euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean irakur daiteke Caracasko eta Caraboboko San Ferminen berri, Jazoera buletinaren azken alean

2012/07/23

Gazte asko ausartu ziren Caracaseko entzierroan parte hartzen, Triviño ganadutegiko bi zezenen aurrean korrika (argazkia Jazoera) Caracaseko Euzko Etxeak ekainean eta uztailean egin dituen jardueren berri ematen du Jazoera buletinaren azken alean. Bi hilabete oso biziak izan dira eta ekintza eta jai ugari egin dira bai Caracasen eta baita Caraboboko eta Puerto La Cruzeko euskal etxeetan ere. Amatxuen jaia, San Juanak, San Ferminak (zezen eta guzti)... horien guztien berri dakar Jazoerak, eta orain, gainera, sarean irakur daiteke, Caraboboko Euskal Etxearen webgunean.

Gehiago irakurri...


'Gernikako Arbola' izenarekin poesia lehiaketa jarri du abian Chivilcoy-ko Beti Aurrera euskal etxeak

2012/07/23

Chivilcoy-ko euskal etxeko ordezkariak uztailaren 9ko herriko ekimenetan (argazkiaEE) 'Gernikako Arbola' izeneko lehiaketan parte hartzera gonbidatu du Buenos Aires probintzian Chivilcoy-ko Beti Aurrera euskal etxea argentinarrak. Idazlanei dagokienez, poesia generokoak izan behar dira eta gaia, librea, Gernikako Bonbardaketarena barne. Lanak bidaltzeko epea abuztuaren 31an bukatuko da eta irabazleak 500 pesoko diru-saria jasoko du. Lehiaketaren berriaz gain, Beti Aurrera-ko lagunek jakinarazi digute joan den uztailaren 7an erakundearen urtemuga eta Sanferminak ospatu zituztela. Argentinako Independentziaren Eguneko herriko ekitaldietan ere altxatu zuten ikurrina Chivilcoy-ko euskal etxeko ordezkariek.

Gehiago irakurri...


Itsasoak Euskal Herrian izan duen eragina aztertzen du "Gu Itsasoa" erakusketak; ikus ezazu internetez

2012/07/20

Zeraingo Herri Museoan dago iraila arte erakusketa, baina arduradunek interneten ere jarri dituzte zenbait edukin Batel baten eraikuntza da "Gu Itsasoa"-ren abiapuntua eta, bertatik hasita, erakusketa honek itsasoak eta arrantzak Euskal Herri osoan --hala kostaldean zein barnekaldean-- izan duen eragina aztertzen du. Iraila bitartean Zeraingo Herri Musoean egongo da, baina gai honetan sakondu nahi duenarentzat erakusketari buruzko webgunea sareratu dute arduradunek, euskaraz eta gaztelaniaz. Euskal portuak, ontzigintza, ontziak egiteko erabiltzan zen zuraren industria, euskaldunen eragina munduan, itsasbideak, itsasgizon ospetsuak... gaiari buruzko ikuspuntu osatu eta berri hau internet bidez iker daiteke webgunean.

Gehiago irakurri...


Antzerkia, xakea, dantza eta irratsaioa dira Paranako Urrundik-eko egitaraua osatzen duten ekintzetako batzuk

2012/07/20

Paranako Urrundik euskal etxeak antolatutako ‘Jose J. Echeverria’ Xake Txapelketa (argazkiak EE) Beti 'euskal mamiari' eutsiz, adin eta interes guztietako jendearentzako proposamenak eskaintzen dizkio Entre Rios probintziako Paranako Urrundik euskal etxeak bere inguruko komunitateari. Komunitatean, gainera, oso harrera ona izaten dituzte euskal erakundeak luzatzen dituen gonbidapenek eta elkarteak antolatutako ekitaldiak oso jendetsuak suertatu ohi dira. Honen adibide on izan daitezke 'Jose J. Echeverria' Xake Txapelketa eta ‘Marta Stutz’ antzezlana bera. "Xake lehiaketan hirurogeitik gora jokalarik hartu zuten parte; eta gure antzerki taldearen azkeneko emanaldian antzokiko platea beteta zegoen”, adierazi digute Urrundik-eko arduradunek.

Gehiago irakurri...


Ismael Martinez de Alegriak lekukoa hartu dio Raul Onnainty-ri Villa Mariako EEko lehendakari gisa

2012/07/20

Lehendakari hautatu berria, Ismael Martinez de Alegria, eta orain artekoa, Raul Onnainty (argazkiaEE) Joan den asteazkenean, uztailaren 18an, egin du Urteroko Batzar Nagusia Villa Mariako Euzko Etxea euskal etxeak, Argentinako Cordoba probintzian, eta bilkuraren barruan elkarteko araudiak Zuzendaritza Batzordea aldatzeko markatzen dituen hauteskundeak gauzatu ditu, ondorioz Ismael Martinez de Alegria hautatu dutelarik lehendakari bertaratutako bazkideek Raul Onnainty-ri lekukoa harturik euskal etxeko buruzagitzan. Berarekin batera arituko dira batzordekide Juan Francisco Pagola, lehendakariorde; Darío Azumendi, idazkari; Gabriela Ugo Zugasti, idazkariorde; Jose Munarriz, diruzain; eta Angel Barrenechea, diruzainorde.

Gehiago irakurri...


Londresko Euskal Etxea euskara irakasle bila ari da 2012-2013 ikasturterako; bidali zure CVa

2012/07/19

Londresko euskara ikasleak iaz egin zuten mintzapraktika txango batean (argazkia LondonEE) London Basque Society Londreseko euskal elkarteak euskara irakasle bat behar du datorren ikasturterako eta postuan interesa dutenei CVa bidaltzeko gonbitea luzatzen die. Aukera polita izan daiteke Londresera bizitzera edo lan egitera joan nahi duten euskaldunentzat, adibidez. Aspaldidanik eskaintzen dira euskara klaseak Londresen eta elkarteak harreman estua du euskal hizkuntzarekin (Diasporan Korrika ospatzen hasi zen lehena izan zen, adibidez). Irakasleak astean lau ordu klase eman beharko ditu, irailean hasita eta ekaina arte. CVak bidaltzeko epea abuztuaren 14ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


Euskal Etxeak egoera larrian dituzten kideei laguntzeko dirulaguntzak ebatzi ditu Eusko Jaurlaritzak

2012/07/19

Larrialdiko dirulaguntzok egoera larrian dauden euskaldun eta euskal jatorrikoen artean banatzen dira. Iaz 85 norbanako eta familia izan ziren. Argazkian, laguntzen onuradunak dituen euskal etxeetako bat, Venezuelako Caracaseko Eusko Etxea. Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eta Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak jakitera eman dute euskal etxeetan asistentzia faltan eta egoera larrian dauden euskal gizataldeetako partaideentzako 2012ko dirulaguntzen onuradunen berri. Ebazpena datozen egunetan emango du argitara Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) eta orduantxe izango du izaera ofiziala eta abiatuko dira eta sartuko indarrean, markatzen diren nuerri eta baldintzak. Behin-behineko onuradunen zerrendak 62 norbanako eta familia biltzen ditu Argentinako 18 etxetakoak, Kolonbiako 2koak, Txileko 2koak, Uruguaiko 2koak eta Venezuelako beste bikoak.

Gehiago irakurri...


Ana Paula Segurolaren eskutik, abuztuan berrabiaraziko da Euskal Echea-ko Organo Kontzertu Zikloa

2012/07/19

Ana Paula Segurola organo-jotzailea Argentinako neguko oporren ostean, abuztuaren 10ean hain zuzen, eta hainbat musikariren lana bilduz, berriro ere ekingo zaio Buenos Airesko Euskal Echea Institutuko Organo Kontzertuaren 2012ko zikloari. Proposamena Ana Paula Segurola organo-jotzailearen eskutik dator eta kari horretara, kontzertuetako errepertorioaz eta oro har euskal musika klasikoari buruz mintzatu gara kontzertista eta irakaslearekin. “Euskal Echea elkarteak eta hemengo Udako Euskal Unibertsitateak aurrera daramaten proiektu honek musika klasikoa eta bereziki organoarena zabaltzeko paregabeko aukera ematen digute eta hori oso baliagarria da” adierazi dio EuskalKultura.com-i jardunbide handiko musikari engaiatu honek.

Gehiago irakurri...


Jose Mendiague Diasporako bertsolari handiari buruzko pastorala emango dute Arrokiagan uztailaren 29an

2012/07/18

Jose Mendiague pastoralaren afitxa Arrokiaga herrian 3.500 lagun espero dituzte hil honen hondarrean Jose Mendiague bertsolariari buruzko pastoralaren emanaldia ikusteko. Diasporan aski ezaguna da Mendiague (Aldude 1845), euskal kulturaren aldeko lan handia egin zuelako Ameriketan eta Hegoamerikako euskal etxeetan itzal handiko pertsonaia izatera iritsi zen. Bertsolari, olerkari eta euskaltzalea, Mendiague 18 urterekin Ameriketara joan eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen. Pastorala datorren uztailaren 29an aurkeztuko da eta bigarren emanaldi bat egingo da abuztuaren 5ean.

Gehiago irakurri...


Atzerrian kultur jarduerak egiteko laguntzak eskatzeko bigarren epea ireki du Etxeparek; iraila arte

2012/07/18

Etxepare Euskal Institutuaren logoa Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura kanpoan zabaltzeko aurtengo diru-laguntzen bigarren eta azken epea ireki zuen astelehenean. Laguntza hauek euskararen eremu geografikotik kanpo urtean zehar egin edo egingo diren jarduerak babestuko dituzte. Deialdi honetara aurkez daitezkeen jarduerak honakoak izango dira: arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta literatura. Eskabideak aurkezteko epea datorren irailaren 14ean itxiko da.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia