euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Denak Bat Kamerataren kontzertua eta Juan Jose Ibarretxeren hitzaldia datorren larunbatean Buenos Airesen

2012/10/17

Denak Bat Kamerataren kontzerturako gonbidapena Giro berezia biziko da datozen egunotan Argentinako euskal diasporan Euskal Astea dela eta. Jaiaren egitarauari jarraituz, ekitaldiak hasita daude Rosarion; aldi berean eta Euskal Asteko asteburu nagusiaren aurretik, beste proposamen batzuk gauzatuko dira Buenos Airesen Euskadin Legebiltzarrerako hauteskundeak gertatuko diren asteburuan berean. Honela, bezperan, urriaren 20an, ‘Denak Bat’ Kamerata aurkeztuko da argentinar hiriburuko Nuestra Señora de la Consolación parrokian. Egun berean, eta hiriburuan baita ere, Argentinara egingo duen biraren baitan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak hitzaldi bat eskainiko du Laurak Bat euskal etxean. Orotara bost hitzaldi emango ditu Ibarretxek Argentinan.

Gehiago irakurri...


Etengabe eta arrakastaz segitzen du behartsuekiko euskal elkartasunak Itziar Aguirreren 'pilpil'arekin

2012/10/17

Itziar Aguirreren 'Pipileando Argentina'ren emanaldia Saladillon, bertako Itxaropen Euskal Etxearen eskutik (argazkia Lasintesis.com.ar) Argentinan herririk herri dabil Itziar Aguirre sukaldari rosariotarra, euskal sukaldaritza erakustaldiak eginez eta etekinak oro elkartasun proiektuei emanez, 'Keinu txikiak lorpen handiak' Fundazioa medio. Argentina osoko hainbat euskal etxe eta egoitza ibili ditu dagoeneko Aguirrek euskal sukaldaritza hedatzearekin batera lagungarri izanik beharrean dauden familia eta jendeentzat. Izan berria da Buenos Aires probintziako Saladillon, bertako Itxaropen Euskal Etxea tarteko, eta gaur arratsaldean bertan, bere herrian, Rosarion, arituko da, 2012ko Euskal Argentinar Aste Nazionalaren egitarauaren baitan.

Gehiago irakurri...


Ateak joka ari da Rosarioko 2012ko Euskal Argentinar Aste Nazionala: hona programa bere osotasunean

2012/10/17

2007ko Rosarioko Euskal Astea: dantzak plazan (argazkia EuskalKultura.com) Zinea, musika, dantzak, hitzaldiak, sukaldaritza, musa, erakusketak, paseoak, bazkariak, kirola… oparo baino oparoagoa da Zazpirak Bat Euskal Etxeak aurkeztutako Aste Nazionalaren egitaraua. Parte-hartzaileen zerrenda ere ez da laburra eta Euskal Herritik propio etorriko diren zenbait gonbidatuk hartuko dute parte Diasporaren jai handi honetan, tartean, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Urko, Naia Robles eta Natxo Knörr abeslariak eta Itxartu Dantza Taldea daudela, besteak beste. Hauekin batera hainbat artista argentinar ere pasatuko dira Euskal Asteko tauletatik. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, jaiaren azkeneko egitaraua eta vocher-ei buruzko informazioa.

Gehiago irakurri...


Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateak online ikastaroak eskaintzen ditu euskal kulturaz

2012/10/16

Diana Palenzuela da Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea (argazkia Etxepare) Ingelesez euskal ikasketak egin nahi dituzten irakurleek aukera berri aparta dute orain Kaliforniako Santa Barbara Unibertsitateari esker. Diana Palenzuela irakurleak irakasten dituen bi ikasgai -- Basque Studies eta Basque Language and Culture-- online ikas daitezke aurten, unibertsitateko beste hainbat ikasgairekin batera. Palenzuelak EuskalKultura.com-azaldu dionez, ikastaroak kredituen truke burutu nahi badira matrikula 1200 dolar ingurukoa da, baina bada beste aukera ekonomikoago bat: kredituak lortu nahi ez badira, matrikulak 210 dolar balio du. Zabalik dago matrikula.

Gehiago irakurri...


‘HABEren egiaztatze-frogak Argentinan egiteak jauzi kualitatiboa dakar Euskara Munduan proiektuan’

2012/10/16

Kinku Zinkunegik ongi etorria ematen azterketak egingo zituzten ikasleei (argazkia HABE) Hitz hauekin deskribatu zuen HABEko teknikari den Kinku Zinkunegik joan den asteburuan Buenos Airesen izandako esperientzia. Laurak Bat-en egoitzan, eta lehenengo aldiz Amerikan, Argentina, Txile eta Uruguaiko hainbat euskara irakasle/ikaslek HABEren euskara maila egiaztatze-frogak egin zituzten. "Azterketak hemen egiteak jauzi kualitatiboa dakar Euskara Munduan proiektuan. Alde batetik, trebatutako irakasleak azterketak egiteko maila daukatelako; bestetik, aztertzaile aritu diren beste bi irakasleak –Gabriel Arce eta Sabrina Otegui, hain zuzen- Euskara Munduan proiektutik sortuak direlako. Hau abiapuntu, ez dugu baztertzen azterketak berriro egitea etorkizunean eta euskal etxeetako ikasleak ere barne’, adierazi dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Eguraldi ona eta publikoa lagun, Madrilgo Euskal Etxearen Euskal Jaiak giro ederra izan zuen

2012/10/16

Kukai dantza talde errenteriarrak ikusleak txunditu egin zituen euren ikuskizun moderno eta zirraragarriarekin (argazkia MadrilEE) Iragan urriaren 6ean egin zuen bere urteroko Euskal Jaia Madrilgo Euskal Etxeak eta, aurtengoan ere erantzun ona izan zuen hitzorduak. Elkarteko presidente Julio Elejaldek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, antolatzaileak pozik dira jaiara bildu ziren lagunen partehartzearekin eta, eguraldia ere lagun, giroa oso atsegina eta alaia izan zen. Egun osoan zehar jarduera ugari egin ziren Retiro parkean: euskal dantza tradizionala eta modernoa, estropadak, eta Euskal Etxeko Orfeoiaren kontzertu bat, besteak beste. Elkarteak sarean jarri ditu eguneko argazki eta bideoak.

Gehiago irakurri...


Euskal etxe berri baterako agiria sinatuko dute Paraguain, eta Euskal Astea ospatuko hurrengo astean

2012/10/15

Paraguaiko Asuncion hiriburuko Jasone Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordea, 2012. honetako Urteko Batzarrean (argazkiaEE-EuskalKultura.com) Datorren astean, Paraguaiko euskal komunitateak bertan bigarren urtez antolatzen den Euskal Astea egingo du Asuncion hiriburuan, orain arte herrialdean bakarra izan den Asunciongo Jasone Euskal Etxea medio. Euskal Asterako giroa berotuz, ordea, ekitaldi berezi bat egingo da latunbatean, urriaren 20ean, San Juan Bautista hirian, hiriko eta departamentuko euskal jatorrikoen komunitatea, Asunciondik gerturatutako euskal ordezkaritza eta bateko eta besteko gonbidatuak ere, tartean Buenos Airestik propio bidaiatutako Eusko Jaurlaritzako ordezkari Elvira Kortajarena, lekuko izateko San Juan Bautistako euskal etxe berriaren sortze-agiriaren sinaduran.

Gehiago irakurri...


Euskal zine eta musikari New Yorken ateak irekiz amaitu da Etxepareren 'Basque Cultural Exchange'

2012/10/15

Jose Luis Rebordinos, Javier Rioyo, Mikel Urmeneta eta Mikel Lezamiz "Euskal ikonoak munduan" mahainguruan (argazkia Etxepare) Mikel Laboaren musikarekin bukatu zen larunbatean New Yorken Etxepare Euskal Institutuaren "Basque Cultural Exchange" egitasmoa. Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta kantariek, Laboaren "Baga, biga, higa" kantua oinarri hartuta, euskal musikagintzaren historiari buruzko kontzertu multimedia eskaini zuten New Yorkeko Cervantes Institutuan. Iragan urriaren 1etik hona, hiri estatubatuarrean euskal zinea, artea eta kulturari buruzko hainbat hitzaldi, emanaldi eta mahainguru egin ditu Etxeparek, eta harrerarekin pozik agertu dira euskal institutuko arduradunak. Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak azaldu duenez jardunaldietan izan diren hainbat ikusleentzat "gure errealitatearekin sekula izan duten lehen kontaktua izan da. Zabalkunde mailan egiten ari garen ahalaginean oso interesgarria da hori guretzat”.

Gehiago irakurri...


Munduko XXXVI. Mus Txapelketa Txilen egingo da 2013an, 2014koa Mexikon eta 2015ekoa Uruguain

2012/10/15

Aurtengo Txapelketako irudia, NABOk kudeatzen duen GlobalMus.com webguneari dagokiona (argazkia GlobalMus.com) Euskal Gizataldeen arteko Mundu Txapelketaren XXXV. edizioa bukatu berria delarik, Vancouver-ko (Kanada) Zazpiak Bat Euskal Etxea antolatzaile, hartuak dira dagoeneko erabakiak datozen urteetako planei begira, tartean zein herrialdeetan gauzatuko diren heldu diren laupabost urteetako txapelketak. Datorren urteko XXXVI. Txapelketari dagokionez, Txileri egotzi zaio norgehiagoka antolatzeko ardura eta hurrengokoei dagokienez, honela deliberatu da: 2014ean, Mexiko; 2015ean, Uruguai; 2016an Donostia, Euskal Herrian; eta 2017an Las Vegas, Estatu Batuetan.

Gehiago irakurri...


Idahoko Boise State Unibertsitateko Euskal Ikasketa Programa NABOko kide berri onartu dute

2012/10/15

Nere Lete irakaslea Boiseko Basque Museum-a bisitatzen 'Introduction to Basque Culture' klaseko ikasleekin, 2011n (argazkia BSU)) Ipar Ameriketako euskal etxeen federazioak (NABOk) elkarteko kide izendatu zuen Boiseko Estatu Unibertsitateko (BSU) Basque Studies Program egitasmoa, iragan urriaren 6ean Mountain Home-en egin zen bileran. BSUko Euskal Ikasketa Programa jakintza-alor anitzeko zentro bat da eta bere helburua unibertsitateko ikasleei Euskal Herriaren historia, hizkuntza eta kultura ezagutaraztea da. Programa honen bitartez ikasleek Euskal Ikasgaietan 'Minor' (hautazko ikastaroa) egin dezakete edo urtean zehar egiten diren ikastaro eta lantegitan parte hartu.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia