2012/07/04

Talde bizkaitarrak Madrilen daukan peña edo lagunarterik handiena da, eta hain zuzen ere datorren ostiralean bertan egingo du hiriburu espainiarrean Bazkideen Urteroko Batzarra, eta ondoren senidetasun afaria. Baina Madrilgo Euskal Etxea Athletic-en Peñak zabaldu berria du webgune instituzionala eta bertatik, eta Facebook eta Twitter-eko kontuetatik segi daiteke aurrerantzean talde txurigorriaren eta Madrilgo bere jarraitzaileen berri, eskaintzen dituen beste zenbait tresna ere tartean.
Gehiago irakurri...
2012/07/04

Joan den astelehenean bukatu da Misiones probintzia argentinarrean, bertako hiriburu Posadas-en azken asteotan garatu den Euskal Zinema Zikloa, hiriko Euskal Jatorri Euskal Etxeak Posadas Liburutegi Herrikoiarekin batera antolatua, izan ere "Liburutegiko arduradunek eskuzabalki onartu baitzuten ekimena euren lokalean egin ahal izatea, posadastarrei kultur aukera honetarako ateak zabalduz", euskal etxetik beretik EuskalKultura.com-i adierazi zaionez. Azken lau asteotan astero gauzatu dira emanaldiak eta batez beste berrogeita hamar bat pertsona bildu dituzte saio bakoitzeko.
Gehiago irakurri...
2012/07/04

Aurrerapauso handia eman zuen iaz Buenos Aires probintziako Gral. Las Heras-eko Zazpirak Bat euskal etxeak. Izan ere, Luis Echegaray lehendakariaren eskutik, 2011ean hasi zen erakundea erregulartasun batez euskal jai jakin batzuk ospatzen, hala nola, Aberri Eguna, San Inazio edo San Juan, batzuk aipatzearren. Ekintzak komunitate osoari begira antolatzen dira eta herriko euskaldunek ez ezik, gertu dauden euskal etxeetako ordezkariek ere hartzen dute parte. Honen adibide, ekainaren 30ean burututako San Juan eta San Pedroren omenezko jaia. Larunbat arratsaldean, Cañuelas, Navarro, Marcos Paz eta Gral. Rodriguez-eko lagunek bat egin zuten Gral. Las Herasekoekin panpinaren erretzea ikusi eta afariaz gozatzeko.
Gehiago irakurri...
2012/07/03

Viña del Mar-ko Udalaren, bertako Ondare Unitatearen eta herriko Eusko Etxea elkartearen eskutik bihar zabalduko da Bosgarren Erregio txiletarreko hiri honetan 'Euskadi, la tierra de nuestros antepasados-Gure arbasoen lurra' erakusketa, euskal jatorriko zortzi artista txiletarren margo eta zizelketa lanak biltzen dituen erakusketa, gai amankomuna Euskal Herriarekiko oroitzapena edo irudi gogoan gordea daukatela, obra hauetara gauzatua. Viña del Mar-ko Wulff Gazteluan izango da zabalik uztailaren 4tik 22ra.
Gehiago irakurri...
2012/07/03

Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeei 2012an emango zaizkien dirulaguntzak zehazten dituen Ebazpena eman du argitara, ekintzak eta jarduerak (IV. kapitulua) eta azpiegiturak (VII. kapitulua) kontzeptuei dagokienean. 2012ko ekainaren 28ko Ebazpenak 934.667 euro banatzen ditu lehenengoan eta beste 300.000 euro bigarrenean. Hona onuradunen zerrenda, honela banatuta herrialdeka: Alemania (1), Argentina (34), Belgika (1), Kanada (2), Txile (3), Kolonbia (2), Espainia (7), Estatu Batuak (10), Frantzia (3), Mexiko (1), Paraguai (1), Peru (1), Erresuma Batua (1), Uruguai (6) eta Venezuela (2). Hauei, aurrekoetako batek edo batzuek dirulaguntzari uko egiten badiote osatutako ordezkoak gehitu behar zaizkie.
Gehiago irakurri...
2012/07/03

Iragan maiatzaren 29az geroztik, Kalakan talde euskalduna Madonna kantariaren nazioarteko MDNA World Tour biran ari da parte hartzen. Taldeko hiru partaideek txalaparta jo eta abestu egiten dute ikuskizunean eta Madonnak ere txapela jantzi eta euskaraz kantzatzen du abesti batean. Xan Errotabehere Kalakaneko kideak azaltzen duenez, taldea bira ari zen prestatzen Diasporako zenbait euskal etxetara Madonnaren deia jaso zuenean. Orain, estatubatuarraren birari esker munduan zehar ari dira euskal musika erakusten, baina abentura honen ostean, aurreko proiektuari berrekin eta euskal etxeetara bisita egiteko gogoa dutela aitortu diote EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...
2012/07/02

Aurretik ere EuskalKultura.com-ek iragarri duenez, urte berezia daukate aurtengoa La Pampa probintzia argentinarreko Santa Rosa hiriburuko Zelaiko Euskal Etxean, elkartea sortu zeneko 20 urteak ari baitira ospatzen zenbait ekitaldiz. Testuinguru horretan, ekainaren 15ean Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozkak egin zituen elkarteak, urtebete honetarako EEa gobernatuko duen batzordekide eta buruzagi izango direlarik, besteak beste, Angel Baraybar, lehendakari Luis Urretavizcaya, lehendakariorde; Sergio Daniel Lino Yurrita, idazkari; Diego Ariel Asin, idazkariorde; José Antonio Sarasola, diruzain; eta Delia Sansinanea, diruzainorde.
Gehiago irakurri...
2012/07/02

Pertsona ezaguna da Izaskun Kortazar bilbotarra Ipar Ameriketan euskara ikasten dutenen artean. Urte batzuk pasa dira NABOri euskara alorrean proposamen batzuk egin eta Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeak biltzen dituen federazioak euskara teknikari gisa onartu zuenetik, NABO barnean Martin Goikoetxea Wyoming-eko gorritiarra euskara 'chairman' edo arduradun daukan alor honetan. Horren aurretik, Boiseko Ikastolako andereño ere izan zen Izaskun, eta gaztelania eskolak ere eman izan ditu eta ematen ditu egun Boisen bertako batekin ezkonduta bizi den gazteak. Bilboko Correo egunkariak atzokoan berari egindako elkarrizketa eman zuen argitara eta guk hona ekarri dugu erreferentzia, nahi duenak irakurri ahal izan dezan.
Gehiago irakurri...
2012/07/02

Buenos Aires hiriburutik 200 bat kilometrora kokaturik, Las Flores herria Euskal Herritik etorritako hainbat immigranteren kokaleku bihurtu zen XIX. mende hondar eta XX.aren hasieran. Ez da harritzekoa, beraz, Argentinako kultura eta Euskal Herrikoa hain uztartuak ikustea bertako euskal etxeak proposatutako ekimenetan. Ekainaren 23an Loretako Euskaldunak-ekoek lagunek burutu zuten taberna, honen adibide bikaina da: Pampako folkloreak eta Piriniokoak bat egin zuten ‘Luz y Fuerza’ sindikatuaren aretoan. Festaren baitan, euskal etxeak ohorezko bazkide izendatu zituen Otilia eta Paulo Vidaurreta anai-arrebak, eurak utzitako etxea baita euskal erakundearen egoitza.
Gehiago irakurri...
2012/07/02

Urtero bezala Bordeleko Euskal Etxeak egitarau zabalarekin ospatu zuen ekainaren 21ean Musikaren Besta. Ohi den legez, Place des Basques enparantza izan zen bestaren gunea eta arratsalde eta gauean zehar elkarteko kideak, euskaltzaleak eta musikazale asko bildu ziren bertara. Musika eta dantzarekin hasi zen jaia, Etxeko Soinuak eta Bildu taldeko dantzarien erakustaldiarekin. Jarraian kantuan eta dantzan aritu ziren Biltzarra taldea eta Etxekoak korua ere. Gauari bukaera emateko rock kontzertua eskaini zuen Holako taldeak.
Gehiago irakurri...