euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bragadoko Constantino Antzokiaren mendeurrenean, Kultur Gunea inauguratuko dute aste honetan

2012/11/19

Florencio Constantino Kultur Gunearen itxura berria, obrak amaitzen (argazkiaEE) 1912an inauguratu zen Argentinako Bragado herrian Florencio Constantino tenore ortuellarrak eraiki arazitako Antzokia. Musikariaren izen bera zeraman antzokiko tauletatik izen handiko artista eta obrak pasatu ziren urteetan zehar. Alabaina, isiltasun eta iluntasun garaiak ere jasan zituen Argentinako Antzoki garrantzitsuenetako bat izan zenak. Aurten, eta eraikinaren mendeurrenean, Florencio Constantino Aretoak, Kultur Gune bihurtuta, bere ateak irekiko dizkio berriz komunitateari eta Argentinako zein Euskal Herriko agintariek hartuko dute parte berrinaugurazio ekitaldietan. Ekintzak azaroaren 21tik 25ra luzatuko dira eta Argentinako presidente Cristina Fernandez ere bertaratuko da, bideokonferentzia bidez.

Gehiago irakurri...


Emigrazioari buruzko "Aita eta Ama maiteak" musika eta poesia ikuskizuna eskainiko dute Bordelen

2012/11/16

Ezkerretik eskuinera, Jean Christian Galtxetaburu, Cecile Tison eta Mixel Etxekopar musikariak Mixel Etxekopar, Cecile Tison eta Jean Christian Galtxetaburu musikariak Bordeleko Eskual Etxean izango dira hil honen 25ean. "Aita eta Ama maiteak" du izena hiru musikariek taularatuko duten ikuskizunak, izan ere, horrela hasten zirelako Argentinara joandako euskaldunek etxera idazten zituzten gutun asko eta asko. Kontzertuaren oinarria XIX. mendeko euskaldunek Argentinatik etxera idatzi zituzten eskutitz hunkigarriak dira, garai hartako emigranteen penak eta pozak, musikarekin eta kantuarekin lagunduta.

Gehiago irakurri...


Chacoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarkide izendatuko dute Fabio Echarri historialaria azaroaren 23an

2012/11/16

Fabio Javier Echarri (argazkia EuskalKultura.com) 'Harrotasun handiz' jakinarazi digute Chacoko Kotoiaren Lurra Euskal Etxetik bertoko Ikerkuntza Historikoko Biltzarrak gonbidatu duela Fabio Javier Echarri lizentziatu eta irakaslea Biltzarreko partaide izatera. Resistencia hiriko euskal etxeko lehendakariak ibilbide akademiko oparoa dauka eta 1998tik hona testu ugari argitaratu ditu, tartean, ‘Seberiano, euskaldun unibertsala’ eta ‘Eusebio Zamacola Abrisqueta: basauritar bat Argentinako Chacon’. Izendatze ekitaldia azaroaren 23an izango da, iluntzeko 8etan, Resistenciako Artxibo Historikoko ‘Dr. Eduardo Fracchia’ aretoan.

Gehiago irakurri...


Limako Arantzazuko Anaidiak artxibo historikoak berreskuratuz ospatu du bere IV. mendeurrena

2012/11/15

Limako Arantzazuko Amaren Anaidiaren 4. Mendeurreneko ekitaldien barruan, Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zen San Martin Unibertsitatean (argazkia CVAL-EuskalKultura.com) Iragan ostegunean, azaroaren 6ean, Liman Arantzazuko Amaren Anaidiaren sorreraren IV. Mendeurrena ospatu zen. Peruko euskaltzale talde batek 2012an berreskuratu du azken urteetan ahantzita izan zen elkarte historikoa eta berriz ere jarri du abian. Elkartearen sorreraren laurehungarren urtebetetzea kari, Anaidiak nazioarteko mintegi bat egin du Liman eta artxibo eta dokumentu historikoak berreskuratzeko egiten ari den lana ezagutarazi du. Lan horren parte da fondoen digitalizazioa eta hainbat dokumenturen berrargitalpena, adibidez elkartearen estatutuak eta Limako Arantzazuko Amari errezatzen zitzaion bederatziurrena euskaraz.

Gehiago irakurri...


Heldu eta umeentzako narrazio saioak eskainiko ditu Itziar Rekalde kontalariak Chascomus eta La Platan

2012/11/15

Itziar Rekalde kontalaria Zenbait hiri eta euskal etxe bisitatuko ditu Itziar Rekalde Luzarraga ipuin kontalariak datozen egunotan, Argentinara egiten ari den bisitan. Gaurko hitzordua Chascomus hirian izango da eta euskal etxeak antolaturik hiru emanaldi eskainiko ditu: goizean, Bernardino Rivadavia Eskolan; arratsaldean, 3 zenbakidun Eskola Munizipalean; eta iluntzean, Zingirako Euskaldunak-en egoitzan. Gogora dezagun aditu euskaldunak La Platan jarraituko duela bere bira, azaroaren 21ean bertako Unibertsitatean, eta azaroaren 22an Udalaren Liburutegi Gunean.

Gehiago irakurri...


Euskal Zinea eta 'Jose Goñi' Esku Pilota Txapelketa Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxearen eskutik

2012/11/14

Zine emanaldia iragartzeko afixa Bi ekintza burutuko dira datozen asteburuetan Buenos Aires probintziako Chivilcoyko herrian bertoko Beti Aurrera Euskal Etxeak antolaturik. Alde batetik, Carlos Gabilondo zine adituak ‘Ama Lur’ filma aurkeztuko du ostiral honetan, erakundeko egoitzan. Bestetik, 'Jose Goñi' delako Esku Pilota Txapelketa gauzatuko da larunbat 24an, Chivilcoyko Racing Klub-eko instalazioetan. Lehiaketak Buenos Aires probintziako Pilota Federazioaren, Rancing Klubaren eta Chivilcoyko Udalaren babesa du, eta parte hartzeko deialdia irekita dago.

Gehiago irakurri...


Euskara eskolak abiatu dira Milanen, Erromako ACE elkarteak eta UPTER unibertsitateak antolatuta

2012/11/13

Lucia Ezker irakaslea euskara eskolak ematen Milanen. Italiako bigarren hiri populatuena da Lonbardiako hiriburua, Erromaren ondotik (argazkia LE) Iragan ostegunean Lucia Ezker iruindarrak lehendabiziko euskara eskola eman zuen Milanen, Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) eta UPTER unibertsitatearen lankidetzarekin antolatu den ikastaroan. Milango euskaldun talde batek aspalditik zuen horrelako ekimena abiarazteko gogoa, baina "utopikoa" iruditzen zitzaien. "Proposamena argitaratu genuenean eta hainbeste jendek informazioa eskatzen zuela ikustean, egin behar genuela erabaki genuen", adierazi dio Luciak EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Umeek ez ezik, helduek ere gozatu zuten euskal kulturan murgilduta Union Vascako Txikien Topaketan

2012/11/13

Bahia Blancako Union Vasca-ko txikiak euren tutoreekin (argazkiaEE) Argentina hegoaldea da, Buenos Airestik ez gertuegi. Eta ez zaie hurbil geratzen Llavallolgo Umeen topaketa, FEVAk antolatua. Ondorioz, 2009an hasi ziren Bahia Blancako Union Vasca euskal etxeko lagunak eskualde honetako Umeen Topaketa antolatzen eta lehenengo edizioan izandako arrakastak bultzatu zituen esperientzia errepikatzera. 2010ean ere burutu zen, Macachin, Laprida eta Cnel. Pringleseko euskal etxeak partaide. 2012 honetan, berriz, irailaren 29an wegin da eta aurrekoetan bezala egun paregabea pasatu zuten umeek eta euren laguntzaile eta ahaideek. “Balantzea bikaina da eta asmoa datorren urtean berriro egitea da eskualdeko euskal etxeetako neska-mutilekin”, adierazi dio Romina Larrañaga Union Vasca-ko irakasleak EuskalKultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Atxagaren 'Seven Houses in France', urteko 20 eleberri onenen artean aukeratu dute AEBetan

2012/11/12

"Seven Houses in France" eleberriaren azala Estatu Batuetako Publishers Weekly aldizkari ospetsuak 2012. urteko libururik onenen artean sartu du Bernardo Atxagaren 'Seven Houses in Franc'" (Zazpi etxe Frantzian) eleberria. Publishers Weekly AEBetan literaturaren inguruko aldizkaririk garrantzitsuenetakoa da eta urtero argitaratzen dituen zerrenda hauek oso eragingarriak dira. Irailean argitaratu zuen liburua herrialde honetan Graywolf Press argitaletxeak eta harrera ona izaten ari da.

Gehiago irakurri...


Urteroko ohiturari jarraituz, Kultur Astea egin du Villa Mariako Euzko Etxea-k joan den urrian

2012/11/12

Villa Mariako Euzko Etxearen 56. Aste Kultura irudietan (argazkiakEE) Ekintza multzo polita bildu du Villa Mariako euskal etxeak urrian antolatutako Kultur Asteak. Izan ere, ekitaldiaren 56. edizio honetan, aurrekoetan bezala, gustu guztietako jendearentzako proposamenak eskaini dira. Urriaren 17tik 24ra arte, programa aberatsa garatu da, tartean, Mus Txapelketa, euskal zinea, dantza eta musika ikuskizunak eta hiriko gabetuei laguntzeko ekimenak. Aktibitate handiko egunak bizi izan dituzte Villa Mariako euskal etxeko lagunek, eta biziko dituzte datozen hilabeteetan ere, eurak baitira 2013ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren antolatuko dutenak.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia