euskal diaspora eta kultura

2014/02/14
Galdutzat ematen zen Sor Lekua lehenengo euskarazko filmaren kopia bat aurkitu zuen Josu Martinez Euskal Herriko Unibertsitateko lizentziadunak doktoretza proiektuaren ikerketaren baitan. Eskuratutako kopia, ordea, soinu gabekoa denez, aldaki soinuduna aurkitzeko erronka hartu zuen aditu bilbotarrak bere ikerketari urrats berria emateko. Sor Lekua filma Diasporako euskaldunentzat zegoen zuzenduta eta hori dela bilaketa Diasporan jarraitzea erabaki zuen Martinez-ek. Buenos Aireseko egonaldian elkarrizketa egin dio EuskalKultura.com-ek bere lanen egoeraren berri izateko. Erne San Frantzisko eta AEBetako euskaldunak ere, zuei ere zuzentzen baitizue ikertzaileak galdera!
2014/02/13
"Gernika bajo las bombas" luzemetraiak abiatuko du gaur gauean Bartzelonako Zinemaldia 2014. Euskal Etxeak antolatzen duen jaialdia hazi egin da bederatzigarren edizio honetan eta pantaila handian ikusi ahalko dira filmak. Horrez gain, Zinemaldiak Sail Ofiziala estreinatuko du eta hamaika lan lehiatuko dira Txapela d'Or sariagatik. Epaiamahaia Kataluniako zine munduko pertsona ezagunek osatuko dute: Joel Joan, Aina Clotet, Marc Recha eta Jordi Ambròs. Eta hori guztia, prezio herrikoiarekin gainera: sarrerak 4,5 eurotan.
2014/02/13
Atzo plazaratutako ohar batean, Argentinako Acción Vasca-Eusko Ekintza elkarteko kideek jakinarazi dute urtarriletik abian dela erakundearen baitan sortutako Manuel de Irujo Institutua. “Euskal kultura eta abertzaletasuna zabaltzeko helburua duen Institutu berri honek Acción Vasca-Eusko Ekintza-ren betiko xedeak beteko ditu baina kasu honetan arlo akademikoari begira”, azaldu dute elkartetik. 2014an garatu nahi dituzten ekintzen artean, hitzaldiak, liburuen aurkezpen eta argitalpenak, eta senideen bilaketa aipa daitezke.
2014/02/13
Joan den larunbatean, 2014ko otsailaren 8an, Arturo Gonzalez de Zarate hil da Carabobo estatu venezuelarreko Valencia hirian, 82 urte zituela. Besteak beste Cumaná-ko Eusko Etxeko lehendakari eta sortzaile izan zen gasteiztar hau 1931eko azaroaren 16an jaio zen Euskal Herrian eta 1953ko maiatzean iritsi zen Venezuelara. Venezuelarren aita eta aitona, oso pertsona aktiboa izan da bere bizitza osoan euskal komunitatearen baitan. GB.
2014/02/12
Bihar, otsailaren 13an, Idahoko euskaldunek hitzordua dute Boiseko Kapitolioan, "A Basque thank you" ekitaldian parte hartzeko. Ekitaldi honekin euskal komunitateak esker ona agertuko dio Idaho estatuari, azken hamarkadaotan babesa eta sostengua emateagatik euskaldunek eta Pete Cenarrusa estatu idazkari ohiak sustatutako hamaika jarduerei.
2014/02/12
Argentinako euskal musikaren erreferente handienetako bat da zalantzarik gabe. Jose Maria Gutierrez txistulari eta danbolin jotzaileak ia berrogei urte daramatza dantzariei laguntzen: Buenos Airesen, Accion Vasca-Laurak Bat-eko gazteekin; nazio mailan, Euskal Asteetako Plaza Dantzan parte hartzen duten euskal etxeetako neska-mutilekin. Euskal Herriko publikoa ere ez zaio arrotza egiten Bahia Blancako musikariari. Izan ere, Donostiako Konstituzio Plazan aurkeztu zen 1982an, talde argentinar batekin. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan, txistulari baten pasadizo, erronka eta iritziak, Jose Maria Gutierrezen eskutik.
2014/02/11
Berria azkar zabaldu da Athletic-en Mexiko eta AEBetako zaletuen artean: taldeak denboraldia Ameriketan amaitu lezake aurten, lagunarteko hiru bat partida jokatuz. Topaketa horiek Mexiko DFn, New Yorken eta AEBetako beste hiri batean izan omen daitezke. Euskalkultura.com Ibaiganeko klubarekin harremanetan jarri da berria baieztatzeko, eta taldeko iturriek onartu dute Ligak proposamen hori helarazi diela. Halarik ere, momentuz gaiak ez du aurrera egin. "Aurrena Liga nola amaitzen dugun ikusi behar dugu", esan dute.
2014/02/11
Bost urtez jarraian gauzatu ondoren, aurten ez da burutuko Buenos Aireseko Euskal Echea Institutuaren 'Universidad Vasca de Verano' (UVV, Udako Euskal Unibertsitatea) delako ikastaldia. Enrique Aramburu ekimenaren arduradunak azaltzen duenez, “izena eman duten lagunen kopurua ez da nahikoa izan kurtsoak abiatzeko; hala ere, ez diogu ikastaroak emateari utziko. Aurtengo programa urtean zehar garatuko da, erakundeko Ikasketa Aurreratuen Zentroaren baitan”. Proposamen berriaren behin-behineko egitaraua, EuskalKultura.com-en artikulu honetan.
2014/02/11
Irakurleentzat izan dezaketen interesagatik, datozen lerroetara bildu ditugu Argentinako Euskal Aste Nazionalari buruzko zenbait jakingarri eta Hego Ameriketako euskal gizatalde horrek antolatzen dituen beste hitzordu batzuen berri. Horri emendatu diogu Estatu Batuetako beste zenbait elkarretaratzeri buruzko aipu, norbaitek hauek guztiak aldez aurretik jakinda bertaratu nahi izango balu-edo.
2014/02/10
San Sebastian jaialdiak ireki du 2014an ere Necocheako euskal etxearen urteko egitaraua. Programa barruan mota askotako ekintzak garatu ziren, tartean pilota partidak, sukaldaritza tailerra eta erromeriak. Baina ohi legez erakargarri handiena danborrada izan zen. Eta danborrada eta 300 lagunentzako afari batekin amaitu zen Necocheako Aste Nagusiaren 34. edizioa. Nobedade gisa, Donostiako Konstituzio Plazaren itxura eman zitzaion areto batean burutu zen Pintxo Eguna.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus