2012/07/18

Hamaika ospakizun burutu dira azken egunotan Diasporako nafar eta euskal etxeetan eta erakunde argentinarrak ez dira salbuespen izan. Izan ere, uztailaren 6an hasita eta joan den igandera arte, San Fermin garaian lagun biltzaile diren bazkari, dantza emanaldi, mus txapelketa eta txupinazoak festen ardatza bihurtu ziren. Urtebete behar da itxaron orain zezenak beriiro ere kalera daitezen; baina bizi izandakoak lagunduko gaitu 2013ko Iruñeko txupinazoa berriro entzun arte. Hona hemen Rauch, Bahia Blanca, Tandil, La Plata eta Ayacuchoko euskal etxeetan baita Mar del Plata eta Buenos Aireseko Nafar Etxeetan ere egindako jaien laburpena.
Gehiago irakurri...
2012/07/17

EuskalKultura.com-ek atzo iragarritako oharrean jakinarazi zuen "Euskera para dummies" liburua zozketatuz uztailaren 31ean eta irailaren 5ean egingo diren saioetan parte hartzeko jarraipideak. Nolanahi ere, ikusiz dagoeneko iritsi zaizkigun parte hartzeko izen-emateetan akats ugari dagoela, jende askok bere izena bakarrik emanda edo daturen bat ahaztuz idatzi baitu, erabaki dugu berriz ere aipatzea zozketotan parte hartzeko eman behar diren pausoak. On egin eta zorte on!
Gehiago irakurri...
2012/07/17

Milaka lagun eta kolektibitate anitz bildu zituen uztailaren 9ko Cordobako desfileak, tartean gizatalde euskalduna Gure Txokoa euskal etxeko kideak ordezkari. Argentina bertako adierazpen kulturalez gain, ikurrinak eta euskal dantzak ere ikusi ahal izan zituzten probintziako hiriburuko herrigune berrira bertaratu ziren ikusleek. Joan den asteburuan, berriz, Nafarroako patroikidearen omenezko jaia burutu zuten Gure Txokoa-koek, paella eta guzti. Datozen aste eta hilabeteei begira, dantzari eguna eta San Inazio ospatuko dituzte cordobatarrek eta topaketak egingo dituzte, dantzariak Euskal Astera joateko dirua bil dezaten.
Gehiago irakurri...
2012/07/16
Editorial Para Dummies argitaletxeari esker, EuskalKultura.com-ek "Euskera para dummies" liburuaren bost ale zozketatuko ditu uztailaren 31ean eta irailaren 5ean. "Euskera para dummies" oinarrizko euskara eta euskarazko esaldi erabilgarriak ikasteko gida azkarra da gaztelania abiapuntu. Ez da berez hizkuntza ikasteko metodoa, baina irakurleek eguneroko egoeretan elkarrizketa sinpleak mantentzeko adina ikasiko dute. Liburua 2009an Frantzian argitaratu zen "Basque pour les nuls" (Euskara zozoentzat) lanaren itzulpena da. Jean Baptiste Cuyos euskaltzaina eta Jasone Salaberria izan ziren egileak. Ale bat nahi al duzu edo norbaiti oparitu? Lagun bat harpidetzea (aurretik bere onespena lortuz) eskatzen dizugu. Gure buletina jasotzea harentzat mesede, eta liburu bana lortzen baduzue, pagotxa osoa! Sartu zozketan!
Gehiago irakurri...
2012/07/16

Santiagoko Eusko Etxeko albisteak dakartzan Berriketari buletinak, elkartean azken hilabeteetan gertatutakoen berri dakar azken alean, tartean Euzko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako zuzendari Ainhoa Aldayk eta Giza Eskubideen zuzendari Jesus Lozak Txilera eta euskal etxera egindako bisita. Euzko Etxean izan zen baita ere Jose Mari Garate historialari donostiarra, eta Domingo Bonetxea getariarraren bizitzari --eta altxorrari-- buruz egiten ari den ikerketaren berri eman zuen. Gainera, Berriketarik hil honetako hitzordu nagusia gogorarazten die irakurleei: San Inazio jaia, aurten uztailaren 29an antolatua.
Gehiago irakurri...
2012/07/16

Loiolako San Inazio eguna dela eta, hiru eguneko Euskal Kultur jaia antolatu du Misiones probintziako Corpus Christiko Eusko Etxeak uztailaren azken astebururako. Bertoko eta kanpoko euskaldunak biltzeko asmoa duen festak egitaraua oparoa eskainiko du eta hiru egunetan zehar mota askotako ekintzak garatuko dira, tartean txangoak, herri kirolak, umeentzako jokoak, hitzaldiak, antzezlanak, eta dantza eta musika ikuskizunak. Jaia datorren asteko ostiralean hasiko da, gonbidatuen harrerarekin turismo etxetxoan –San Ignacio hiriko sarrerako arkuan- eta igandean, 29an, bukatuko da despedida bazkari bateekin. Jaia Probintziaren interesekoa izendatu dute Misioneseko agintariek.
Gehiago irakurri...
2012/07/16

Corpus Christi-ko Eusko Etxea-ko Atahualpa Yupanqui liburutegia bere aspaldiko amets bat beteko du datozen egunetan. Izan ere, ‘Liburutegia munduari begira’ proiektuaren baitan, ‘Kontaketa Harrigarriak’ izeneko lehenengo antologia aurkeztuko du uztailaren amaieran. Euskal erakundeak 2011ko literatur lehiaketako berrogeita hamabost ipuinek osatzen dute bilduma, testu harrigarriak eta pertsonaia tipikoei buruzko narrazioak barne. Aurkezpena San Inazio patroiaren omenezko kultur jaian izango da, uztailaren 27an, San Ignacio herrian. Ekitaldi berean 'IV. Kontaketa harrigarriak' lehiaketako sarien ematea ere gauzatuko da.
Gehiago irakurri...
2012/07/13

Datorren asteko astelehenetik ostiralera garatuko da Ziotza-Bolibarren 'Udako Unibertsitate Bolibartarra' 2012, astelehen goizeko estreinatze-ekitaldian bertako alkate Joxe S. Azpiazu, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkari bat eta Jose Maria Unzueta Unsain arituko direla, azken hau ekimena antolatu duen Bolivartiar Ikaskuntza Elkarteko presidente den heinean. Ekitaldiak euskaraz zein gaztelaniaz egingo dira, hizlariaren arabera, eta aztertuko diren gaien artean aipa daitezke ALBA, CELAC, irakaskuntza gaur, Akitania zaharra, software librea, Nafarroa eta baita ekonomia eta matematika gaiak ere. Itxaso Paia kazetariak jardungo du moderatzaile. Amaiera-ekitaldian Esteban Antxustegi EHUko irakaslea. Tomas Urzainqui historialaria eta Patxuko Abrisketa Bogotako Euskal Etxeko presidentea arituko dira, Azpiazu alkatearekin batera, iragarri dute antolatzaileek.
Gehiago irakurri...
2012/07/13

Asteburuan bukatuko dira Iruñean San Fermin jaiak, baina Diasporako euskal etxe askok iragan asteburuan ospatu zuten euren festa, batzuk "entzierro" eta guzti. Londresen, adibidez, aurten ere Estafeta izena jarri zioten euskal etxe inguruko kale bati, Iruñeko kale mitikoaren omenez. Mexikon eta Sydney-en ehun lagundik gora bildu ziren eta Venezuelako Carabobon ere jendetza bildu zen bazkariaren osteko bigantxen ikuskizunaz gozatzeko prest. Aurreko egunetan Argentinakoen berri eman ostean, honako artikulura munduko beste zenbait festa horietako argazki sorta eta bideo bat bildu dugu.
Gehiago irakurri...
2012/07/13

'Centro Vasco Argentino de Chascomús - Primera época (1952-1962)' liburua joan den ostiralean, San Fermin bezperan, aurkeztu zen Chascomus bertako ‘Domingo Faustino Sarmiento’ liburutegian, ehun bat lagunen aurrean. Obra Chascomuseko aurreneko euskal erakundearen 60. urteurrena ospatzen den urtean argitaratu da eta Cesar Arrondori zor zaio. Zingirako Euskaldunak-ek aukera baliatzen du gogoratzeko euskal etxearen proposamenek segitzen dutela zintzo demonio, eta hurrengoen artean aipatzen ditu Ikurrinaren Eguna, sukaldaritza ikastaroa, ‘Nafarroa 500 urte’ dokumentalaren emanaldia eta San Inazioren omenezko dantza ikuskizuna.
Gehiago irakurri...