euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederra Necocheako Euzko Etxeak bultzatzen duen Hator Hona gazteen arteko programako saioetan

2012/07/27

Pandero tailerra: Hator Hona-ko partaideekin, Necocheako neska-mutilak hasi dira panderoaren sekretuak ezagutzen (argazkiaEE) Ekimenaren 9. edizioa uztailaren 13tik ari da martxan Necochean, euren ezagutzak eta euskal kulturaren lekukotasuna euren adinkide argentinarrekin partekatzera Euskal Herritik etorritako sei gazteen eskutik. Jo ta ke dabiltza Necocheako euskal etxean Lierni Zangitu Arroyo, Irati Urkiola Irigoien, Maitane Andueza Mujika, Junkal Lekuona Alberro, Nagore Lekuona Lopez de Robles eta Gaizka Garde Izquierdo, izan euskara eta dantza klaseak ematen, musika tailerrak edota kirolak erakutsi eta praktikatzen. Aurtengo nobedadeen artean ‘Txiki Eguna’ izeneko ospakizuna eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira antolatutako tailer bereziak aipa daitezke. gazte europarren Necocheako egonaldia abuztuaren 3ra arte luzatuko da eta euren azken agerraldia, 3an bertan izango da, aitona-amonen omenez egingo den jaian.

Gehiago irakurri...


Gaztemundu 2012: AEB, Argentina, Uruguai eta Kolonbiako 15 hautatutakoen izen-zerrenda

2012/07/26

Gaztemundu 2011ko lagunen talde argazkia lehendakariarekin eta Jaurlaritzako agintariekin, joan den azaroan Euskal Gizataldeen Mundu Batzarreko lehenengo egunean Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzak aditzera eman berri du 2012ko Gaztemundu programan parte hartuko duten lagunen izen-zerrenda. Gogora dezagun aurtengoan euskararen presentzia eta irakaskuntza izan dela hautatutako gaia eta parte hartuko dutenak euren euskal etxe eta federazioetan euskara irakasle izateko ardura daukaten pertsonak direla. Argentina (10), Estatu Batuak (2), Uruguai (2) eta Kolonbiatik (1) datoz eta irail hasieran hasiko dute euren egonaldia Euskal Herrian.

Gehiago irakurri...


Vancouverreko Zazpiak Bat elkarte kanadatarrak Euskal Asteburua egin zuen Merritt herrian

2012/07/26

Gustura ibili ziren Zazpiak Bateko bazkideak Merritt-en, San Juanak ospatzeko irrikan (argazkia VancouverEE) Urtero legez Vancouverreko Zazpiak Bat elkarteak Euskal Asteburua egin zuen iragan ekain hondarrean, eta elkarteko bazkide asko animatu ziren Merritt herrirako txangoa egitera. Ekainaren 22tik 24ra bitarteko asteburua pasa zuten Vancouverreko euskaldunek Merritten eta San Juan gaua tartean zenez, jai hau ospatzeko sua egin zuten larunbatean. Horrez gain, elkartearen Mus Txapelketa ere jokatu zen eta haurrentzako zein nagusientzako ekitaldi ugari egin ziren. Jarraian, asteburuko argazki kronika.

Gehiago irakurri...


Nafarroako konkistaren 500 urteak, euskal-kataluniar harremana eta Chascomusko EEaren ekimen gehiago

2012/07/26

Asteartean, uztailaren 24ean, 500 urte bete ziren Gaztela eta Aragoiko tropak Iruñea setiatu eta biharamunean hiriaren erorketa lortu zutenetik duela 500 urte. Hori guztia aipagai hartu zuen irudian ikusten dugun Cesar Arrondoren hitzaldiak (argazkia EE) Chascomuseko euskal etxe argentinarrak UNLP Unibertsitateko Cesar Arrondo irakasleak emaniko hitzaldi batez gogoratu zuen joan den asteartean Iruñeko hiriaren setioa eta biharamunean hiria beraren erorketa, hain zuzen ere uztaileko egun horietan beretan duela bostehun urte gertatutako pasadizo historikoa eta Nafarroako Erresumaren konkista eta independentzia galtzea ekarriko zuena. Oroitze-ekitaldi hori testuinguru, Buenos Aires probintziako euskal etxeak "Navarra: la conquista" dokumentala eman zuen bere egoitzan eta, besteak beste, La Platako Kataluniako Etxeko presidentea, Carles Capdevila, gonbidatu zuen bertara, harekin opari-truke bat eginez. Bestalde, EEak urteroko Euskal Gaualdia iragarri du abuztuaren 4erako herriko Brazzola Udal Antzokian, San Inazio eguna ospatzeko.

Gehiago irakurri...


Etxetik etxerako bidaia: Betty eta Alberto Ospital euskal-argentinarrak Euskal Herrira heldu dira abuztuan

2012/07/26

Betty Paris eta Alberto Ospital Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarte eta euskaltegiko egoitza berrian (argazkia EuskalKultura.com) Zaila da ‘joatea’ edo ‘bueltatzea’ den jakitea. Nola asmatu bi herriak beren lekuak munduan baldin badira. Betty Paris eta Alberto Ospital Argentinan jaiok dira; baina euren gurasoak Euskal Herritik heldu ziren Ameriketara, bizitza hobearen bila. Euskal sentimentua transmititu zieten bezala, herrimina ere utzi zieten eta atxekimendua, eurena ere baden Pirineo magaletako munduari. Seguruenik horregatik Euskal Herrira bidaiatzea etxetik etxera joatea bezala da lagun hauentzat. Igandean abiatuko dira Betty eta Alberto, bidaia, gainera, Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak 2010ean egin zuen zozketan irabazita, laguntza-bonoak erosi zituztelako.

Gehiago irakurri...


Arantzazuko Amaren Kofradia berpiztu dute Liman, garaiz, fundadu zuteneko 400. urteurrena ospatzeko

2012/07/25

Limako Arantzazuko Andra Mariaren aldarea hiriburuko frantziskotarren elizan (argazkia EuskalKutura.com) Liman, bertan duela 400 urte sortu zen Arantzazuko Amaren Kofradia, hainbatentzat Diasporako euskal elkarterik zaharrena dena, berpiztu egin du sustatzaile talde batek, eta izaera ofiziala eman zion pasa den otsailaren 13an, bere eraketa-eskritura publikoa erregistratuz, beti ere aurten betetzen ari den laugarren mendeurrena gogoan eta hori ospatzeko ekitaldi sorta berezi bat antolatzen ari direla datorren azaroan gauzatzeko, ekimenen artean Gernikako Arbolaren kimu baten landaketa. Kofradia berrabiatzea egungo euskal etxe baten tankeran gauzatu nahi omen du talde eragileak, eta Limako Klub Nazionalean eginiko ekitaldira jatorriko euskalduneko zenbait enpresari bildu zituzten. Guztiaren asmoa, XVII. mendean jaio eta 1865ean gobernu perutarrak itxi eta ondasunak ongintza publikoari pasatu zizkion arte funtzionatu zuen Limako euskal erakunde hau behar bezala ohoratzea omen da, adierazi dute eragileek.

Gehiago irakurri...


San Inazio eguna ospatu nahi duzu? Hona hemen Argentinako hainbat euskal etxeren jai egitaraua

2012/07/25

Arrecifeseko dantzariak bertoko San Inazio jaian, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com) Jakina denez, leku berezia du Iñaki Deuna edo San Inazio jaiak Diasporako instituzio askoren egutegietan eta urtero bezala 2012 honetan ere ehunka gonbidatu bilduko dira euskal etxeetako aretoetan janari eta ardo onez bustitzeko asmoz. Erakunde batzuetan, proposamen bat baino gehiago gauzatuko dira, hala nola elizkizunak, dantza emanaldiak edo kontzertuak. Hitzorduak abuztuan zehar burutuko dira gehienbat, uztailaren 28an hasiz Necocheako Euzko Etxea-ren eskutik. Necocheaz gain, hona Buenos Aires, Chascomus, Arrecifes, La Plata, Villa Maria eta Comodoro Rivadaviako euskal etxeetatik heldu zaizkigun gonbidapenak. Jai, ordea, beste zenbait herrialdetako euskal etxeetan ere ospatuko da, tartean Uruguai, Txile, Espainia, Mexiko, Uruguai eta Venezuelan.

Gehiago irakurri...


Indianoak 2013: Quebec-eko eta Euskal Herriko traineru bat San Lorenzo ibaian gora joango da Montrealeraino

2012/07/24

2003an Ibaialdek San Lorenzo ibaian gora egin zuen espedizioko irudia (argazkia Ibaialde) Angeluko Ibaialde elkartea eta Quebec-eko Euskaldunak euskal etxea buruz-buru ari dira lanean Indianoak 2013 espedizioan. Urte bete barru, 2013ko ekainean, quebectarrek eta euskaldunek osaturiko traineru batek San Lorenzo ibaian gora 500 kilometroko bidaia egingo du, Trois Pistoles-etik Montrealeraino, XIV. mendeko baleazaleek bezala. Bidean hamabi geldialdi egingo dituzte eta horietan euskal kultura, musika eta gastronomi trukeak egingo dituzte quebectarrekin. Quebec-eko Euskal Etxeko presidente Adelaide Daraspek eman digu proiektuaren berri.

Gehiago irakurri...


Nafar Erresumaren konkistaren 5. mendeurrena oroigai Euskal Herrian eta Diasporan

2012/07/24

Arrakastaz antzeztu zen joan den ostiralean Baztango Amaiur-en 'Amaiur 2012, haien ametsa gurea da' lana, Nafarroako konkista gaitzat duena Pier-Pol Berzaitz idazle (argazkia Ondikol-Diario de Noticias) 500 urte beteko dira bihar Nafarroako Erresumari eraso eginez Gaztelako tropak Iruñea hartu zutenetik Nafarroako Erresumaren konkistari ekinez, erresuma nafarraren desagerketa izaki independente gisa ekarriko zuen erasoaldiaren barne. Orduan gertatutako gertakariak gogoan Nafarroan zein Diasporan zehar ekitaldiak antolatu dira egunotan eta urte osoan zehar, gertatutakoei ikusmolde ofizialistatik begiratuz edota ikuspuntu kritiko eta aldarrikakorretik so eginez, esan nahi ados Nafarroak geroztik egin duen ibilbidearekin edota kritikatuz orduango indar-ekitaldia eta independentzia nafarraren galera. Argentinatik, 'Navarra: la conquista' dokumentalaren emanaldia iragartzen dute gaur arratsalderako Chascomuseko Euskal Etxetik, Cesar Arrondok garai haren testuingurua eta ezaugarriak aipatuta.

Gehiago irakurri...


Argentinako Euskaltzaleak-eko bost ikasle Euskal Herrian: 'euskarak ate bat baino gehiago ireki dizkigu'

2012/07/24

Euskal Herrira egindako bidaia kontatu zuten Euskaltzaleak-eko lagunek (argazkiak Euskalkultura.com) Ezohiko 'topaketa' bat egin zuten joan den ostiralean Buenos Aireseko Euskaltzaleak elkarteko kideek. Argentinan ‘Lagunaren Eguna’ ospatzen zen eta bost lagunek hitzaldi bat eman zuten euskaltegiaren egoitzan. Ez ziren nolanahi aukeratutako boskotea, duela hamar bat urte Buenos Airesen euskara ikasten hasitako jendea baizik, ikaskideak izanda Euskal Herrira elkarrekin joatea erabaki zutenak. Behin egin zuten, duela bost urte, eta oraingoan, bigarrenez, joan den ekainaren 12an, Roberto Aguirre, Andres Jaunsolo, Sylvia Saenz, Carlos Saharrea eta Elsa Usandizaga euren arbasoen lurrerara abiatu ziren hiru asterako. Buenos Airesera bueltan euren bidaia kontatu zuten, "izugarri ona", eta euskarari egozten diote erruaren zati handi bat.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia