2011/04/01

Enrique Otaño hautatu du Argentinako Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak bertako lehendakari berri; izan ere elkarteak 2012an mendeurrena ospatzen duenean Otañok izango du EEko mendeurreneko ospakizunen eta urte horretako Euskal Aste Nazionaleko ekitaldietako buru izateko ohorea zein ardura. Zuzendaritza Batzorde berriko kide dira baita ere Raul Martin Bereciartua, lehendakariorde; Nélida Apesteguia, idazkari nagusi; Delia de Ustaran, agirietarako idazkari; José Luis Filippini, diruzain; eta Claudio Esnal, diruzaiorde, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2011/03/31

Munduko 25 unibertsitatetan Euskara eta Euskal Kultura irakurle programak daude gaur egun, eta Etxepare Institutuak zenbait gehiago abian jartzeko asmoa du datozen urteetan. Programa hauek funtsezkoak dira institutuaren euskal kultura munduratzeko ahaleginean, ikasleen artean euskara zabaltzeaz gain kultur ekitaldien bitartez euskal sortzaileen erakuslehio baitira. Euskal Herritik kanpo gure kultura zabaltzen ari diren irakurle hauek eta euren lana ezagutzeko sail bat abiatu dugu EuskalKultura.com-en. Madrilgo Complutense Unibertsitateko Karlos Cid-Abasolo lektorea da lehena.
Gehiago irakurri...
2011/03/31

Gral. Las Heras herri argentinarra Buenos Aires hiriburutik laurogei bat kilometrora dago. Eskualdeko beste hainbat herrik bezala jatorri euskalduna zuten ehunka immigrante jaso zituen XIX. mendean, eta herri horietan bezala, euskaldunak, biltzen hasi ziren euren ohiturak eta izaera mantentzeko asmoarekin. Denboraren poderioz, ordea, bilkura horiek bakanduz joan ziren desagertu arte. 1999an, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxearen laguntzarekin eta Luis Echegaray tarteko, euskal erakunde bat sortzeko nahia berpiztu zen herrian. Proiektua gauzatzetik gero eta hurbilago daude gaur Gral. Las Herasen eta laster Zuzendaritza Batzordea osatzeko eta instituzioaren egoera formalizatzeko deia plazaratuko dute.
Gehiago irakurri...
2011/03/31

Kaliforniako Vernon herrian dagoen La Villa Basque jatetxeak aldatu gabe mantentzen du sortu zuteneko 60ko hamarkadako dekorazioa. 1960ean sortu zuen euskaldunen ondorengoa den Leonis Malburg-ek eta arbasoen omenez jarri zion izena. Sinatra gustura legoke La Villa Basqueko aretoetan, diote batzuk, eta Mad Men telebista saio ezagunak atal bat grabatu zuen bertan. Baina desagertzeko zorian dago dena, jatetxearen jabe berriek aldatu egin nahi baitute. Los Angeles Conservancy elkartea horren aurka ari da borrokan. Los Angeles Times egunkariak gaiari buruz plazaratu duen artikulu bat itzuli eta laburtzen dugu, jarraian.
Gehiago irakurri...
2011/03/30

Bruselan izan zen iragan asteburuan Bernardo Atxaga, nazioarteko sona handiko zenbait idazlerekin batera Passa Porta literatura jaialdian parte hartzaile. Atxagak hitzaldia eman zuen igandean La Monnaie antzokian, hiriburu europarreko Cervantes Institutuko zuzendariak aurkeztu zuen ekitaldian. Asteasuarra 'Zazpi etxe Frantzian' eleberriari buruz solastu zen, besteak beste. Hitzaldia Etxepare Euskal Institutuak eta Cervantes Institutuak 2011ko urtarrilean sinatu zuten lankidetza hitzarmenaren barruan sustatu dute.
Gehiago irakurri...
2011/03/30

Euskal Herritik propio etorritako hainbat erakundetako ordezkari eta izen handiko pertsonek hartu zuten parte 1981. urtean Necochea hirian egin zen Euskal Aste Nazionalean. Jai berezi hura ospatu zenetik hogeita hamar urte pasa ondoren, joera berarekin ekingo diote aurten ere 2011ko Euskal Astearen antolakuntzari euskal etxeko kide eta lagunek. Euskal diaspora eta Euskal Herriko ehunka ordezkari bilduko dituen jai honen informazioa zabaltzeko, Aste Nazionalaren identifikatzaile izango den logoa erabakitzeko lehiaketa jarri du abian etxe antolatzaileak. Lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da, irabazleak 2000 pesoko saria jasoko du eta sari-ematea Euskal Asteko azken bazkarian gauzatuko da.
Gehiago irakurri...
2011/03/30

Euskal Etxeetako ikasleen euskara-mailak egiaztatzeko gaitasun-proben deialdi berezia egin du aurten HABEk eta espainiar estatuko euskal elkarteetako ikasleak Madrilera eta Bartzelonara deitu ditu azterketa egiteko. 1go, 2. eta 3. mailako azterketak egingo dira eta orotara 40 bat ikasle aurkeztuko dira. Bartzelonako azterketa idatzia maiatzaren 14ean izango da eta Madrilgoa maiatzaren 21ean. "Euskal Herrian egiten diren azterketak bezalakoak izango dira, eskakizun berdinekin, eta gainditzen dituztenak Euskal Herriko euskaltegietan ari diren ikasleen maila bera egiaztatuko dute", azaldu dio EuskalKultura.com-i HABEko Kinku Zinkunegik.
Gehiago irakurri...
2011/03/30

Horacio Echevarrieta euskal industrialariari buruzko 'El último magnate' izenburuko dokumentala aurkeztu zen atzo Malagako Zinemaldian. "1920ko hamarkadan hasitako isilpeko azpijokoa dakar gogora lanak, espioitza, azpikeria politikoa, isilpeko armen ekoizpena edo orduan munduko itsaspekorik onena zenaren eraikuntza uztartuz", diote Sincro ekoiztetxetik. Izan ere filma Donostiako Sincro ekoiztetxeak egin du, Malagako MLK produktorearekin batera, eta ETBren eta Canal Sur TVren partaidetzarekin, Eusko Jaurlaritzak, Andaluziako Juntak eta Espainiako ICAAk lagunduta. Zuzendaritza lana eta gidoia ere euskal-andaluziarra izan da, buruak José Antonio Hergueta eta Donostian bizi den Olivier van der Zee holandarra izanik.
Gehiago irakurri...
2011/03/29

Euskal Literaturari buruz ariko dira bihar Birmingham-eko Unibertsitatean, Larry Trask ohorezko euskaltzainaren omenez antolatutako jardunaldian. Unibertsitate ingelesak eta Etxepare Institutuak lankidetzan antolatu dute ekitaldia, euskara gaietan aditua zen Robert Lawrence Trask hizkuntzalari estatubatuarraren izena eta lana goraipatzeko. Hizlariak Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutuko Euskara zuzendaria, eta Amaia Gabantxo, East Anglia Unibertsitateko kidea, izango dira.
Gehiago irakurri...
2011/03/29

Ikasturte hasieran gaude Argentinan eta proposamen anitz eskainiko dizkio aurten ere Buenos Aires probintziako Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak herriko komunitateari, tartean, euskara, dantza eta pilota klaseak, liburutegi zerbitzua, eta etxeko abesbatzako partaide izateko aukera. Ohiko ekintza hauetaz gain, erakundeko Zuzendaritza Batzordeak Biltzar Orokorrerako deia luzatu du. Aldi berean, eta Tandildik hurbil dauden euskal etxeetako gazteak elkartzeko asmoz, maiatzaren 14an Dantzarien Topaketa iragarri dute. Jai honetan parte hartzeko gonbite irekia ere plazaratu dute Gure Etxea-ko lagunek.
Gehiago irakurri...