euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko bederatzi gazte Euskal Herrian dira egunotan, Gasteizko Olabide ikastolarekiko trukean

2012/08/02

Ikasle ipar amerikarrak Gasteizko Andra Mari plazan (argazkia Valentin Basañez/Foto Ikatz) Iragan uztailaren 19az geroztik Boiseko Bishop Kelly institutuko bederatzi neska-mutil Euskal Herrian dira, Olabide ikastolarekin egiten ari diren kultur truke bati esker. Eurekin da Cathy Clarkson irakaslea, Boiseko euskal komunitateko oso kide ezagun eta aktiboa. Egonaldian gazte estatubatuarrak euskal familiekin bizi dira, bertako bizitzan integraturik: Santiago egunean, adibidez, blusa jantzi zuten, milaka gasteiztarrek bezala. Aurretik, trukearen lehenengo zatian, uztailean, Olabideko bost gazte Boisen izan ziren Boisen gauza beretsua egiten.

Gehiago irakurri...


Miamiko EEak 30 bazkideetaraino heldu nahi du bere lokalarekin segitu ahal izateko; laguntza behar dute

2012/08/02

Joan den asteburuan Miamiko Txoko Alai Euskal Etxean 'Inazio gure patroi handia' kantatzen San Inazio festan (argazkiaEE) Egia esateko, antolatzen dituen hitzorduek --giro onez, ongi jatea apreziatuz eta landuz, eta euskal kultura eta ohiturekiko maitasunez-- askoz jende gehiago biltzen dute, baina ez dute lortzen jende kopuru minimoa beste urrats hori eman eta hilabetero 60 dolarreko kuota ordaintzeko, edo gutxiagokoa, aski jende kidetzen bada. Joan den asteburuan bertan Euskal Etxeak San Inazio ospatu zuen, bere egoitzan egindako bazkari eta festa eder batekin eta 'Inazio gure patroi handia' eta guzti kantatu zuten, elkarteko etengabeko animatzaile eta alma materra den Boni Guenechea gernikarrak hitzak banatuta. Miamin bizi bazara, etzazu zalantzarik izan, euskal etxeko kide izateak ekarri handia egiten baitio bertan bizi den edonori. Ez da zertan euskalduna izan beharrik, bai ordea euskaldunen edo euskal kulturaren lagun. Miamiko Euskal Etxeak behar zaitu!

Gehiago irakurri...


Limako Euskal Etxeko lehendakari izan zen Victor Ortuzarren alarguna eta semea Jaurlaritzan bisitari

2012/08/01

Asteleheneko bilera, ezker-eskuib Guillermo Echenique, Martha Perez Ortuzarren alarguna era Victor Ortuzar seme zaharrena, aitaren izen berekoa. Martha Perez eta Victor Ortuzar jr, iazko azaro hastapenean hil zen arte Lima-ko Euskal Etxeko lehendakari izan zen Victor Ortuzarren alarguna eta semea, Gasteizen Jaurlaritzan izan ziren joan den astelehenean eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeentzako Zuzendaritzako lantaldearekin bildu ziren Lehendakaritzan. Bisitari euskal perutarrek bi liburu jaso zituzten, Patxi Lopez lehendakariak dedikatuta, bat eurentzat eta bestea Limako Euskal Etxeko lagunentzat. Ama-semea euren senar eta aita zenaren errautsekin etorri dira Euskadira, Zierbenan aireratzeko, bertan hazia baitzen Limako Euskal Etxeko presidente ohia.

Gehiago irakurri...


Maitena Mugica eta Cecilia Lejarreta, Argentinako Tandil-ekoak jasoko dute 'Euskera para dummies' liburua

2012/08/01

Argentinako Tandilgo Maitena Mugica eta Cecilia Lejarreta lagunek jasoko dute datozen egunetan euren etxean 'Euskera para dummies' liburuaren ale bana. Zeu ere garaiz zabiltza irailaren 5eko zozketan parte hartzeko. Egizu aproba! Iritsi da 'Euskera para dummies' liburuaren lehenengo zozketa egiteko unea eta aurreneko bi liburu hauek Argentinako Tandilerako bidea hartuko dute, bertako bi harpidedun --bat lehenagotik lagun genuena, bestea berria-- izan baitira zorioneko, datozen egunetan liburuaren ale bana jasoko baitute Maitena Mugicak eta Cecilia Lejarretak. Zorionak biei. EuskalKultura.com harremanetan ipini da dagoeneko eurekin, albistearen berri zuzenean emateko. Oraingoan liburua eurenganatu ez duten irakurleek, bigarren aukera ere badute, bigarren zozketa bat egingo baitugu irailaren 5ean. Parte hartzeko arauak, aurreko berak. Kasu honetan hiru liburu banatuko ditugu: bana parte hartzen duten bi lagunentzat eta hirugarrena, eurak erabakitzen duten Euskal Etxearentzat. Ez zazu aukera galdu!

Gehiago irakurri...


Iñaki Etxepare biolontxelo jotzaile irundarra Mendoza eta San Juanen aurkeztuko da abuztuaren amaieran

2012/08/01

Iñaki Etxepare biolontxelo jotzaile irundarra (argazkia Etxepareren web-orria) 2012-08-03an EGUNERATUA: BERTAN BEHERA GERATU DA IÑAKI ETXEPAREREN ARGENTINA ETA BRASILERAKO BIDAIA. Nazioarteko ibilbide aberatsa duen musikari honen bisita jaso dute argentinarrek hil honen amaieran. Abuztuko biran, bi geldialdi egingo ditu Iñaki Etxeparek argentinar Andeetan, Mendozan eta San Juanen hain zuzen. ‘Bach eta itsasoa’ delako emanaldia eskaintzeaz gain ‘Biolontxeloaren pedagogia’ bere liburua aurkeztuko du artista irundarrak Hegoameriketako herrialdean. Kontzertuen datak abuztuaren 20an (Mendozan) eta 21ean (San Juanen) izango dira eta horren ostean Brasilera abiatuko da Etxepare bere Hegoamerikako birarekin jarraitzeko.

Gehiago irakurri...


Paraguaik bertako euskal ekarria ospatzen du, bere II. Euskal Astea eta euskal etxe berri bat iragarriz

2012/07/31

Asunciongo Euskal Etxetik bertaratutako ordezkariak Misiones eta San Juango agintari eta ordezkariekin Sasiainen omenaldian (argazkia Rafael Marcial Montiel-Agroclasi.com) Euskal ikutua daukaten albiste paraguaitarrak ugaldu egin dira azken asteotan. Hilabete hasieran, Misiones departamentuko San Juan Bautista hirian Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari egindako omenaldia nabarmentzen genuen, gatzagar hau eta bere emazte Brigida Zubia Erostarbek egun bertako sukaldaritza herrikoiaren 'Batiburrillo' izeneko izarra den jatekoa eta edateko gauza bera den 'siriki' delakoaren sortzailetzat hartuak baitira. Mereximendu horiek kari, omenaldia antolatu zitzaien azkeneko San Juan jaietan (San Juan Bautistako jaiak dira), azkenean, ohoratzea, Paraguai bizitzen ari zen egoera delikatuarengatik, uztailaren 7an egin bazen ere. Omenaldi horrekin batera, ordea, bertan euskal etxe berri baten sorrera iragarri zen, Uruguaiko bigarrena, eta baita Euskal Aste bat, bigarrena hau ere, Asuncionen, urriaren 22tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza tarteko, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena eta Estatutuaren Eguna ospakizunetara bilduz.

Gehiago irakurri...


Mendozako Denak Bat euskal etxeak erakundearen 56. urtemuga ospatuko du Baietz taldearen musikarekin

2012/07/31

Baietz taldeko kideak Mendozako Denak Bat Euskal Etxeko gazteekin, 2011ko Aberri Eguneko ospakizunean 1956. urtean jaio zen Mendozako euskal etxea, beraz aurten bere 56. urtebetetzea ospatuko du. Urtemugaren ekintzak abuztuaren bigarren asteburuan egingo dira eta komunitate osoari luzatu dio gonbidapena erakundeak. Behar bezala ospatzeko, kalitate handiko ikuskizuna ekarriko du Denak Bat-ek festaren edergarri; Cordobako Baietz-eko mutilak Euskal Herriko erritmoetara dantzaraziko dituzte Andeen magaletako euskaldunak. Urtemugaren berriarekin batera, euskara Mendozako Kulturarteko Institutuak irakatsiko dituen hizkuntzetako bat izango dela abuztutik aurrera iragarri diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Mendeurreneko ekitaldiak hasita, Zazpirak Bat-ko kideek ekimenen berri partekatzen dute komunitatearekin

2012/07/30

Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxearen Mendeurreneko ekitaldietan parte hartzeko gonbidapena Urtearen erdia joan da eta erakundeak iragarrita zuen bezala, ekintza anitz hasi dira burutzen Rosarioko euskal etxean Mendeurrena ospatzeko. Proposamenak mota askotakoak dira, guztiak helburu berarekin: agerian uztea euskal etxeak komunitatean, politika, gizarte eta kultur mailan ehun urteotan bereganatu duen garrantzi handiko lekua. Aktibitateak areagotuz joango dira datozen hilabetetan, urrian, Euskal Aste Nazionalarekin gailurrera iristeko. Gogoan izan, baina, datorren larunbatean Mendeurreneko afaria ospatuko duela Zazpirak Bat-ek, etxearen sorrera eta Iñaki Deunaren lehenengo ospakizuna gogoan.

Gehiago irakurri...


Pedro Oiarzabal adituak ahozko historia lantegi bat emango du Renoko Center for Basque Studies-en

2012/07/30

Pedro J. Oiarzabal historialaria Datorren abuztuaren 10ean Nevadako Unibertsitateak ahozko historia lantegi bat eskainiko du Renon. Pedro J. Oiarzabal historialaria izango da lantegiaren gidaria eta bertan Ameriketako euskaldunen historia ikertzeko eta jasotzeko metodologia azalduko dute, nola taxuz ekin ahozko historia biltzeari. Oiarzabal bilbotarra emigrazioan aditua da eta asteotan AEBetako Mendebaldean da gai honi buruzko ikerketa egiten. Egun bateko ikastaro honen antolatzaile dira NABO (North American Basque Organizations), Renoko Center for Basque Studies eta Deustuko Unibertsitatea.

Gehiago irakurri...


Gaur abiatuko dira Boisen San Inazio eguneko ospakizunak; Diasporako beste zenbait lekutan, bihar eta etzi

2012/07/27

San Inazio eguneko meza aurre, bitarte eta ondorenean egiten den dantza erakustaldia Boiseko festetako unerik zirraragarrienetakoa da hainbat bertako eta bisitarientzat San Inazio eguna uztailaren 31a bada ere, munduko euskal etxe askok ospakizunak aurreratu eta asteburu honetan bertan egingo dituzte ekitaldi gehienak. Horien artean bereziki aipagarria da Boiseko Euzkaldunak elkarteak antolatzen duen jaia, hiri osoan oihartzun handia duen festa baita. Gaur bertan abiatuko dira Boiseko ekitaldiak eta asteburuan zehar hiria euskal musikaz, dantzaz eta jai giroz beteko dute. Beste zenbait euskal etxek ere bazkariak eta ekitaldiak egingo dituzte asteburuan eta datozen egunetan, Miami, Mexiko, Sydney, Madril, Buenos Aires eta Asuncion (Paraguai) kasu.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia