2011/12/16

Erromako euskal komunitateak italiar hiriburuko biztanleak harritzen darrai, elkartearen marka diren proposamen koloretsu eta orijinalekin. Berriena "@roma basco-euskara" izeneko jaialdia izan da, asteburu honetan bertan bukatuko dela. Azaro hondarrean abiatu zen ekimenak euskal, italiar eta nazioarteko sortzaile, artista eta sukaldarien topagune bihurtu du Erroma, fusio zirraragarriak sortuz: pintxoak eta bertsolaritza, estatubatuar kantariak eta euskaraz kantatzen duten talde erromatarrak, bertsolariak eta italiar poetak... Larunbatean kontzertu eta itxiera jaiarekin bukatuko da jaialdia: taulagainean ariko dira Xabier Montoia poeta eta kantaria, Mursego txelista eibartarra, Ibon Rodriguez musikaria eta Banda Jorona talde erromatarra.
Gehiago irakurri...
2011/12/16

Datorren abenduaren 21ean Euskal Herriko hainbat lekutan Santo Tomas eguna ospatuko da, eta Donostia eta Bilbo bezalako hirietan milaka lagunek baserritar arropak jantziko dituzte eta azokara joango dira txistorra pintxo edo talo tipikoa dastatzeko. Jaia Diasporako zenbait komunitatera ere helduko da aurten, hala nola Bartzelona, Madril... eta New York. Sagar Handiko jaia bihar bertan egingo da, euskal etxean, eta bertan izango da ere Olentzero, elkarteko txikientzako opariekin.
Gehiago irakurri...
2011/12/15

Eusko Jaurlaritzak atzoko buletinean (EHAA-BOPV) argitaratu zuen 2012. urteari dagokion Euskal Gizatalde eta Etxeen eremuan pertsonak espezializatzeko bekak arautzeko dekretua, 24 hilabeteko eperako eskaintza egiten duena, languneak euskal gobernuaren egoitzak direlarik, Gasteizen (2 beka), Argentinan (1) eta Estatu Batuetan (1). Euskal Autonomi Erkidegoko herritarrak eta onartuta dauden Euskal Etxeetako kideak aurkez daitezke. Eskabideak aurkezteko epea 2012ko urtarrilaren 16 izango da.
Gehiago irakurri...
2011/12/15

2006an, hiriburu argentinarreko San Jose Eskolako kaperan, eskuz idatzitako izen gabeko partitura bat aurkitu zuen Enrique Godoy organogile eta konpontzaileak. Zegozkion ikerketak egin ondoren, obra J. B. Abbadie apaiz, konpositore eta organistarena zela ohartu zen Godoy. Pieza 1862 eta 1908 urte bitartekoa dela ondorioztatu zuen eta dokumentuari lotutako misterio batzuk dirauten arren, Ana Paula Segurola organo-jotzaileari eta Euskal Echea Institutuari esker, bi kontzertutan entzun ahal izan da Buenos Aires hirian abenduaren 6an eta 13an. Ekimenak Argentinako Kultura Idazkaritza Nazionalaren babesa eta Jose Luis Castiñeira Arte Zuzendariaren laguntza izan du.
Gehiago irakurri...
2011/12/15

'Euskaldunak ozeanoari begira' izan da bukatu berria den Euskal Koreografoen II. Jaialdiaren gaia, eta itsasoaren gomuta Berlinera ekartzea lortu dute jaialdian parte hartu duten artistek, dantza, musika, literatura eta bertsolaritzaren bitartez. Zazpi dantza konpainiek arlo honetan Euskal Herrian egiten den artea erakutsi dute; are gehiago, bertso eta olerkiekin uztartuz ikuskizun zinez bereziak sortu dituzte taulagainean. Horren adibide Mikel Aristegui koreografoak zuzenduriko 'Bertsolari/dantzari' saioa: bertsolariak botatzen zuen bertsoari bapatean pausoak jarri zizkioten dantzariek. Arrakasta kari, datorren urtean Londresen antzeko jaialdia egingo dela iragarri du Aristeguik.
Gehiago irakurri...
2011/12/15

Poloniako bi unibertsitate bisitatu dituzte azken asteotan Patxi Zubizarreta eta Manu Lopez Gaseni idazleek, Euskal Herrian egiten den haur eta gazte literaturaren berri emanez. Azaroaren 28an Gnieznoko unibertsitatean izan ziren, eta abenduaren 1ean eta 2an Poznanen, bertan Euskara eta Euskal Kultura irakurle den Amaia Dones irakasleak gonbidatuta. Hitzaldiez gain errezitaldi bat ere eman zuten, Poznango euskara ikasleentzat.
Gehiago irakurri...
2011/12/14

Orain dela urte bete, 2010eko azaroan, jaio zen ofizialki Belgikako hiriburuan Bruselako Euskal Etxea. Euskal elkarte berriak bazkide talde txikia du momentuz, baina dagoeneko abian jarri ditu bere lehenengo ekimenak: euskara ikastaroak, mintzapraktikak eta Txalaparta korala tartean. Epe laburrari begira elkarteak Eusko Jaurlaritzaren erregistro ofizialean onartua izatea espero du, eta beste ekimenen artean, euskal dantza taldea eta pilota ikastaroa antolatu nahi ditu.
Gehiago irakurri...
2011/12/14

'Que par che' antzerki konpainia 2008an jaio zen, Maite Guevara euskaldunaren eta Mariano Di Franco argentinarraren eskutik. Antzezlan eta pedagogia nahasten ditu bikoteak bere ikuskizun eta tailerretan, eta proposamen honekin Euskal Herri bertako, Espainiako eta Argentinako antzoki zirkuituetan aritu da urte hauetan. Joan den urrian, eta Eusko Jaurlaritzak Bira Kulturalak egiteko eskaintzen duen diru-laguntzak medio, Argentinara bueltatu ziren gazteak, Buenos Aires probintziako bederatzi euskal etxetan “Los Pardos” eta “Soltarlo al aire” antzezlanak eta Barreterapia eta Clown tailerrak aurkeztera. “Biraren balantzea ona baino hobea da. Euskal etxeetako jendea ez ezik, ikuskizunak ikustera edo tailerretan parte hartzera hurbildu diren lagun guztiak ere oso pozik agertu dira gure lanarekin”, adierazi dio Maite Guevarak EuskalKultura.com-i, ibilbidea bukatzean.
Gehiago irakurri...
2011/12/14

Datorren maiatzaren 27an Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen aldeko jaia, egingo da Trapagaranen, Itxaropena ikastolak antolatuta. Egun hori kari prestatzen ari diren ekimenen artean ikastolak jaialdiaren abestia aukeratzeko lehiaketa antolatu du, mundu osoko taldeei eta kantariei irekia. Baldintza bakarrak abestia euskaraz izatea eta testuan 'ibilaldia' eta 'ikastola' hitzak agertzea dira. Abestiak bidaltzeko epea urtarrilaren 12an itxiko da eta epaimahaiak aukeratzen dituen bost abestien artean internet bidezko herri bozketa batekin erabakiko da irabazlea. Bestalde, Bergaratik Amodiozko Gutunen XX. Lehiaketaren berri bidali digu Jardun elkarteak.
Gehiago irakurri...
2011/12/13

Asteburuan jokatu dira Bilbon Nazioarteko IV. Pilota Txapelketaren finalak, joko on eta markagailu estuekin. Orohar, euskal selekzioak maila oso ona erakutsi du, eta aipamen berezia merezi dute txapelketako ezustekoa eman duten taldeek: Larrruzko Paletan argentinarrak izan dira irabazle eta Gomazkoan mexikarrak eskuratu dute txapela. Emakumezkoen atalean euskaldunek maixutasuna erakutsi dute; eta baita ere eskuz Waltari kubatar izarrak eta Larrazabal bere euskaldun lagun finak. Txapelketaren balioespena ona da eta antolatzaileen esanetan "jendeak harmailak bete egin ditu eta zenbait naziotako garaileak atera dira txapela buruan".
Gehiago irakurri...