2011/11/28

Gabonak iristeko hilabete falta bada ere, lagunei edo senitartekoei internet bidez opariren bat erosteko asmoa dutenentzat hauxe da une egokia. Aurreko urteetan egin bezala, euskal produktuak sarean saltzen dituzten webgune eta blog zerrenda bat eskaintzen dizuegu jarraian: batzuk Euskal Herrikoak, beste hainbat Diasporako euskaldunek sortuak. Euskal liburu eta diskoak eskuratzeko denda eta helbide pare bat ere gehitu ditugu, hala nola liburu elektronikoak eta euskal musika mp3ak zuzenean erosi eta jaisteko aukera ematen duten bi webgune berri.
Gehiago irakurri...
2011/11/25

Kasik mende laurden ibili dira Lagunt eta Maita euskal etxeko kideak egoitza egokiaren bila, baina lortu dute, azkenik: 300 metro kuadroko etxea eskuratu du elkarteak aurten, Paueko Buros etorbidean. Handia da etxea, halakoxea baita Lagunt eta Maitako bazkide taldea: 1967an sortu zen elkarteak 3.000 bat kide ditu. Bihar egingo dute Biarnoko euskaldunek egoitza berriaren estreinu ekitaldia, eta bertan izango dira, besteak beste, Julian Celaya, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria; Pantxoa Etchegoin, Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria; eta Martine Lignières-Cassou, Paueko auzapeza. Herria astekarian Peio Jorajuria lagunak argitaratu duen kronika jaso dugu jarraian.
Gehiago irakurri...
2011/11/25

Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak "@roma basco-euskara" izeneko kultur jaialdia antolatu dute Erroman. Datorren asteazkenean, azaroaren 30ean, abiatuko da ekimena, eta hiru asteburutan zehar luzatuko da, abenduaren 17a arte. Jaialdiaren baitan egingo diren ekitaldien artean, gastronomia (eta poesia) dastaketak; 'Bertsolari' filmearen emanaldia eta bertsolaritzari buruzko mahaingurua; eta Xabier Montoia, Mursego eta Ibon Rodriguez kantarien kontzertua izango dira.
Gehiago irakurri...
2011/11/25

Hasi dira jada standak prestatzen Durangoko Landako gunean, Euskal Disko eta Liburu Azokaren 46. edizioari hasiera emateko datorren abenduaren 4ean. Bost egunetan zehar Durango Euskal Herriko euskaltzaleen bilgune izango da eta bertan aurkeztuko dira euskal liburugintza eta musika arloko azken nobedadeak: orotara 313 liburu, 63 disko, 23 aldizkari, 9 bideo, 15 liburu elektroniko eta 11 bestelako argitalpen. Kanpoan direnek ere jarraitu ahal izango dute azoka, izan webgunearen bitartez, sare sozialetan edota 'Kulturize' izeneko telefono mugikorrentzako aplikazioaren bitartez.
Gehiago irakurri...
2011/11/25

Joan den urriaren 15 eta 16an burutu zen Chubut probintzia argentinarreko Puerto Madryn hirian Kultur Aniztasun Bilkuraren V. edizioa. Jaia bertoko 710 zenbakidun eskolako instalazioetan gauzatu zen eta hamar bat gizataldek hartu zuten parte. Jaio berria den 'Etorritakoengatik' euskal etxeko kideek, euskal kolektibitatearen ordezkari, presentzia handia izan zuten jaiaren gunean. Bi estand muntatzeaz gain, dantzariek euren koreografiak aurkeztu zituzten.
Gehiago irakurri...
2011/11/24

Anaigazteak dantza konpainiak sortu duen 'Bodarin' ikusgarria erantzun ezinhobea ari da jasotzen, flamenkoa eta euskal dantza lotzen dituen apustu ausartari esker. Cristian Larralde dantzariak eta Maiana Coronado flamenko koreografoak zuzendua, ikusgarri honetan euskal dantzarien eta 'bailaore'en arteko sedukzio jolasa sortzen da; sorginkeria, bideo-emanaldi eta lapurtar Maskarada artean. Heldu den larunbatean Bordelen aurkeztuko dute, Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxearen eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2011/11/24

Atzera Euskal Herrian dira Siroka taldeko kideak, iragan asteburuan Italiako Udine hirian izan ziren Liet International jaialdian parte hartu ondoren. Europako hizkuntza gutxituen kantu jaialdia da Liet eta aurten Frisia herrialdeko Janna Eijer kantariak irabazi du. Euskaldunek bosgarren postua lortu zuten, 'Hi vascofona!' kantuarekin. Publikoaren saria, aldiz, The Coffeshock Company rap eta hip hop taldeak eskuratu zuen. Euskal Herriko Kantuzale Elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan zuen Sirokak bidaia egiteko.
Gehiago irakurri...
2011/11/24

Bi urte pasatu dira Macachingo Euskal Etxeak Euzko Alkartasuna hotelaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik. Garaiak ez dira errazak izan baina erakundeko batzorde berriko kideen ahaleginak euren fruituak ematen ari dira jadanik. Joan den azaroaren 18an, probintziako eta herriko agintariak eta Argentinako hainbat euskal etxetako kideak bertaratu ziren Macachinera hotelaren inaugurazioan egotera. Kontzesiodun berria hautatuta eta berritze lanak bukatu bezain laster, hotelak bere ateak irekiko dizkio berriro komunitateari. “Gauza txiki batzuk egin behar dira oraindik, baina oro har gutxi falta da. Asmoa da urte amaieran martxan jartzea”, adierazi diote Euzko Alkartasunatik EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...
2011/11/23

Mariasun Landa idazleak jaso du aurten Dabilen Elea saria, literatura arloan egindako ibilbide oparoagatik. Saria, bere lana aintzat hartzea izateaz gain, euskal haur eta gazte literaturari errekonozimendua ere badela dio Landak, "duela 30 urte pentsaezina zen zerbait". Orduan hasi zen Landa haurrentzako liburuak idazten, bere ikasleek euskarazko ipuinik ez zutela ikusi zuenean, EuskalKultura.com-i aitortu dionez. Bidean, haur literaturaren edertasuna deskubritu omen du, eta berarekin batera munduko milaka irakurlek ere, bere liburuak gaztelaniara, katalanera, galegora, ingelesera, errusierara, bretoierara, arabierara, alemanera, grekerara, albanierara, koreerara... itzuliak izan baitira.
Gehiago irakurri...
2011/11/23

Euskara eta euskal kulturari buruzko tailerra egiten dute Argentinan urte osoan zehar Euskal Echea Institutuko ikasleek. Tailerrean ikusi eta ikasitako guztia eskolaren urte amaierako festan erakusten diete neska-mutilek euren guraso eta senideei eta hezkuntza komunitateari oro har. Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea-ko 2011ko Euskal Jaia, azaroaren 19an burutu zen, bi funtziotan, egoitzako Jai Alai aretoan. 'Euskal Herrian zehar' lelopean, zazpi lurraldeetako dantzak egin zituzten Institutuko ikasleek.
Gehiago irakurri...