euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna egunero ospatzeko apustuarekin egin zuten jaia Boisen, New Yorken eta Montrealen

2011/12/13

Boiseko Txantxagorriak taldearen emanaldia Idahoko hiriburuko 2011ko Euskararen Nazioarteko Egunaren jaian (argazkia IKortazar) AEBetako eta Quebec-eko euskal komunitateek gogo biziz ospatu dute aurten ere Euskararen Eguna, Boisen, New Yorken eta Montrealen egindako ekitaldiekin. Gero eta gehiago dira herrialde hauetako euskal etxeetan euskara ikastean ari direnak eta, euskal etxeetako gainerako bazkideekin batera, euskara egun bakarrean ez ezik, egunero ospatzeko eta zaintzeko apustua egina dute. Jaia oso alaia izan zen hiru hiri hauetan: Boisen euskal karaokea egin zuten; New Yorken poesia irakurraldia eta euskal gabon kanta tailerra; eta Montrealen bertsolaritza lantegia.

Gehiago irakurri...


Segitzen dute Argentinako euskal etxeetan Euskararen Eguneko eta urtea bururatzeko ekitaldi eta festek

2011/12/13

Rosarion, Gernika Plazan ospatu zuten euskaldunek Euskararen Nazioarteko Eguna (argazkia EE) Mota ugaritako ekimenak egin dira Argentinako euskal etxe askotan abenduaren lehenengo bi asteotan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu eta 2011ko ekitaldi egitaraua ixteko. Dantzak, sukaldaritza, kirolak, euskara… urtean zehar garatutako ekintzen erakustaldiekin agurtu dute euskal argentinarrek badoan urteari. Euskararen Egunari buruzko bigarren artikulu honetan, Buenos Airesko Laurak Bat, José C. Paz-eko Toki Eder, Villegasko Euskaldunak, Olavarriako Gure Etxe Maitia, San Migelgo Askatasunaren Bidea, Concordiako Ibaiko Izarra, Mendozako Denak Bat eta Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeetatik heldu zaizkigun berrien laburpena.

Gehiago irakurri...


Valenciako Eusko Etxearen Gabon Afaria eta aste honetako Pilota Txapelketa Nazionala Caracasen

2011/12/12

Valenciako Euskal Etxean egin zen Gabon Afaria (argazkia CaraboboEE) Gabonetako ospakizunak eta kirola izan dira egunotan Venezuelako euskal etxeetan nagusi. Carabobo-Valenciako Euskal Etxeak abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, ospatu zuen bere urteroko Gabon Jaia, elkartearen egoitzan egin zen afari jendetsuarekin. Eguneko izarrak euskal etxeko txikiak izan ziren, gabon kanta emanaldi ederra eskaini zuten eta. Joan den larunbatetik, berriz, kirola ari da izaten protagonista Caracaseko Eusko Etxean, bertako frontoietan ari direlako ospatzen Venezuelako XVIII. Joku Nazionaletako pilota partidak.

Gehiago irakurri...


Urteurren afaria eta Arte Tailerraren erakusketa urte azkeneko ekitaldien artean Saltoko (Uruguai) EEan

2011/12/12

Immigrantearen Eguneko jaian parte hartu zuten Saltoko Euskal Etxeko kide batzuk (argazkia Saltoko Euskaldunen Taldea) Saltoko euskal etxe uruguaitarrak ekimenez beteriko 2011 urteari agur esan dio abendu honen lehenengo larunbatean, afari batekin. Elkarteak bere sorreraren 19. urteurrena ospatu du aurten eta bizi bizi dirau, azken hilabeteetan egin dituen ekimen andana ikusirik: berriki, arte tailerreko ikasturte bukaera ospatu zuten, erakusketa eginez, Immigrantearen jaian parte hartu berri dute eta azaroaren erdialdera egin zen Euskal Gaua arrakasta itzela izan da aurten ere. Ekimen horien guztien berri ematen du elkarteak bere blogean; bertatik bildu ditugu argazki hauek.

Gehiago irakurri...


'Basque Country: Cultura & Cuisine' mugikorrentzako aplikazioa euskara eta gaztelerara itzuli nahi dute

2011/12/09

Aplikazioaren irudi bat Mark Ayling kaliforniarra Euskal Herriko kultura eta gastronomiarekin maite mindu zen Donostian irakasle izan zenean eta telefono mugikorrentzako gida aplikazio bat sortu du amerikar bidaiariei Euskal Herria ezagutzen eta gozatzen laguntzeko. “The Basque Country: Cuisine and Culture” izena du gidak eta Ayling-ek EuskalKultura.com-i azaldu dionez jatorriz ingelesez idatzitako gida gaztelaniara eta, ondoren, euskarara itzultzeko asmoa du. Horrez gain lehenengo edizio honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa besterik biltzen ez dituenez, hurrengoetan Nafarroa eta Iparraldea ere sartu nahi dituela aurreratu du. Ayling-ek azaltzen duenez bere asmoa "Espainia eta Frantziako gidetan tarte txiki batean agertzea baino gehiago merezi duen" herriari buruzko ezagutza zabaltzea da.

Gehiago irakurri...


'Euskaldunak Denak Bat' Euskal Etxearen 90. urteurrena Arrecifesen, Argentinar Errepublikan

2011/12/09

Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat'en eta 'Eusko Kultur Etxea'ren egoitza, herriko Lamadrid kalean (argazkia EuskalKultura.com) Aste gutxi dira Argentinako Arrecifes-en, bertako euskal elkarteak, 1921ko azaroaren 20an 'elkarri laguntzeko elkarte' gisa sortu zen 'Euskaldunak Denak Bat'ek, 90 urte bete dituela. Buenos Aires probintzian kokatzen den euskal erakunde honetako partaide den Juan Lucio Agotegaray-k lerro batzuk idatzi eta igorri dizkigu bere bigarren etxea den honen aipatu efemeridea gogora ekartzeko. Nafarroa eta Xiberoko euskaldunen ondorengoa da egilea, bere izaera eta jatorria azkar bizi dituena Arrecifesko euskal etxearen magalean.

Gehiago irakurri...


Bi stand eta dantza ikuskizuna Nafar Etxeko gazteen eskutik 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' jaialdian

2011/12/08

Nafar Etxeko dantzariak 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' jaialdian (argazkia NE) Buenos Aires hiriburuko Udala deitzaile eta babesle, eta Espainiako Elkarteen Federazioak antolaturik gauzatu da joan den asteburuan Buenos Aireseko Mayo Etorbidean 'Buenos Airesek Espainia ospatzen du' erakustaldia, abenduaren 3an, eguerdiko 12tik iluntzeko 6ak arte. Buenos Airesko Nafar Etxeko gazteek euren gain hartu zuten jaialdian parte hartzeko konpromisoa eta bi stand ezarri zituzten bisitariek Nafarroako kultura hurbilagotik ezagut zezaten. Horretaz gain, lau koreografia aurkeztu zituzten dantzariek Mayo Etorbideko agertoki nagusian, guztia Nafarroan bertan Nafarroaren Eguna ospatzen ari ziren egun berean.

Gehiago irakurri...


Bihar hasiko da Euskal Koreografoen Berlingo 2. Jaialdia: dantza, poesia eta dokumentalak

2011/12/08

Berlingo Euskal Koreografoen 2. Jaialdiaren afitxa Dena prest da Berlinen bihar hasiko den Euskal Koreografoen 2. Jaialdirako. Asteburuan zehar Euskal Herriko dantzari eta dantza konpainien azken proposamenak izango dira ikusgai Alemaniako hiriburuan; baina jaialdia hori baino gehiago izango da: poesia ere izango da, Itxaro Borda eta Edorta Jimenezekin; eta zinemak ere bere tartea izango du, 'Apaizak obeto' eta 'Modernist Basque surfing' dokumentalen emanaldiarekin. Mikel Aristegui dantzari donostiarra da jaialdiaren antolatzaileetako bat eta Berlingo Euskal Etxeak ere laguntzen du ekitaldia.

Gehiago irakurri...


Asteburuan jokatuko dira Bilboko Bizkaia Frontoian IV. Nazioarteko Euskal Pilota Txapelketaren finalak

2011/12/08

Txapelketan parte hartzen ari diren pilotarien talde argazkia (argazkia MPB) Iragan asteburuan, abenduaren 2an, abiatu zen Bilbon IV. Nazioarteko Euskal Pilota Txapelketa eta bertan ari dira lehian astean zehar Argentina, Uruguai, Venezuela, Mexiko, Txile, AEB, Australia eta Euskal Herriko pilotari onenetariko batzuk. Txapelketa frontoian eta trinketean jokatzen da eta jokamoldeak honakoak dira: frontoian Eskuz banaka Irekia, Nesken gomazko paleta eta Pala motza Irekia; trinketean, berriz, Eskuz binaka Irekia, Mutil gomazko paleta eta Larruzko Paleta. Munduko Pilota Batzarraren webgunean segi daitezke orain arteko emaitza guztiak.

Gehiago irakurri...


Olentzero zibernetikoa bihurtu da: jokoak, kantak eta gutuna idazteko helbidea webgune hauetan eskuragarri

2011/12/07

Lagundu Olentzerori opariak banatzen Eitb.com-en webgunean Orain urte batzuk heldu zen internet mundura Olentzero eta gaur egun sareak ikazkin mitikoari buruzko hainbat webgune eta baliabide eskaintzen ditu. Etxeko txikiekin ikusmiratu eta Gabonetako pertsonaia tipiko honekin jolasteko aukera ematen duten guneen zerrenda bat osatu dugu. Gabonetako oporretan egiteko hainbat jolas eta denborapasa daude bertan: gutuna idatzi, postalak bidali, eskulanak egin, gabon-kantak ikasi, joko animatuetan Olentzerori opariak banatzen lagundu... Sartu eta hasi Gabonetarako prestatzen!

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia