euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Beñat Fuentes musikari euskaldunaren 'The tree' diskoa astebetez izan da lehenengoa Asian

2011/09/15

Beñat Fuentes eta bere lagun Xujun-ek osatzen dute 'The Tree' Berez Mungian (Bizkaia) jaioa eta duela hiru urtedanik Txinan bizi dena, Beñat Fuentesek Xujun bere lagun ekialdetarrarekin sortu zuen 'The tree' taldea, eta orain, taldearen izena bera daraman piezarekin astebetez izan da lehenengo postuan Txinako musika-ataririk handiena den Xiami.com-en. Horren eraginez, asiar erraldoiko zenbait hiri bisitatu ditu egin ahal izan duen kontzertu-bira batean. Bere kantu gehienak ingelesez dira, eta batzuetan tarteren bat txineraz edo euskaraz sartu izan du. Arantza Rodriguezen artikulua Deian.

Gehiago irakurri...


Dena prest Quebec-en Euskaldunak-en elkartearen 15. urteurrena eta NABO bilkura ospatzeko bihartik goiti

2011/09/15

Euskaldunak elkartearen 15. urteurreneko afitxa Jai handia prestatu du asteburu honetarako Quebec-eko Euskaldunak elkarteak, bere sorreraren 15. urteurrena ospatzen duela eta. Ekitaldi honekin batera ardura handia hartu du elkarteak bere gain, eta larunbatean Ipar Amerikako Euskal Etxeen bilkura egingo dute Montrealen, quebectarrek antolatuta. Bilkura hau AEBetatik kanpo egiten den lehen aldia izango da eta euskal etxeetatik andana bat ordezkari etorriko dira Quebec-era. Bilera egiteaz gain, Euskaldunak-eko lagunekin bat egin eta urteurrena ospatu eta gozatu ahal izango dute.

Gehiago irakurri...


Ondarearen Egunak ospatuko dituzte asteburuan Bordeleko Euskal Etxean: musika, erakusketa eta tailerrak

2011/09/15

Ekaineko 'Musikaren Besta' jaian Bordelen kalejira egin zuten elkarteko dantzari eta musikariek (argazkia BordeleEE) Bihar bertan hasi eta igandea bitartean Bordeleko hiriak ospatuko dituen Ondarearen Egunetan parte hartuko du Eskualdunen Biltzarra euskal elkarteak. Egitarau zabala prestatu dute horretarako Bordeleko euskaldunek, musika ardatz izango duen programa batekin. Ostiralean euskal musikaren historiari buruzko hitzaldia emango du Christian Lapreriek, eta gai berari buruzko argazki erakusketa zabalduko da. Larunbatean txalaparta tailer irekia eskainiko du elkarteak eta asteburu osoan euskara, dantza, kantu eta mus lantegiak egin ahalko dira euskal etxearen standean.

Gehiago irakurri...


Maria Julia Ercorecaren omenez dantzatu zuten Puerto Madryngo gazteek Immigrantearen Egunean

2011/09/15

'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek ohorezko Aurreskua dantzatu zuten Immigrante Eguneko jaian Maria Julia Ercoreca gogoan Hilabete bat pasatu da Maria Julia Ercoreca joan zitzaigunetik, eta Argentinako euskal gizataldean berak utzitako hutsuneak handia segitzen du; ezaugarri zeukan izpiritu alai kutsakorrak ere bizirik dirau, ordea, eta, bere irri baikor eta kuraia-emailea gogoan, omenaldi txiki bat egin diote bere dantzariek, Puerto Madryngo 'Etorritakoengatik' Euskal Etxeko gazteek, irailaren 3an Immigrante Eguneko jaiaren barruan. Hainbeste dantzari zaletu eta trebatu zituen irakasle maitakor honi omenaldi berezi bat egingo dio azaroaren 7an Gizatalde Euskal-Argentinarrak, oraingoan Necocheako Euskal Aste Nazionalaren baitan.

Gehiago irakurri...


Villa Mercedesko EEak Zuzendaritza Batzordea berritu du; Juan Ignacio Esnaola Rouan, lehendakari

2011/09/14

Villa Mercedesko Euskal Etxeko aurreko Zuzendaritza Batzordea San Luis probintzia argentinarrean, Villa Mercedesko Euskal Etxeak Zuzendaritza Batzordea berritu du, Juan Ignacio Esnaola Rouan hautaturik lehendakari. Batzordekide izango ditu, besteak beste, José Lorea y Encaje, lehendakariorde; 'Daisy' Graciela Verónica Cabeytu, idazkari; Mariano Lorenzo Rouan, diruzain; eta Nadia Bolinaga, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxeak Mikel Markezen kontzertuarekin ekingo dio ikasturteari, udako jaien ostean

2011/09/14

Mikel Markez kantariak irailaren 24ean emango duen kontzertuaren afitxa (argazkia LondonEE) Mikel Markez kantaria Londresen izango da irailaren 24ean, bere kantu berriak aurkezteko. Iaz ere hemen izan zen musikari errenteriarra, Euskal Etxeak gonbidatuta, eta emanaldiak izan zuen arrakastaren ostean, bisita berriaren irrikan dira Londresko euskaldunak. Kontzertu honekin abiaraziko du elkarteak ikasturte berria, baina ez pentsa udaran geldirik egon direnik. Udako jaiez gain, uztailean euskara ikasleek 1go Mintzapraktika egin zuten Whitstable herrian, eta egun pasa ederraren kronikatxoa eta argazkiak jarri dituzte sarean.

Gehiago irakurri...


Euskal eta argentinar dantzek bat egin zuten General Rodriguezko Euskal Etxearen XII. urtemugaren jaian

2011/09/14

Irailaren 4ean ospatutako euskal etxearen urtebetetzean, Eusko Aterpea-ko dantzariek beren koreografiak oparitu zizkioten publikoari (argazkia EE) Azken mende honetan ehundik gora euskal etxe sortu dira Argentinan, bakoitza bere historia, ezaugarri eta nortasunarekin, aniztasunean biziz euskal argentinarra izateko esperientzia, baina helburu bera amankomunean: Euskal Herriaren kultura ezagutu, maitatu, hedatu eta aldarrikatzea. Buenos Aires probintziako Gral. Rodriguez herrian, Eusko Aterpea erakundeak hartu zuen, duela 12 urte, xede horiek betetzeko ardura. 1999an sortu zenetik bildutako eskarmentuagatik, eta geroztik aurre egindako erronka, arrakasta eta oztopoak gainditzeko aukerengatik egin dute topa Rodriguez-eko euskal lagunek irailaren 4an, non eta pixkanaka eta ahalegin handiz goititzen eta eraikitzen ari diren EEaren egoitzan.

Gehiago irakurri...


Valparaisoko Eusko Etxeak Txileko Emprebask elkarteko ordezkariekin bilera egin zuen

2011/09/14

Emprebask-Chile eta Eusko Etxea-ko ordezkariak bileraren ostean (argazkia ValparaisoEE) Txileko euskal enpresarien elkarteak, Emprebask-Chilek, eta Valparaisoko Eusko Etxeak bilkura egin zuten iragan abuztuan, euskal etxearen egoitza berrian. Bilera hau bi elkarteen arteko harremanak estutzeko abiapuntu bikaina izan zen eta elkarlanean aritzeko ekimen eta ideiak aztertu zituzten bateko eta besteko ordezkariek. Aurkeztutako proposamen horien artean Eusko Etxea-ko presidente Archibaldo Uriartek, elkarteko eta euskal komunitateko gazteei lan merkatuan sartzeko laguntza ematea aipatu zuen.

Gehiago irakurri...


2011ko Euskal Argentinar Astearen egitaraua eman da aditzera, Azaroaren 7tik 13ra Necochean

2011/09/13

2011eko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren logoa: azaroaren 7tik 13ra Necochean Necocheako Euzko Etxeak adierazi berria du aurten Buenos Aires probintzia kostaldeko hiri horretan azaroaren 7tik 13ra garatuko den Euskal Argentinar Aste Nazionalaren behin-behineko egitaraua. Bi hilabete baizik ez dira geratzen Argentinako euskal jai eta elkarretaratze handiena den honetarako eta nahi duenak prest dauzka baita ere voucher-ak, esan nahi baita hotelak eta aste horretarako ekitaldi, saio, bazkari eta erromeria guztietarako sarrera eta erreserbak Euzko Etxearen bidez modu bateratuan egiteko aukera.

Gehiago irakurri...


Emozioz beteriko eguna bizi izan zuten Eugi-Zubiriko topaketara bildu ziren 700 artzain 'amerikanoek'

2011/09/13

Zubiriko Polikiroldegian egin zen bazkariaren une bat (argazkia F.Goñi) Iragan larunbatean Eugi eta Zubiri herrietan 700 bat lagun bildu ziren, Ameriketan lanean ibili ziren artzainei omenaldi egunean. Ekitaldia zinez hunkigarria izan zen, aspaldi ikusi gabeko lagunekin elkartzeko aukera izan baitzen askorentzat, eta batek baino gehiagok malkotan bukatu zuen. Topaketaren antolatzaileek 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkartea sortu dute, egun honetan egiten den lanari jarraipena eman ahal izateko. Laura Igantzik, EAAeko presidenteak, elkartearen zenbait proiektu iragarri zituen: artzainen esperientziari buruzko ikerketa bat sustatzea eta AEBetara bidaia bat antolatzea.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia