euskal diaspora eta kultura

2011/10/26
Euskara eta euskal kulturaren alde egiten duen lana dela eta saria merezi duen Diasporako talde edo erakunderen bat ezagutzen duzu? Oraintxe duzu aukera lan horren berri eman eta eskertzeko: aurkez ezazu proposamena aurtengo ENE sarietara. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari honek Diasporan euskararen alde lanean ari diren taldeak aintzat hartzea du helburu eta hautagaiak aurkeztea libre da. Horretarako nahikoa da delako elkartearen merituen laburpen bat bidaltzea, e-mailez, EuskoSare erakundera. Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 25ean itxiko da eta saridunaren izena Eusko Ikaskuntzak sortu zuen Euskararen Nazioarteko Egunaren baitan jakinaraziko da, abenduaren 3an.
2011/10/26
Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritza bere gain hartu zuenean, Hego Amerikako lurralde hauetan zeuden euskal etxe guztiak banan-bana bisitatuko zituela agindu zuen Elvira Kortajarenak. Eusko Jaurlaritza eta euskal etxeen arteko harremanak sendotzeko helburuz finkatutako asmo hori ez da erraza izan baina milaka kilometro egin ondoren, Lakuako Gobernuaren ordezkariak bere bisiten egitaraua bukatu zuen urriaren lehenengo astean. Argentinako Rio Cuartoko Gure Ametza eta Gral. Rocako Gure Etxea izan ziren bi urte pasexe hartu dituen biraren azkeneko bi bisitak.
2011/10/25
Bizkaiko Elizaren Histori Artxiboa pozik agertu da hilaren 13tik 15era Idahora egindako bidaiarekin eta bertan egin ziren genealogi lantegien emaitzarekin. Homedalen eta Boisen egin ziren bi lantegietan BEHAko teknikariek artxibategi honen webgunean informazioa nola bilatu eta agirien kopia elektronikoak nola eskatu azaldu zuten. "Lantegietan tarteka 'oh!' eta 'ah!' entzuten genuen, jendeak datu berriak aurkitu ahala", azaldu dio EuskalKultura.com-i BEHAko Cristina Castillok. Orain, artxibategiko arduradunak lantegi hauek beste euskal etxe baztuetara eramateko prest agertu dira, Diasporako euskaldunek webgune honek eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzen ikas dezaten.
2011/10/25
Euskal Herriko eta Argentinako bertoko ohiturak batzen zituen ekitaldia antolatzeko helburuarekin jaio zen duela hiru urte festa hau. Ondo jatearen arteak tradizio handia du Pirinio zein Panpako herrietan eta horregatik seguruenik, Trenque Lauquen herriko Euskal Sustraiak Euskal Etxeak proposatutako gonbiteak paregabeko harrera izan zuen komunitatean. Aurreko edizioek zabaldutako bideari jarraituz, aurtengo elkarretaratzean ere bost mila bat lagun bildu ziren etxeko janari on eta kalitate handiko ikuskizunaz gozatzeko. III. Urdaiazpiko Jaian zozketak ere egin ziren eta euren egunean, loreak banatu zituzten amen artean etxeko dantzariek.
2011/10/24
Euskara klaseak abiatzekoak dira Paueko 'Lagunt eta Maita' euskal etxean, baina elkarteak irakasle bakarra du momentuz eta beste bi lagun beharko lituzke ikastaroan izena eman duen taldeari taxuz irakasteko. Berrogei lagunek osatzen dute ikasle talde hori eta Paueko elkarteak eutsi egin nahi dio kopuru ederrari. Hori dela eta elkartea astelehenero bi orduko klasea emateko prest dauden bi irakasleren bila ari da eta biziki eskertuko luke inguruetako euskaldunen baten engaiamendua. Klaseak ordaindu egingo dira eta ez da beharrezkoa esperientzia izatea, HABEk trebakuntzan lagunduko baitu.
2011/10/24
Buenos Aires probintziako Necochea hiria izango da aurten herrialde osoko eta kanpoko euskal erakundeetako ordezkarien bilgunea. Izan ere, bertoko euskal etxeak hartu du bere gain 2011 honen Euskal Aste Nazionala antolatzeko ardura. Oso gutxi falta da Argentinako jai handiena hasteko eta Euzko Etxea-ko kideek behin betiko egitaraua eman dute aditzera. Hona hemen programa, egin dizkioten azken aldaketak gehituta.
2011/10/24
2011/10/21
Bartzelonako Euskal Etxeak kartel bikaina bildu du aurten ere EH Sona! musika jaialdirako eta urriaren 29tik abenduaren 15a bitartean euskal kantari eta talde sorta polita ekarriko du kataluniar hiriburura. Hainbat estilo jorratuko ditu jaialdiak eta gaur egungo euskal musikaren ikuspegi zabala eskainiko du. Horrela, Zea Mays eta Athom Rumba rockeroak, Mikel Markez eta Erramun Martikorena kantariak, Kepa Junkera trikitilaria edo Oreka TX txalapartariak ariko dira, besteak beste, jaialdian.
2011/10/21
Hiru eguneko festa bizi izan zuten Entre Rios probintzia argentinarreko Concepcion del Uruguay-ko herritarrek. Udal Kultura Zuzendaritzak eta Kolektibitateek antolaturik, kultur anitzeko gune bihurtu zen jaia irailaren 23tik 25era luzatu zen. Etorkinen omenean, erakusketa batez, eta janari tipiko zein dantzaldiez gozatu ahal izan ziren bertara hurbildutako lagunek. Euskaldunak ere izan ziren festaren protagonistak. 'Ibai Txori' euskal etxeko kideen eskutik, Euskal Herriko irudi, zapore eta dantzek bat egin zuten beste hainbat herrialdetako kultur adierazpenekin.
2011/10/21
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus