euskal diaspora eta kultura

2013/06/28
San Juan zela eta, bi euskal etxe hauek topaketa eta ospakizun berezi bana antolatu zuten iragan astean. Alde batetik, General Las Herasekoen festan kalejira, sorginaren erreketa, afaria eta dantza emanaldia egin ziren. Nobedade gisa, Donostiako danborrada jo zuten eta sei euskaldun-herenendarrei sariak banatu zizkieten. Bestetik, Mexikoko euskal etxean, urtero legez afaria egin zen, eta ondoren suaren gainean salto egin zuten elkarteko zenbait kidek.
2013/06/28
"2013ko Matxinada" heldu da Cordobara (Argentina). Hiriko 'Baietz'en eta ‘Tapa Tapa’ dantza tailerraren eskutik, izen horretako kultura elkarretaratzea egingo da bihar, herritar guztiei zuzendua. Emango diren lau hitzaldietan euskal literatura, musika tresnak eta dantzak landu eta hartuko dira hizpide. Horretan geratu gabe, ekainerako, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu instituzioak, tartean, mus tailerrak eta mintza praktika saioak.
2013/06/28
Bihar amaituko da Boisen AEB eta Kanadako euskara irakasleen barnetegia. Hamahiru lagun ari dira ikastaroan partehartzen, besteak beste, San Frantzisko, Denver, Chicago, Vancouver, Reno, Wyoming eta Boise bertatik etorriak. Edizio honetan irakasleak NABOren euskara arduradun Izaskun Kortazar eta HABEko teknikari Kinku Zinkunegi dira. Talde hau 2010ean jarri zen abian eta, egun, bataz besteko maila 4. urratsekoa da.
2013/06/27
“Master euskal chef” gastronomi tailerra hizkuntza sustatzeko asmoarekin egin da Viña del Marreko euskal etxean, parte hartzaileek, janaria prestatzerakoan eta gero egin zen lehiaketan, euskaraz mintza zitezen. Euskara koordinatzaile Lorena Espinosak antolatu zuen jarduera eta Arabako Oier Quesada sukaldariak zuzendu zuen. Tailerrean ikasleek euskaraz azaldu zituzten osagarriak eta platerei euskal izenak eman zizkieten; ondoren besteen lana dastatu eta ebaluatu zuten.
2013/06/27
Ekainaren 20tik 23ra euskal kulturari buruzko lantegi bat egin zen Poloniako Wroclaw-en, hiri honek Donostiarekin partekatuko duen 2016ko Europako Kultura Hiriburu izendapena kari. Aukera zabala izan zen egitarauan: euskal jantzietan oinarritutako moda ikastaroak, sukaldaritza klaseak, zinea eta musika, besteak beste. Ilustrazio tailer bat ere egin zuten, Patxi Zubizarretaren idazlearen "Magalik badaki" ipuinean oinarrituta. Idazlea bera bertan izan zen, lantegiko partehartzaileei laguntzeko.
2013/06/27
2013/06/26
Food and Travel aldizkari britaniarrak Getariako hotel hau hautatu du munduko onenen artean, Reader Awards txapelketaren barruan. Orain bozketa jarri dute abian internetan finalisten artean gustukoena aukeratzeko. Abuztuaren 25ean bukatzen da lehiaketa eta irailean izango da sari banaketa. Klik bat eginez lagun diezaiokezu hotel honi irabazlea izaten. Artikulu honetan azalduko dizugu nola.
2013/06/26
Utah Basque Club elkarteak iragan ekainaren 23an ospatu zuen bere urteroko Udako Piknika, aire zabalean egin zen bazkari eta ekitaldiekin. Topaketan parte hartu zutenen artean Utah'ko Triskalariak taldeko dantzariak izan ziren. Taldea New Yorkera bidaia antolatzen ari da eta horretarako dirua biltzeko kanpaina abiatu du. Berriki euren euskal dantza errepertorio zabala erakusteko aukera izan zuten Salt Lake City-ko "Living Traditions" kultur jaialdian.
2013/06/26
Turismoa eta bertako elikagai eta ekoizleak sustatzeko asmoa duen Ekoizleen eta Diseinu Azoka, "Madryn Platerean" ekitaldiaren baitan burutzen da urtero Puerto Madryn-en. Hiriko beste hainbat enpresa eta erakunderekin batera, aurtengo edizioan, bertako euskal gizataldeak ere hartu zuen parte Azokan, proposamen gastronomiko batekin. Antolatzaileek gonbidaturik, euskal stand bat muntatu zuten Etorritakoengatik-eko lagunek eurak prestatutako pintxo eta dilistak saltzeko. Ekoizleen eta Diseinu Azoka 84. zenbakiko Eskolako instalazioetan burutu zen eta pasa den asteburu luzeko hitzordu erakargarrienetako bat suertatu zen Patagoniako hiri honetako lagunentzat.
2013/06/25
Ekainaren 18 eta 19an egin zen Bilbon Euskal Herria Mugaz Gaindi mintegiaren bederatzigarren edizioa, eta antolatzaileen esanetan "arrakastatsua izan da, bai arlo zientifikoan, bai zabalkuntzan eta baita parte hartzeari dagokionez ere". Pedro Oiarzabal historialariaren esanetan, entzuleen artean "Euskal Herrira itzuli diren emigrante eta erbesteratuak izan ziren; Argentinatik, AEBetatik, Mexikotik eta Venezuelatik etorriak", eta hizlariak "Argentina, Kanada, Espainia, Euskal Herria, Italia edo Poloniako unibertsitatetakoak" izan ziren. Mintegia finkatu egin da eta aurten bertan egingo du hamargarren edizioa New Yorken, hiriko Euzko Etxea elkartearen Mendeurreneko ekitaldien baitan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus