzen: Santa Ageda eskean eta Danborrada txikiarekin. Elkarteko korua Madrileko erdigunean kantari ibili zen joan den otsailaren 4an eta "Aintzaldu daigun Agate Deuna..." bezalako koplek zur eta lur utzi zuten Puerta del Sol-etik zebilen bat baino gehiago. Aurretik, urtarrilaren 23an, elkarteko txikiak izan ziren protagonista, danborradaren burrunbarekin. Jarraian, bi ekitaldion bideoak ikusgai.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Kirmen Uribe idazle ondarroarrak euskararen hotsak ekarriko ditu gaur Genevako Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen aretora. Miquel Barceloren kupula ospetsuaren pean Uribek eta Manuel Rivas galiziarrak euren lanak irakurriko dituzte, batak euskaraz eta galegoz, besteak. Ama Hizkuntzen Nazioarteko Egunaren karira antolatu dute ekitaldia. Hil honen hondarrean, aldiz, Portugalen izango da Uribe, 'Bilbao-New York-Bilbao' eleberriaren itzulpena aurkezteko.
Gehiago irakurri...
2011/02/09

Gaztea da oso Mar Chiquita partiduko euskal etxea. Izan ere, 'Izatez Harro' erakundeko kideak 2009ko azaroan elkartu ziren lehendabizikoz. Baina euskal etxearen oinarriak ezarri bezain laster, lanari ekin zioten. Oso denbora gutxian, partiduko herrietako ekitaldietan beren presentzia handituz joan dira eta komunitateari begirako proiektuak martxan jarri dituzte. Horietako bat pasa den abenduan Buenos Aires Probintziak elkarteari mutualitate gisa emandako onespena da. Euskal Etxea izateaz gain Mutualitatea ere badira, beraz, eta honen bidez formakuntza alorrari ekin ahal izan diote iaz eta laster, datorren otsailaren 15ean, hornitegi edo denda bat inauguratuko dute.
Gehiago irakurri...