2011/02/24

Euskal Etxeen arteko lankidetza beti da zoriontzeko moduko gauza eta halaxe behar da aipatu bihar ostiralean Andeen inguruko San Juan hirian, izen bereko probintzia argentinarrean egingo den Eguzkiaren Karrusela festa, bertako Eusko Etxeko gonbiteari baiezkoa emanez Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko hamabost gazte dantzari, dantzan eta danborrada donostiarra jotzen laguntzaile ibiliko baitira Argentinako uda garaian hitzordu garrantzitsu eta arras jendetsu den San Juango Eguzkiaren Festa Nazionalean. Deia euskal partaideak txalotzeko, biharko da, gaueko bederatzietan, San Juanen.
Gehiago irakurri...
2011/02/24

Euskal Herriko idazle, gogoetagile eta pentsalari talde batek euskal identitateari buruzko hausnarketa publiko bat egingo du gaur eta bihar Azkoitian, Forum Azkoitia izeneko jardunaldietan. Xabier Euzkitze bertsolari eta komunikatzaileak koordinatuta, "ikuspegi politikotik urrundu eta antropologikora hurbiltzen" saiatuko dira. Euskal Diasporaren ikuspuntu eta lekukotasuna ere islatuta egongo da, izan ere Joseba Etxarri Euskalkultura.com-eko zuzendaria tarteko "Euskal Herritik milaka kilometrotara euskal nortasuna nola bizi daitekeen" azalduz. Gainerako hizlariak izango dira: Jon Sarasua ikertzailea, Iñaki Egaña historialaria, Tere Irastortza idazlea, Terexa Lekunberri etnologoa, Andoni Olariaga filosofoa, Hizkuntza Politika sailburuorde izan ziren Patxi Baztarrika eta Ramon Etxezarreta, eta Joxerra Gartzia kazetaria; Azkoitiko alkate Asier Aranbarri eta Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanorekin batera.
Gehiago irakurri...
2011/02/24

Euskal hizkuntzaren irakaskuntza euskal etxeetatik kanpo hedatzea pixkanaka zabaltzen ari den joera da eta hiri askotan helburu hori betetzen duten proiektuak garatzen ari dira. Bide hori jarraituz eta Tandilgo 'Gure Etxea'ko Isidro Legarreta lehendakari ohiaren aspaldiko ametsa burutzeko, bertako euskal elkarteak euskara irakasteko proiektua aurkeztu zuen bertako UNCPBA Unibertsitatean eta proposamena martxan dago jadanik Unibertsitateko Hizkuntza Sailean. Aldi berean, euskal etxeko irakasleak 2011ko ikasturtea antolatzen ari dira. Aurten bost taldek jasoko dituzte eskolak 'Gure Etxea'ko egoitzan.
Gehiago irakurri...
2011/02/24

Hasi dira munduko euskal etxeak Korrika 17ri ongi etorria egiteko hainbat ekitaldi antolatzen. Berlinen, adibidez, euskal elkartea jai itzela ari da prestatzen, Anari euskal kantariaren kontzertu batekin. Ondoren Lucha Amada DJ-ak goizaldeko ordu txikiak arte dantzan jarriko ditu Berlingo euskaltzaleak. Martxoaren 5ean izango da jaia. Ondoren, apirilaren 9an, Korrika Eguna egingo dute euskal etxeko kide eta lagunek, Berlingo kaleetan zehar lasterketa txiki bat antolatuz.
Gehiago irakurri...
2011/02/23

Euskadik Iparramerikan duen presentzia areagotzeko lanean ari da Eusko Jaurlaritza. Bide horretan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak jakinarazi dute bulego ekonomiko berriak irekiko dituztela New Yorken, Kalifornian eta Floridan; horrez gain, New Yorken egoitza zentrala duen Mexiko, Kanada eta AEBetarako Euskadiren egungo Ordezkaritza indartu egingo duela adierazi du, Boisen bere menpeko antena bat sortuz.
Gehiago irakurri...
2011/02/23

2009an bildu ziren lehenbizikoz Uruguaiko San Joseko euskaldunak euskal etxe berri bat sortzeko asmotan. Ez zeuden bakarrik. Montevideoko 'Haize Hegoa' Euskal Etxeko kideen babesa izan zuten langintza horretan hasi-hasieratik. Buru-belarri ekin zioten sanjosetarrek eta joan den abenduan euskal etxeak Jaurlaritzaren onespena jaso eta Euskal Etxeen erregistro ofizialean sartu zen. Urrats garrantzitsu hori emanik, egoitza propioaren bila dabiltza orain euskal etxeko arduradunak. Bide horretan, ahalegin irmoan ari dira egunotan, San Joseko Udalarekin herriko kartzela zenaren eraikina erabili eta bertan kulturgune bat muntatu ahal izateko.
Gehiago irakurri...
2011/02/23

Chacoko Euskal Etxeak aurtengo helburuetako bat interneten duen presentzia sustatzea ipini dio bere buruari eta bide horretan webgunea berritu eta diseinu berriz plazaratu du. Webgunean elkartearen azken berriak eta argazkiak aurkituko ditu bisitariak, hala nola aurreko urteetan eginiko ekimenak eta euskal etxeak sustatzen dituen hainbat egitasmo. Azken hauen artean aipagarriak dira euskal gaiei buruzko bideo ekoizpenak eta Mario Chapo Bortagaray medikuari buruzko liburua, bertatik irakurri edota jaitsi daitekeena.
Gehiago irakurri...
2011/02/23

"Xume-xume baina indartsu" abiatu da 'Xiberoa Zinez' luzemetraia egiteko diru bilketa, ekimeneko partaide den Mixel Etxekopar musikari eta euskaltzalearen esanetan. Filma zubereraz eginiko lehen luzemetraia izango da eta Muskildiko Peio Cachenaut gazteak zuzenduko du. Lanak idazle izan nahi duen gazte baten eta AEBetatik eskarmentua hartuta bueltatu den 'Hollywood' osabaren arteko harremana irudikatzen du. Proiektuak 45.000 euroko aurrekontua du eta, euskal-amerikar istorio bat islatzen duenez, Hebentik elkarteak munduko euskaldunen sostengua eskatu du. Parte hartu nahi duenak 50 euroko laguntza eman dezake eta Xiberoko "euskal munduaren ilusioa piztu" duen proiektu honetako 'ekoizle' izango da.
Gehiago irakurri...
2011/02/23

Egunak aisa pasatzen dira eta Diaspora alorrean eskabideak aurkezteko zabalik zeuden epeak ixtear daude ia. Izan ere, euskal etxeei zuzenduriko dirulaguntzak eskatzeko eta baita ere atzerrian egoera larrian eta asistentzia faltan dauden Diasporako kideentzako laguntzak galdegiteko epea datorren astelehenean, otsailaren 28an, amaituko da. Jaurlaritzatik gogora ekartzen da ezinbestekoa dela eskabide orri originalak data horren zigilua eta lehenagokoa izatea. "Bidali, posta zerbitzu publikoz, courier pribatuz edo eskuz Euskadiko Ordezkaritzetan edo kontsulatu eta enbaxadetan entregatuz" egin daiteke, diote.
Gehiago irakurri...
2011/02/22

Une historikoak ari dira gertatzen Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko herrialde arabiarretan eta Korrontzi euskal taldeko kideek gertu gertutik bizitzeko aukera izan dituzte, Marokon bukatu berria duten biraren baitan. Taldeak Casablancan, Tangerren eta Rabaten jo zuen, Cervantes Institutuak gonbidatuta, eta Marokoko gizartearen bi alderdi ikusi dituzte: batetik, antzokietan ikusleek euren musikari eginiko harrera ona, zutik eta gogo biziz dantzatzen, eta bestetik, agian ikusle horiek berak kalean manifestaziotan gobernuaren aurka protestan.
Gehiago irakurri...