2013/05/01

Bisita egin du Saladillon, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako alkate Carlos Gorositok herriko euskal elkartearen egoitzara eta Itxaropen Euskal Etxeko lehendakari Hector Altamirak eta Zuzendaritza Batzordeko lagunek errezibitu dute. Ekitaldi berean Gorositok Euskaditik heldutako Aratz Arregi eta Ugaitz Iturbe bisitariak ere agurtu ditu, Saladilloko Cicaré Helicópteros enpresako ordezkariak Europan. Itxaropen euskal etxe saladillotarra ekimen puxanta da, aktiboa herrian, poliki poliki eta zatika, udala ere lankide egoitza eraikitzen joan dena.
Gehiago irakurri...
2013/05/01

Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-Euskal Ikasketen Zentroak bihar hasiko du aurtengo Nazioarteko Mintegia, "Beyond Guernica and the Guggenheim: Relations between Art and Politics from a Comparative Perspective" izenburupean. Mintegia larunbata arte luzatuko da eta nazioarteko adituak bilduko ditu gaur egungo artearen eta polikaren arteko harremana aztertzeko. Mintegiaren antolatzaile dira Adelina Moya eta Jesus Arpal (William Douglass Scholar ikerketa bekadunak) eta CBSko irakasle Zoe Bray.
Gehiago irakurri...
2013/04/30

Argentina dira egunotan Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga eta Euskararen Sustapenerako zuzendaria, Mari Jose Olaziregi, herrialde honetako euskara eta kultura arloko eragileekin zenbait bilera egiteko asmoz. Atzo, esaterako, Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan eta Juan de Garay eta Laurak Bat elkarteekin izan ziren, besteak beste. Gaur La Platako Unibertsitate Nazionalean euskara eta euskal kultur irakurletzako ikasleekin topaketa egingo dute.
Gehiago irakurri...
2013/04/30

Asier Vallejok, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, iragan larunbatean amaitu zuen Brasilen Hego Ameriketara egin duen lehen bidaia ofiziala. Biraren balioespena baikorra da; izan ere, hamar eguneko egitarau trinkoan Txile, Argentina, Uruguai eta Brasilgo euskal elkarteekin harremanak sustatzeko aukera izan du. Brasilen, bidaiaren azken txanpan, Sao Pauloko bi euskal etxeekin eta Rio Grande do Sul estatuko elkarte gaztearekin bildu zen Vallejo. Aurretik, Uruguaien, herrialde honetako elkarteen ordezkariekin hartu-emana izan zuen eta Montevideoko alkatearekin ere bilera egiteko aukera izan zuen.
Gehiago irakurri...
2013/04/30

Zuzendaritza Batzordea berritu du Santiagon Colectividad Vasca de Chile (Txileko Euskal Gizataldea) euskal etxeak Estadio Español izenekoaren egoitzan eginiko Urteko Ohiko Batzarrean. Rossana Arza Pizarrok segitzen du elkarteko lehendakari eta batzordekide izango ditu Daniel Zamudio Wehrhahn, lehendakariorde; Estrella Aguirre Pallavicini, idazkari; eta Patricio Achurra González, diruzain, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2013/04/30

Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeak antolaturik, ‘Kimuak’ bildumako zazpi laburmetraia proiektatu ziren pasa den astean hiriko Leonardo Favio Kultur Guneko zine aretoan. Deialdiak oso erantzun ona izan zuen komunitatean eta euskal etxeko kideak ez ezik, Rio Cuartoko Unibertsitateko anitz ikasle ere inguratu ziren Kultur Gunera film laburrak ikustera. Instituzioko kideak oso pozik daude emaitzarekin eta murgilduta daude hurrengo proposamenean: maiatzaren 11ko FEVAko Buruzagi Formakuntzarako Tailerra.
Gehiago irakurri...
2013/04/29

Bost DVD ditugu gure irakurleen artean zozketatzeko. Jose Mendiague Diasporako bertsolari handiaren bizitzari buruzko pastoralaren grabaketa da, Zuberoako Arrokiaga herrian egina 2012ko udan, Aldudarrak Bideoren eskutik (www.kanaldude.tv). DVDetako bat lortu nahi baduzu, bidali zure izen-abizenak, helbidea eta telefonoa info@euskalkultura.com helbide elektronikora eta zozketan parte hartuko duzu.
Gehiago irakurri...
2013/04/29

Saltoko Euskaldunen Taldea du izena Saltoko (Uruguai) euskal etxeak eta aurten apiril honen hasierarekin bat zabaldu eta jakinarazi dute urteko, 2013ko, ekitaldien eskaintza. Ohi bezala ilusioz ekin diote eta euskaran, esaterako, Montevideotik datorkien Leonat Egiazabal izango dute aurrez-aurreko eta urrutizko irakasle. Horrekin batera jorratuko dituzte pintura, euskal dantzak, musa, sukaldaritza, zinema, kirolak, egingo dituzte ohiko festak...
Gehiago irakurri...
2013/04/29

Aberri Eguneko ospakizunak Peruko zazpi hiritara zabaldu dira aurten, Limako Arantzazuko Amaren Kofradiak eta Anaidiak sustatu duten ekimenari esker. Kofradiak jakitera eman duenez, euskaldunek eta euskaldunen ondorengoek bat egin zuten ekitaldiotan eta meza eta afariekin ospatu zuten egun hau Limako egoitzan, eta Puno, Arequipa, Trujillo, Cajamarca, Jauja eta Ica hirietan.
Gehiago irakurri...
2013/04/29

Poznango 'Dni Baskijskie' edo Euskal Egunak jaialdiak euskal kultura hiri poloniarreko kaleetara atera zuen iragan astean, apirilaren 23tik 25era bitartean. Etxepare Euskal Institutuak Adam Mickiewicz Unibertsitatean duen euskara irakurletzak antolatu zuen ekitaldia eta, aurreko edizioetan bezala, ikasleak buru-belarri engaiatu ziren antolakuntzan eta jardueretan. Amaia Dones irakurleak polonieraz eginiko bertso saioa eta hiriko kultur elkarteen lankidetza azpimarratu dizkio, besteak beste, EuskalKultura.com-i.
Gehiago irakurri...