2011/08/09

1943an euskal etxearen oinarriak jarri zituztenek eta geroztik sortzaile haiek egindako lana jarraitu zutenek omenaldia eta esker ona jaso dute pasa den uztailean Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxearen urtebetetzea kari. Duela 68 urte landatutako hazia gero eta sendoago dago eta indar hori etxeko dantzari, pilotari, muslari eta euskaltzale bakoitzean ikus daiteke. Mar del Plata hirian eta inguruko herrietan euskaldunen kultura zabaltzeko helburuarekin jaio zen erakundeak zazpi hamarkada daramatza ia bere asmoa betetzen eta irmo eusten dio asmo horri datozen urteei begira.
Gehiago irakurri...
2011/08/09

Datorren astelehenean, abuztuaren 10ean, bukatuko da FEVAk Buenos Aires probintzia hego-mendebaldeko Bahia Blanca herrian abuztuaren 20 eta 21ean bere baitango euskal etxeetako kideentzat antolatutako Buruzagi Formakuntzarako Tailerrean izena emateko epea. Euskal Etxe bakoitzak bi partaide bidal ditzake, eta bertara joateko bidaia baino ez du ordaindu behar izango. Euskal Etxeen kudeaketa eta administrazio lanak izango dira tailerreko hizpide.
Gehiago irakurri...
2011/08/08

Aurrera doaz Cordoba hiriburuan Gerora Elkarteko kideen jardunak. Aurrera baitarrai Euskal Herriko kultura hedatzeko daukaten borondate eta gurariak. Helburu horrekin, euskaldunen herrira hurbiltzeko anitz bide irekitzen ari dira Gerorako gazteak, eta bide horietan barrena "bidaia polit bat egitera gonbidatzen" dituzte "interesa duten lagun guztiak". Argentinan neguko oporrak bukatuta, joan den asteburuan berriro jarri dira martxan elkarteko ikastaro guztiak. Horretaz gain, abuztu eta irailean zehar Euskara eta Euskal Literaturari buruzko mintegi bat emango du Elba Mocoroa irakasleak.
Gehiago irakurri...
2011/08/08

"Laino batek goibeldu du Pehuajo-ko Euskal Etxea": honelaxe adierazten zuten Buenos Aires probintzia argentinarreko herri honetako euskal elkartetik bertako bazkide zaharrenetakoa zen eta Euskal Herrian jaiotako bakarretakoa zen Pepita Arana Uribe-Etxeberriaren heriotzak ekarri duen tristura eta kolpea. Uztailaren 19an gertatu zen, asteartez, eta hilabete inguru bestetik ez zen Euskal Etxeak omenaldia egin ziola 'Bazkidearen Egunean'. 1950ean Gipuzkoako Ezkio-Itsasotik Argentinara etorria, euskal ikurretako bat zen Pehuajon, eta familia euskal-argentinar bateko buru, lagun askoduna eta guztiek maitatua. Euskal sustrai sakonak lur argentinarrean errotuak zeuzkan eta gustura kantatzen zituen Gernikako Arbola, Aberri Egunean, esaterako, edota Caminito tango ezaguna. Goian Bego.
Gehiago irakurri...
2011/08/08

Pozik daude Sao Paulo-Itapeviko Eusko-Brasildar Etxean Sao Paulo Unibertsitatean antolatu duten lehenengo euskara ikastaroak lortu duen arrakastarekin. Izan ere, joan den asteazkenean, abuztuaren 3an, Oskar Goitia irakasle emaniko lehenengo saioak baikor utzi ditu erabat, partaide kopuruaren aldetik zein gazte talde honek agertu duen interesagatik. Abuztuan eta irailean garatuko da Hegoameriketako handienetakoa den goi-eskola honetan ematen den aurreneko euskara ikastaldia den hau.
Gehiago irakurri...
2011/08/08

Patxi Lopez lehendakariak Estatu Batu ekialdeko Texas, Pennsylvania, Washington DC, New York eta Boston hiri eta estatuak bisitatuko ditu datorren urriaren 13tik 21era bitartean Euskal Autonomi Erkidegoko enpresari, ordezkari ekonomiko eta politiko eta Jaurlaritza bertako kideek osatutako ordezkaritza zabal bateko buru gisa egingo duen ostera ofizialean. Programak, harrera-ekitaldiak aurreikusten ditu Washington eta New Yorken dauden euskal eta espainiar komunitateei, Jaurlaritzak zabaldu duen prentsa ohar batek adierazi duenez.
Gehiago irakurri...
2011/08/05

Atzokoan irabazi egin zuen Cordoban. Bukatzear dago uztailaren 30ean hasitako Argentinako bira, baina etxera bueltatu aurretik, Euskadiko Saskibaloi Selekzioa saiatuko da Argentinako taldea indartsuren kontra. Azken egun hauetan bi partidu jokatu dituzte dagoeneko jokalari euskaldunek: iragan igandean, Chaco probintziako hiriburuan, ezin izan zuten bertako taldearen kontra. Atzo, berriz, Cordoba hirian, erraz irabazi zuen Pablo Lasoren taldeak, 75-59. Birako azkena, Salta hirian izango da, etzi arratsaldeko 6etan --ordu argentinarra, gaueko 11ak direnean Euskadin-- eta Argentinan zein Euskadin zuzenean ikusi ahal izango da telebistaz, EiTB, Canal Vasco eta TyC kateetan.
Gehiago irakurri...
2011/08/05

Euskal-amerikar 'kabalkada' edo desfilearen erdian utzi genuen Buffaloko NABO 2011ko ekitaldiez egiten ari garen argazki eta bideo kronika. Irudi horietan kabalkada abiatua zen Buffaloko kale nagusia alderik alde ibiltzeko. Gaurkoan --klik egin bideoetan plazer baduzu-- argi ikusiko dugu zertan den, euskaraz 'kabalkada' eta ingelesez 'parade' deitzen duten desfilea. Karrokanpoak (euskal artzainen mendietako bizitoki izan ziren horiek) protagonista, Buffaloko euskal familia bakoitzak harro erakusten du Euskal Herritik etorri zen heien ahaidearen karrokanpoa. Buffalon gertatutakoari buruz bildu dugun sail honetako hirugarren artikulua da hau (III).
Gehiago irakurri...
2011/08/05

Tamainaz txikia eta erakunde gisa gaztea da eta antolatze bidean dabil Coronel Moldes-eko euskal etxea, baina handia eta sendoa da, ostera, bere kideek Euskal Herriko kultura ezagutu eta zabaltzeko duten asmo eta xedea. Helburu horrekin osatu zen elkartea, eta helburu horrekin lan egiten dute bertako euskaldunek egunez egun. Eta ez daude bakarrik proiektuan. Herriko beste kolektibitateak eta inguruko hirietako euskal etxeetako kideak euren lagun dira burutzen dituzten ekimenetan. Halaxe gertatu da berriz ere joan den igandean, uztailaren 31an, Gure Zainak-ek gauzatu duen San Inazio eguneko bazkarian.
Gehiago irakurri...
2011/08/04

Pasa den mendean, saioaldi batzuk egin ziren Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras herrian euskal etxe bat sortzeko. Urte askotako eginahalek euren fruituak eman dituzte eta gauden 2011 honetan Zazpirak Bat euskal etxeak bere lehenengo zuzendaritza batzordea hautatu du. Batzordea osatu bezain laster, Luis Echegaray lehendakari duen taldeak lanari ekin eta ekintza batzuk antolatu zituen euskal kultura Las Heras eskualdean aurkezteko. Gipuzkoa eta Bizkaiko patroiaren eguna ere ospatu dute Gral. Las Heras-eko euskaldunek, hitzaldi bat, elizkizunak eta dantza erakusketa bat eskainiz.
Gehiago irakurri...