2012/12/31

Urtero bezala, Olentzerok Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea bisitatu du. Gabonetan zehar hainbat ekitaldi ospatu dituzte Euskal Etxean. Orain, 2013ko Udalekuari hasiera emateko garaia heldu da: Urtarrilaren 4tik 8ra, Maipú, Chivilcoy, Arrecifes, Mar del Plata, Corpus (Misiones) eta Chascomús bertako euskal etxeetako gaztetxoek hainbat kirol eta aisialdiko jarduera egingo dituzte euskal kulturaren inguruan. Aurtengo parte-hartzea aurreko udalekuena baino handiagoa izan da, 11 eta 15 urte bitarteko 50 gaztetxok parte hartuko baitute.
Gehiago irakurri...
2012/12/31

Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 28an argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2013 urteko atzerrian egoera larrian edo asistentzia faltan dauden pertsonentzako laguntzen deialdia. Aurtengo deialdirako zuzkidura orotara 202.000 eurotakoa izango da eta eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an bukatuko da.
Gehiago irakurri...
2012/12/31

Londresko Euskal Etxeak ekimen berria jarriko du abian 2013 urte berriarekin batera: "Euskal Playgroup" taldea. Elkarteko txikienei zuzenduriko ekimena da, eta helburua Londresen bizi diren neska-mutil euskaldunek beste haur euskaldunekin jolasteko aukera izatea da, horrela bidenabar, euskara hitz eginez harremandu eta diberti daitezen. Seme-alabak dituzten elkarteko kideek sustatu dute ekimena eta urtarrilean hasiko da taldea, seguruenik larunbatetan.
Gehiago irakurri...
2012/12/31

Urte aldaketarekin, 2013aren hasierak, besteak beste, aldaketa garrantzitsu bat ekarriko du NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteak biltzen dituen erakundearen baitan: azkeneko zazpi urteotan federazioko sustatzaile, edo argiago esatearren, koordinatzaile exekutibo lana egin duen John Ysursak bere postua utzi eta haren ordez Kate Caminok hartuko du, NABOren webgunearekin zerikusia daukaten gauzetan Lisa Corcostegui izango delarik teknikari. Aldaketa urtarrilaren 1ean gauzatuko da, lehenengo asteetan transizioa ezinbestekoa suertatuko bada ere.
Gehiago irakurri...
2012/12/31

Luzaz gogoratuko duten urteari eman zioten ‘azken agurra’ Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunek, elkarteak hori ospatzeko aurreratutako festa ikusgarrian. Ospakizuna erabat arrakastatsua suertatu zen eta antolatzaileen esanetan “jai aretoa gainezka zegoen; azken ospakizunetan bezala, lekua txikiegia geratu zitzaigun”. Olentzerok ere ez zuen jai hau galdu nahi izan eta afalostean, opariz betetako poltsa eskuan, agertu zen guztien poztasunerako. Topa egiteko momentuan, erakundeko lehendakari Enrique Otañok kopa altxa eta 2013an, aurten bezala, lan egiten jarraitzera animatu zituen bertaratutako guztiak.
Gehiago irakurri...
2012/12/31

Jai erraldoi bat antolatu zuten Tandilgo euskal etxeko lagunek erakundearen 63. urteurrena ospatzeko. Festa hiriko kaleetan burutu zen eta Buenos Aires probintziako beste euskal etxe batzuetako kideak bildu zituen musika, dantza eta kantu ikuskizunean. “Asmoa antzinako erromeriak berreskuratzea izan zen. Duela berrogei bat urte utzi zitzaion honelakoak egiteari; baina lehenago, kalean egiten ziren euskaldunen festak hemen Tandilen”, adierazi digu Gure Etxea-ko lehendakari Esteban Kain-ek. Kaleko emanaldiaren ostean, erreki argentinar tipiko batez gozatu ahal izan zen publikoa plazan bertan. Gonbidatuen artean, Elvira Kortajarena jardunean den Euskadiko Ordezkaria aipa daiteke.
Gehiago irakurri...
2012/12/28

Guillermo Zudairek bereganatu du Saladilloko Itxaropen euskal etxeak 'Bono Contribución' izenpean Euskal Herrirako bidaia sari nagusitzat zotz eginez azken urteotan urtero antolatzen duen 2012ko zozketa. Laugarren aldia du Saladillon arrakastatsu eta oihartzuntsu gauzatzen den ekimen honek, etekinak euskal etxearen eraikin berria amaitze lanei ematen dizkio. Izan ere, bere azken fasean dago euskal baserri baten itxura duen egoitzaren eraikina eta Hector Altamira lehendakariak EuskalKultura.com-i aitortu dionez, euren 'itxaropena' aurten bertan inauguratzea da, Saladillon 150 urte beteko dituen urteko ospakizunekin batera.
Gehiago irakurri...
2012/12/28

Suomitar elkarteak hil honetan aurkeztu du aurreneko Euskara-Suomi hiztegia, hamabi urtez proiektuan lanean jardun eta gero. Aurkezpenean elkarteko ordezkariek azaldu zutenez, kanpoko laguntzarik gabe osatu dute hiztegia, eta urte hauetan lantzean lantzean aritu dira hiztegia osatzen, kideen ekarpenekin. Elkartean nagusi dira euskal eta finlandiar bikoteak eta euren seme-alabak, eta hiztegia euren arteko komunikazio tresna oso lagungarria izatez gain, Europan gelditzen diren bi hizkuntza ez-indoeuropear bakarren arteko zubi ederra da.
Gehiago irakurri...
2012/12/28

Giro politeko euskal musika ikuskizun dotoreaz gozatzeko aukera izan dute Chacabuco herri argentinarrean, bertako Peña Amigos de los Vascos kultur taldeak antolatuta. Euskal gastronomia afari batekin hasi zen gaua, musikaz jarraitzeko gero: Necocheatik Osasuna otxotea etorri zen hirira eta txalo zaparradaz eskertu zuten entzuleek euren emanaldia. Aurretik Chacabuco bertako bi gitarra jotzailek, Facundo Jurado eta Ivan De Titto gazteek, eman zuten kontzertua, harrera eta onespen nabaria lortuz baita ere.
Gehiago irakurri...
2012/12/28

Argentinako hainbat euskal etxe bisitatu ditu ikazkin mitologikoak 2012ko bere ibilbidean. Bisitaldi bakoitzean, pozez bete ditu erakundeetako txikiak eta hain txikiak ez direnak ere. Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxera, gainera, nobedade batekin iritsi zen. Instituzioko Kultu Azpibatzordeak antolatutako urte amaierako jaian Olentzerorekin batera etorri zen Mari Domingik ere hartu zuen parte oparien banaketan. Mari Domingi, izen bereko euskal gabon kanta ezaguneko protagonista da eta azken urteotan Euskal Herriko leku batzuetan finkatu den ekinbidean, Olentzeroren lankide agertzen da opari-banaketa lanean. Bi pertsonaia hauen eskutik, ‘agur’ esan zioten badoan urteari Iparraldeko Euskal Etxeko kideek, gabon giroa gailendu zen topaketa batean.
Gehiago irakurri...