euskal diaspora eta kultura

2013/07/15
Aurten ere harrera oso ona izan du Etxepare Institutuak sustatzen duen "Excellence in Basque Studies" ikastaroak. Mintegiaren helburua Etxeparek atzerriko unibertsitateetan dituen Euskara eta Euskal Kultura irakurletzetarako irakasleak trebatzea da eta 150 partehartzailetik gora izan ditu azken edizioak. Etxepare Institutuko Euskararen Sustapenerako zuzendari Mari Jose Olaziregiren esanetan, euskararen etorkizunerako funtsezkoa da nazioarteko unibertsitateen ikasketa eta ikerketa sarearen baitan izatea, eta irakurletza programak helburu horrekin dihardu lanean. Alabaina, egoera ekonomikoa dela eta, datorren ikasturtean hiru irakurletza itxi egingo dira (Stanford, Bahia Blanca eta Mexikoko Iberoamericana unibertsitatekoa) eta bakarra irekiko da, Irlandako Cork Unibertsitatean.
2013/07/15
Iskanbilatsu bezain tradizionalak, bukatu berriak ditugu 2013ko Sanferminak. Argentinako euskal etxeak ez dira giro honetatik kanpo geratu eta hainbat ospakizun egin dituzte bertako era berezira: entzierrorik gabe baina zahatoa eskuz esku pasatuz eta zapi gorriak astinduz. Euskal erakunde ugarik uztailaren 7an bertan gauzatu zituzten ekitaldiak; beste batzuek, eta bi festak batze aldera, uztailaren 9an –Argentinako Independentziaren Egunean- ospatu zituzten.
2013/07/12
Zazpirak Bat Euskal Etxeak eta Unibertsitateak sinatutako hitzarmen bati esker Euskara eta Euskal Kultura orokorrari buruzko katedra bat sortuko da Rosarioko Humanitate eta Arteen Fakultatean. Proposamena komunitate osoari dago zuzenduta eta bi urteko ikastaroa bukatzean Fakultateak emaniko ziurtagiriak jasoko dituzte partaideek. Katedraren inaugurazioa uztailaren 20an izango da, Unibertsitateko, euskal etxeko eta FEVAko hainbat agintari partaide. Larunbat horretanxe hasiko den Euskara Munduan proiektuaren Neguko Barnetegiko ikasleei ere luzatu die gonbitea erakunde anfitrioiak.
2013/07/12
Atzo osteguna aurkeztu zen Bilbon Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia partaide argitara eman den "Euskadi, estatu berri bat? Katalunia, estatu berri bat?" liburua, Bogotako Euskal Etxeko lehendakari den Jose Vicente Katarain buru duen Oveja Negra argitaletxe kolonbiarrak plazaratua. Liburuan eta ekitaldian partaide, Ibarretxez gain, Jon Azue lehendakariorde ohia, Josu Legarreta Euskal Gizataldeentzako zuzendari ohia eta EHUko Nazioarteko Eskubide katedradun Juan Jose Alvarez. Erredakzioan euskaratu dugu El Paisen Ilargi Izar de la Fuentek idatzi berria.
2013/07/11
Goiznabar Monclusek, Javier Escuderok eta Hodei Oruetak osatzen dute “Biziklautak” taldea. Bilboko gazte hauek, EHUko ikasle eta ikasle ohiak, joan den larunbatean, uztailaren 6an, abiatu ziren Bilbotik, munduari buelta emateko bizikletaz. Datozen 18 hilabeteetan dena atzean utziko dute eta bisitatzen dituzten herrialdeetako unibertsitateetan euren esperientziak beste gazteekin trukatzeko asmoa dute. Bidaiaren berri online emango dute euren webgunean, hiru hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.
2013/07/11
Bi luxuzko gau irabazi nahi Argentinako Pampako Euzko Alkartasuna euskal hotelean? Garaiz zabiltza oraindino. Esan iezaguzu zein den zure ustez Euskal Herriko herri edo hiririk politena, eta zergatik, eta bi pertsonentzako bi gau luxuzko logelan, gosariak eta afari bat barne irabazi ahal izango dituzu Macachin hiriko Euzko Alkartasuna hotel berritu berrian, 2013 edo 2014an gozatzeko.2013/07/11
Pasealekua hiriburuko ‘Esnezaleen Patio’ historikoan dago kokatuta, Caballito auzoan, eta auirrerantzean hor egingo dira kolektibitateen ekitaldiak, tartean ‘Buenos Airesek ospatzen du’ jai ezaguna. Inauguraziorako, egun esanguratsua hautatu zuten antolatzaileek, Uztailaren 9a, Independentzia Eguna; eta nahiz eta eguraldia kaskarra izan, kolektibitate ugari bertaratu ziren pasealekua zabaltzearekin batera Independentzia Eguna ospatzera. Euskaldunen kasuan, hiru euskal etxe bildu ziren ordezkari, Euskaltzaleak, Laurak Bat eta Lizarraenea. Sara Pagola Euskadiren Delegatua ere izan zen zeremonian.
2013/07/10
Musiketxeak sareak euskal musika taldeei zuzenduriko deialdia argitaratu du. Lau talde aukeratuko dituzte eta horiek jasoko duten saria elkartea osatzen duten lau aretoetan --Jimmy Jazz Gasteiz, Bermeoko Kafe Antzokia, Biarritzeko Atabal eta Bilboko Emankor Elkartea-- kontzertuak ematea izango da. Horrez gain, talde batek EP bat grabatu eta EHtik kanpo egingo duten biran aurkeztuko du. Izena eman eta abestiak bidaltzeko epea uztailaren 22an amaituko da.
2013/07/10
Lan eskaintza egin du Bordeleko Euskal Etxeak, euskara irakasleak lortze aldera. Euskara sustatu eta irakastea bere-berea du euskal etxe bordeletarrak eta bertako zuzendariak hasiak dira dagoeneko datorren ikasturterako planak egiten, euskara eskolekin segitzearren. Eskaintza, beraz, 2013-2014 ikasturterako da, astegunetan eta arratsaldez, Euskal Etxeko maila diferentetako ikasleei irakasteko. Euskalduna bazara eta irakastea maite baduzu, hau izan dezakezu aukera.
2013/07/10
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus