2012/12/20

Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak gonbidatuta, Erromako Euskal Astean izan ziren abendu hasieran hainbat euskal musikari eta artista: Anari, Tapia eta Leturia, Maialen Lujanbio bertsolaria, Xabier Erkizia... Settimana-k euskal eta italiar kulturen arteko harremanak sustatzea lortu zuen eta une gogoangarriak bizi izan ziren, Tapia eta Leturiaren kontzertua, kasu. "Italian egiten dira trikitixa esku soinu gehien gehienak, baina hemen ez dute jotzen Tapiak jotzen duen moduan! Jendea erabat harrituta geratu zen!", esan digu ACEko Alex Mendizabalek.
Gehiago irakurri...
2012/12/20

Gabonak bertan dira eta euskal tradizioan Olentzero Gabon gauean etortzen bada ere, Diasporako zenbait euskal etxetara goiztiar heldu da. Londresen, adibidez, Mari Domingirekin batera azaldu zen euskal kondairetako ikazkin ezaguna, opariak banatuz London Basque Society elkarteko umeen artean. Washington-eko Euskal Etxearen Eguberri festan ere izan zen Olentzero, urtero legez, eta handik Argentinako Chivilcoy herrira bidaia egin zuen. Asko dira munduan euskal ikazkinaren bisita aurreratua jaso dutenak Estatu Batuetan, Argentinan, Uruguain, Espainian, Venezuelan, Kanadan, Australian... Hona adibide batzuk.
Gehiago irakurri...
2012/12/20

Hirugarren urtez jarraian, Cordoba hiriburuko Gerora elkarteak astebeteko ospakizunen programa batekin ospatu zuen Euskararen Nazioarteko Eguna. Egitarauaren baitan eta ekintza askoren bidez, Euskal Herriko hizkuntza nola gara daitekeen hainbat arlotan erakutsi zuten elkarteko ikasle eta irakasleek. Zinean, literaturan eta baita festetan ere euskara bera izan zen sei egunetan zehar cordobatar askoren bilgunea. Baietz Musika Taldea eta Txotx! Dantzarien Taldea ere izan ziren Euskararen Asteko protagonistak.
Gehiago irakurri...
2012/12/20

Urte berezia izan da 2012 hau San Nicolaseko euskaldunentzat. Alde batetik, euskara eta musika klaseak eman dira urtean zehar Natalia Hormazabal eta Valeria Magliocchetti irakasleen eskutik. Beste alde batetik, euskal etxeak bultzatzen dituen gizarte laguntza arloko proiektuak, tartean 'Etxe Nasaia', 'Irakurriz Hazi', 'Ume Jolasak', 'Diasporaren Herri Kirolak' eta 'Euskal Sentimendua Zabaltzen', betiko arrakastaz izan dira garatuak. Ospatzeko arrazoiak ez dira falta izan eta hori horrela, etxeko kide eta lagunek urte amaiera jaia polita burutu zuten. Hiru zatitan banatuta, festak ikasle eta irakasleak eta bertako eta beste erakunde batzuetako abesbatzak batu zituen. Urtarrilean, 'Euskara Munduan'go 2013ko Udako Barnetegiko egoitza izanez hasiko du urtea euskal etxe sannicolastarrak.
Gehiago irakurri...
2012/12/19

Bizi-bizi amaitu du urtea Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak; izan ere, azken asteotan burutu diren ekintzen artean euskara ikastaroak, txistu eskolak, Olentzeroren etorrera eta Gabonetako bazkaria egon dira. Aipagarria da, bestalde, elkarteko talde batek Uxia kantari galiziarrarekin batera "Txoria txori" kantua abestu zuela --euskaraz, noski-- Sao Pauloko Instituto Cervantesen egoitzan.
Gehiago irakurri...
2012/12/19

Joan den larunbatean Iñigo Urkullu lehendakari berriak bere kargua zin egin ondoren, pixkanaka urratsak ari dira ematen administrazio berria osatzearren. Exekutiboko zortzi sailburuak izendatu eta hauek astelehenean Ajuria-Enean karguak hartuta, atzo asteartea lehenengo Gobernu-bilera egin zen, Urkullu buru. Onartu zen, besteak beste, aurreko karguak kentzen eta berriak izendatzen hastea, horien artean orain arteko Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Guillermo Echenique eta Gizataldeetarako zuzendari Julian Celayaren kargu-uztea. Biek, Echeniquek eta Celayak, azken agur gutuna zuzendu zieten atzo munduko Euskal Gizataldeei.
Gehiago irakurri...
2012/12/19

Murtziako Euskal Etxeak Kultur Asteburua egin zuen iragan abenduaren 14tik 16ra eta arrakasta handia izan zuen ekimenak. Hiru egunetan zehar elkarteak besteak beste poesia eta musika ikuskizun bat, Eguberri bazkaria eta tortila eta mus txapelketak egin zituen. Ekitaldiak oso arrakastatsuak izan dira eta jende berria ekarri dute elkartera, izan irakurraldira bildutako literaturzaleak, izan Olentzero ikustera inguratutako bazkide nagusien seme-alaba eta bilobak. Hain zuzen ere, hori da euskal etxeak 2013rako ezarri duen helburuetako bat: elkartera bazkide berriak erakartzea.
Gehiago irakurri...
2012/12/19

Komunitatearen beharrak kontuan hartuz eta herritarren eskaerari erantzunez, La Pampa probintziako General Acha herriko euskal etxeak hiru hilabeteko berritze lanak egin ditu bere igerilekua egokitu eta klimatizatzeko. Egitura berria bukatutakoan, igerilekua protokolozko ekintza batekin inauguratu zen joan den ostiralean, izen handiko Jose Meolans eta Eduardo Otero igerilarien partaidetzarekin. Igerilekuak araudiaren araberako neurriak ditu –10 x 25m– eta hobekuntza honekin urte osoan zabalduko zaio publikoari. Hau ez da, ordea, Euzko Txokoak komunitateari eskaintzen dion baliabide bakarra. Bere instalazioetan euskal pilota, saski baloia eta patin eskolak ere ematen dira.
Gehiago irakurri...
2012/12/18

Gabon kanten letrak eta doinua zure mobilean eta edozein unetan eskuragarri izan nahi al dituzu? Bada, Arrasateko Skura Mobile enpresak Android sakelakoentzako "Euskal Gabon Kantak" aplikazioa sortu du zuretzako. Doan deskarga daiteke eta berari esker zure mobilean izango dituzu Euskal Herrian sasoi honetan gehien entzuten diren abestietako batzuk: Alaken, Din dan don, Dringilin dron, Elurra teilatuan, Erregeak, Gaueko izar, Gau ixila, Hator hator...
Gehiago irakurri...
2012/12/18

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen iritzi eta pentsamoldeen adierazle den 'Euskaldun hitza-Gora Euskal Herria' irratsaioak zilarrezko domina jaso du abendu honetan, 2012ko Libertad Sarien emanaldian. ‘Libertad Sariak’ gizarte eta gizakien aldeko lana -kultura, kazetaritza, politika eta enpresaritza arloetan- egiten dutenei ematen zaie urtero. Zazpirak Bat-eko Luis Maria Barrandeguy aurkezle nagusia duen saioa uhinetan zein interneten entzun daiteke astero eta Euskal Herriko musika, berriak, elkarrizketak eta oro har euskal kultura bere osotasunean zabaltzea du helburu.
Gehiago irakurri...