2013/05/27

Portugaleteko Asti Leku ikastolak antolatuta, igandean egin zen aurtengo Ibilaldia, Bizkaiko ikastolen jaia. Bertan, Euskal Herri osoko milaka euskaltzalerekin batera, gonbidatu berezi batzuk ere izan ziren: Alemania, Ingalaterra, Italia, Txekia eta Poloniako hamaika euskara ikasle. Batzuk maila bikaina dute, Poznango Alicja-k, esaterako, eta beste batzuk ikasten hasi berriak dira, baina bisita euskararen jai hau ezagutzeko aukera bikaina izan zen denentzako. Osteguna arte izango dira Euskal Herrian, ikastolako ikasleen familiekin bizitzen.
Gehiago irakurri...
2013/05/27
San Lorenzo de Almagro Klub Atletikoa dauka izena, baina San Lorenzo gisa ezagutzen dute gehienek. Buenos Aires hirian dauka egoitza eta Argentinako bost futbol talde nagusienetakoa da. Azken hilabeteotan oihartzun berezia lortu du munduan, Frantzisko Aita Santuaren ekipoa baita. Eta bere historia eta ibilbidea aipatzerakoan, euskal lotura handiko taldea dela behar da esan. Datozen lerroen egilea, Guillermo Pascual, San Lorenzoren zale amorratua ez ezik, futbolari buruzko ‘Palabra Santa’ irratsaioko zutabegile eta Pergaminoko ‘San Lorenzo de Almagro’ lagunarteko kide aktiboa ere bada. Eskerrak ematen dizkiogu lerro hauek guretzat idazteagatik.
Gehiago irakurri...
2013/05/24

Buenos Airesen, hiriburu argentinarreko Laurak Bat Euskal Etxeak, bere barne araudiari segituz, 2013ko Ohiko Batzar Nagusia eginik, Zuzendaritza Batzordea berritu du, aldaketa handirik gabe. Arantxa Anitua buru, segitzen dute batzordekide Arantxa Goicoa, lehendakariorde; Miren Arozarena, idazkari; Maria Antonia Barquin, idazkariorde; Eduardo Lizaso, diruzain; eta Maite Anitua, diruzainorde, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2013/05/24

Cuban Hat izeneko kanadiar egitasmoak “160 metros: una historia del rock en Bizkaia” dokumental sailaren proiektua hautatu du Docs Wanted sariaren lehen aukeraketan. Orain, beste hamalau proiektuekin lehian ari da, behin betiko zerrendako partaide izateko. Horretarako, internet bidezko bozketa irekia egin du erakundeak, baina epea oso laburra da: igandean itxikio da botoa emateko aukera. Bizkaiko rockaren historiari buruzko sail hau lagundu nahi baduzu, eman bultzadatxoa!
Gehiago irakurri...
2013/05/24

Valladolideko Gure Txoko Euskal Etxeak antolatu zuen iragan maiatzaren 11 eta 12an egin zen estatu espainiarreko Euskal Etxeen 2013ko Mus Txapelketa. Bartzelonako ordezkariak, Norberto Rodriguez eta Andres Fernandez, izan ziren garaileak eta, horrenbestez, Txilen egingo den Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketan parte hartuko dute. Bestalde, igandean Valladoliden egin zen ere estatuko euskal etxeen federazioaren urteroko bilkura. Bertan aipatu ziren gaien artean, aurtengo diru-laguntzek izan ditzaketen murrizketak eta datozen ekitaldi eta egitasmoak.
Gehiago irakurri...
2013/05/24

Eskualdeko euskal etxe guztiak ezagutzeko asmoa du Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosurrerako Ordezkariak eta helburu hori betetzen hasia da jadanik. Jose C. Pazeko euskal etxera egindako bisitan, hitzaldi bat eskaini eta Gernikako Bonbardaketaren 75. Urteurrenari buruzko Erakusketaren inaugurazioan hartu zuen parte Eusko Jaurlaritzaren mandatariak. Egun berean, Aberri Eguna ere gogoratu zuten Toki Eder-ekoek, Sara Pagola lagun. Jose C. Paz-eko euskal etxeko kideekin eginiko lehenengo elkarretaratzean, hiriko eta bertako agintariekin bildu zen Ordezkaria.
Gehiago irakurri...
2013/05/23

Nazioarteko ibilbide polita egiten ari da Oskar Alegria iruinsemearen "Emak Bakia" dokumentala. Azken emanaldiak Kalifornia aldean egin dira; hasteko San Francisco International Film Festival delakoan, eta ondotik, hiri estatubatuarreko Basque Cultural Center-en. Dokumentalak Lapurdiko kostaldeko etxe misteriotsu baten bila eginiko bidaia du abiapuntu, eta zuzendaria pozik agertu da euskal etxeko emanaldira Iparraldeko euskaldun asko bildu zirelako. Hurrena, Liman eta Sydney-n izango da ikusgai.
Gehiago irakurri...
2013/05/23

Erakundea bizirik mantentzen dutenak omentzeko asmoarekin ezarri zuen ‘Bazkide Eguna’ Buenos Aires probintziako Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak. Proposamenak oso harrera ona izan zuen komunitatean eta jende anitz bildu zen 2011 eta 2012ko ospakizunetan, saridunekin momentu berezi hori partekatzeko. 2013 honetan ere partaidetza handia espero dute, hitzordua ekainaren 9an. Etxe Alai-k jakinarazi du, bestalde, ireki berria dutela euren Facebook-eko kontua.
Gehiago irakurri...
2013/05/22

15 urte bete ditu Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeak eta ehun bat lagun bilduz ospatu zuen joan den asteburuan. Geroari begira behar bezala ospatzeko, aktibitate handiko urtea iragarri dute 2013a. Hileroko nerabeentzako topaketak, hiriko Gizataldeen Festa, Urdaiazpiko Jaia… hainbat ekitaldi interesgarri egingo dituzte urtean zehar. Hauez gain, astero ematen dira euskal etxean euskara eta dantza klaseak. Eta gauza txiki askok ekartzen dutela aurrerapena pentsatuta, egoitza hobetzen ere nabari zaie mugimendua: joan den larunbateko festan, komun berriak inauguratu ditu euskal etxeak.
Gehiago irakurri...
2013/05/22

Kaliforniako Santa Barbara unibertsitateak (UCSB) Iberiar Ikasketen Mintegi bat egin zuen iragan astean eta euskal gaiek tartea izan zuten bertan. Batetik, Etxepare Euskal Institutuko Mari Jose Olaziregik iberiar ikasketen egoerari buruzko hitzaldia eman zuen eta, bestetik, Unai Nafarrate, UCSBko ikaslea, eta Diana Palenzuela euskara irakurlea euskal komukibideei buruz eta Euskal Herriko hezkuntza elebidunari buruz aritu ziren.
Gehiago irakurri...