2013/04/29

Gernikako Bonbardaketaren 76. urteurren egunean Buenos Aires hiriburuko Villa Crespo auzoko Batzorde Historikoak atxikimendu gutuna zuzendu zion Gernikako alkate Jose Maria Gorroño-ri. Bonbardaketaren biktimengatik doluminak agertzeaz gain, Villa Crespok euskal gizataldearekin duen lotura estua ere azaldu zuten Batzordeko kideek, Picassoren Guernica gernikaratzea eskatuz eta gutunaren kopia Argentinako Espainiako Enbaxadari bidaliz. Villa Crespo auzoan, Picassoren Guernica-ren erreprodukzio mural bat ikus daiteke, Repetto kaleko 1569.ean.
Gehiago irakurri...
2013/04/26

Larunbat eta igande honetan nahi duenak euskal asteburua bizitzeko aukera bikaina izango du Mallorcan, Artea Euskal Etxeak antolatu duen barnetegiari esker. Ikastaro trinko honek arrakasta handia izan du aurreko edizioetan, eta oraingoan ere euskal hizkuntza izango du oinarri, baina horrez gain euskara ikasgeletatik aterako dute eta beste zenbait ekitaldietara zabalduko dute. Horrela, euskaraz biziko dira 48 ordu hauetan, euskal dantza ikastaroak, txalaparta lantegiak, afariak eta bestelako ekimen ugari eginez.
Gehiago irakurri...
2013/04/26

Duela 76 urte herri bizkaitarrak jasotako erasoa gogoratuko ditu egunotan munduko euskal kolektibitateak mota askotako ekintzekin. Argentinan, esaterako, hitzaldiak, dokumentalak, erakusketak eta omenaldiak egingo dira, guztiak helburu berarekin: sarraskia salatu eta bakearen aldeko mezu bat aldarrikatzea. Hitzordu gehienak gaur bertan burutuko dira; beste batzuk, bihar, baina izan da gomuta-ekitaldiak aurreratu dituen euskal etxerik, Iparraldeko Euskal Etxea eta Gerora Elkartea, kasu. Gaurko eta biharko hitzorduetan parte hartu nahi dutenentzat, hona Arrecifes, Buenos Aires, Chascomus, Chivilcoy, La Plata, Parana, Rosario, eta Jose C. Paz-eko euskal etxeen egitarauak.
Gehiago irakurri...
2013/04/26

Bonbardaketaren urteurren berri baten aste berean, La Platako Euzko Etxea-ra iritsiko da Jaurlaritzak eta Gernikako Bakearen Museoak sustatutako Erakusketa Ibiltaria, urtebeteko itinerazioa eginik. Inaugurazioa gaur, 26an bertan eta maiatzaren 1era arte bisitatu ahal izango da Islas Malvinas Kultur Gunean. Bihar gaiari buruzko hitzaldia eta asteartean zine-eztabaida ere bilduko ditu. Berri honekin batera, aurten euskal etxeak garatuko dituen ekintzen egitaraua ere plazaratu da. Ez ahaztu uholdeen tupusteko kolpe izugarria jaso ondoren, La Platako egoiliarrak eta Euzko Etxea bezalako elkarte eta auzoak gogor ari direla egoera normala berreskuratzeko ahaleginean. Euzko Etxeak igandean egingo du Urteroko Batzar Nagusia.
Gehiago irakurri...
2013/04/26

Aberri Egunaren ospakizuna iragan igandea arte atzeratu zuten Limako Euskal Etxeko bazkideek, ordura arte Hego Ameriketako euskal elkarteen MercoMus Txapelketan buru-belarri murgilduta izan zirelako. Ohi baino beranduago izan bazen izan bada ere, Limako Euskal Etxeak ez zuen Aberri Egunaren hitzordua galdu nahi izan eta, azken 27 urteotan bezala, lagun arteko bazkari eta elkarretaratze batekin ospatu zuen. Aurretik, meza elizkizuna eman zuen Miguel Irizar apezpiku euskaldunak, elkarteko abesbatzaren kantuek lagunduta.
Gehiago irakurri...
2013/04/25

30 kontzertu inguru emango ditu azaroan Juan Mari Beltran musikariak Belgikan, Etxepare Euskal Institutuak eta Jeunesses Musicales elkarteak lankidetzan antolatu duten biraren baitan. Elkarte belgiarra herrialde honetako kultur munduan oso ezaguna da, eta, bere eskutik, Beltranek 20 kontzertu emango ditu eskolatan, eta publiko helduago bati zuzendutako beste 10 kantaldi antzoki eta kultur zentroetan. Beltranek bira aurkezteko kontzertua egin zuen asteartean Bruselan, Ander Barrenetxea (txalaparta eta perkusioa) eta Andoitz Antzizar (trikitixa eta ahotsa) musikariekin batera.
Gehiago irakurri...
2013/04/25

Brasilgo euskal Diasporarekin harreman sakona du Arantxa Ugartetxea donostiarrak; izan ere, zortzi urtez bizi izan zen Sao Paulon 80. hamarkadan. Garai hartan ezagutu zuen hiriko Club Atlético Paulistano, euskal pilotazale amorratu talde batek osatua. Brasildar hauek zesta puntarekin duten grinak eta pasioak inspiratuta, Arantxak eleberrira bildu ditu herrialde honetako pelotariek bizi izan dituzten abenturak eta istorio harrigarriak. "Maite dute zesta puntaren ikusgarritasuna, pilotak otarra jotzen duenean egiten duen soinua", azaldu digu Arantxak.
Gehiago irakurri...
2013/04/25

Misiones probintzia argentinarreko Posadas hiriburuko Euskal Jatorri Euskal Etxeak bere buletinaren 23. zenbakia plazaratu du berri du. Aldizkaria bi formatutan eskura daiteke oraingoan, paperezko edizioan eta formato digitalean. Hala ere, eta bidaltzeko kostuak ekidite aldera, sareko bertsioa bultzatu nahi dute euskal etxekoek. Apirileko ale honetarako hautatutako gai nagusia Leitza da eta azaleko argazkiak eta artikulu nagusiak Nafarroako herria dute protagonista. Euskal etxean berehala burutuko diren ekintzak ere iragartzen ditu buletinak, horien artean, Ohiko Biltzar Orokorra (gaur), Euskara klaseak eta Zine Zikloa.
Gehiago irakurri...
2013/04/24

Iñigo Urkullu lehendakaria Bruselako euskal komunitatearekin bildu zen atzo, "Europaren bihotzera" egin duen lehen bidaia honetan. Ekitaldira bildu zirenen artean Europako erakundeetan lanean diharduten euskal politikari eta teknikariak izan ziren, baita Bruselako Euskal Etxeko ordezkariak ere. Bidaiaren lehendabiziko egunean Urkullu Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durão Barrosorekin bildu zen; gaur Europar Kontseiluko presidente Herman Van Rompuyrekin egingo du topaketa.
Gehiago irakurri...
2013/04/24

Etxeko belaunaldi guztietako dantzariak gonbidatu zituen Necocheako euskal etxeak Dantzari Ohien Jaian parte hartzera. Proposamena oso arraskatsua suertatu zen eta azken sei hamarkadetan Euzko Etxea-ko dantza taldeetako kide izan zirenak elkarretaratze hunkigarri batean bildu ziren. Festarako, gainera, arropa eta argazki erakusketa eta galdera-erantzun jolasa prestatu zituzten antolatzaileek. Topaketaren baitan, oroigarri berezi bat eskuratu zitzaien dantzari ohi guztiei. Gaua berandu arte luzatu zen erromeria giroan.
Gehiago irakurri...