euskal diaspora eta kultura

2011/07/15
'Infernuko hauspoa' du izena Korrontzi folk taldeak eta Villabonako Oinkari dantza taldeak gaurtik aurrera Europan zehar egingo duten biran aurkeztuko duten ikuskizuna. Ez dago dantzatzen ez den musikarik; eta ideia hori buruan, Korrontzikoek euren kantuei pausuak jartzeko gonbitea egin zieten dantzari gipuzkoarrei. Emaitza DVD moduan plazaratu dute eta gaurtik aurrera Italian, Kroazian eta Frantzian aurkezten ari dira.
2011/07/15
Zuberoako Maule hiriburua, Larrain mendia, eta inguruetako herriak izango dira datozen hiru asteetan 'Xora' filmaren grabaketaren lekuko, hortxe gauzatuko baita zubereraz egingo den lehenengo filma. Peio Cachenaut gaztea da zuzendaria eta Jef Goihenexpe eta Ttittika Rekalt aktoreak protagonista. Ekimena auzolanaren indarrez ari da gauzatzen Zuberoako Hebentik kultur elkartea, eta Iparraldean zein Hegoaldean laguntza ordainezina eman diote Aldudarrak bideo elkarteak eta Baleuko ekoiztetxeak.
2011/07/14
Maiatzaren erdialdera Tandilgo Gure Etxea-n burututako ikastaroari jarraipena emate aldera, 2011ko bigarren dantza tailerra egin zen Cordoba probintziako Villa Mariako Euzko Etxea-n. FEVAk antolaturik, bi eguneko ikastaroa eman zieten Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko koordinatzaileek Arrecifes, Cordoba, Macachin, Mendoza, Rio Cuarto, Rosario eta Villa Mercedes-etik propio bidaiatutako gazteei. Testuinguru horretan, Cesar Arrondok Euskal Herriko kulturari buruzko hitzaldi bat eskaini zien euskal etxeetako ordezkari gazteei. Aurtengo hirugarren eta azken tailerra, Chascomus-en izango da, urriaren 1 eta 2an.
2011/07/14
Aurrera darrai Estatu Batuetan udako euskal festa eta jaien egitarauak eta uztail honetako Elkoko (Nevada) Euskal Elkartearen eta Chinoko (Kalifornia) Southern California Eskualdun Klubaren urteroko hitzordu nagusien ondotik, Gooding-eko (Idaho) euskal elkartearenari heldu zaio txanda. Datorren igandean, uztailaren 17an, Gooding-eko euskaldunek herriko euskal jaia ospatuko dute Konderriko azoka-lekuan. Musika, emanaldiak, janaria, dantzak, txingak eta harri-jasotze txapelketak izango dira, festa giro bizia lagun, bertaratu nahi duen ororentzat.
2011/07/14
2011/07/14
Iragan ekainaren 20tik 25era jokatu zen Challenge France 2011 pilota txapelketa Trois Pistoleseko 'Parc de l'Aventure Basque en Amerique' gunean. Lehiak "lurralde frankofonoetako zenbait talde bildu zituen: Saint Pierre et Miquelon, Reunion, Provence-Alpes-Cote d'Azur, Kanada eta Kaledonia Berria". Provence-ko ordezkariak izan ziren garaileak, finalean Reunion irlako taldea gainditu ostean. Pascal Righettik, talde irabazlearen atzelariak, txapelketako jokalari onenari Plaza Gizon saria jaso zuen.
2011/07/13
Duela bi urte eskas jaio zen Izatez Harro euskal etxe argentinarra Mar Chiquita partiduko Coronel Vidal Herrian eta oso denbora laburrean pauso handiak eman ditu. Buenos Aires probintziako eskualde honetan ez dauden hainbat zerbitzu eskuratzeko helburu aurrerakoiarekin, handituz joan da euskaldun taldeak bere komunitateari luzatu dion eskaintza. Lan hori egin ahal izateko langileak behar direnez, pozek beteta banatu dituzte euskal etxeko arduradunek hogeita hamar bazkide agiri berri joan den hilean. Ehungarrena, Tatiana Pelizzari Aguirre neskatoarentzat izan da, euskal etxeko kide gazteenarentzat.
2011/07/13
Naoki Wada sukaldaria eta Shigeo Oyama somelierra dira Tokyoko Abasque jatetxearen buruak eta, harrigarria badirudi ere, euskal sukaldaritza petoa da kartak eskaintzen duena. Wadak lau urte eman zituen Donibane Garazin lanean eta euskal produktuekin eta errezetekin liluratuta bueltatu zen etxera. Orain, Abasqueko sukaldetik, Ezpeletako biperren zaporearekin eta astiro astiro eginiko gisatuen magiarekin ari da Tokyon lekua egiten. The Japan Times egunkarian Robbie Swinnerton kazetariak Abasque-i buruz eginiko artikulutik atera dugu informazioa.
2011/07/13
Maizpide barnetegian, urtero gertatzen den bezala, munduko zenbait herrialdetako ikasleak ari dira biltzen, euskara ikastaro trinkoa egiteko asmoz. Etxepare Institutuak lagunduta, Maizpidetik pasako dira nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakurlegoak egiten ari diren 16 ikasle. Lehendabiziko txanda uztailaren 4an hasi eta datorren larunbatean bukatuko da. Hiru ikasle ari dira bertan parte hartzen. Bigarren txanda hilaren 18tik 29ra izango da eta 13 lagun etorriko dira. Guk bertan direnekin hitz egin dugu esperientziari buruz.
2011/07/13
"Running of the bullshitters" deitzen diote eta joan den larunbat gauean egin zuten Kaliforniako San Frantziskon. Ingelesezko hitzok ez daukate itzulpen errazik, baina nolabait azaltzearren esan dezagun hitz-joko bat direla 'zezenen entzierroa' (bull hitzak zezena nahi du esan) eta 'esajeratu, gezurti, istorio-asmatzaile edo blablablazaleen entzierroa'ren artean (hori guztia esan nahi baitu bullshitter hitzak). 1996tik jende talde batek gisa berezi honetan ospatzen ditu Sanferminak San Frantziskon, bi hankako sei 'adardun' taberna batetik besterako bidean atzetik puxaka. Iruñean egiazko festa pil-pilean ari dela, Kaliforniatik beste hau asmatu dute, nostalgiaz seguruenik, nafar hitzorduarekin nolabait bat egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus