euskal diaspora eta kultura

2014/03/05
Liverpoolgo Unibertsitateak Euskara eta Euskal Kultura irakurle postua betetzeko deialdia egin du. Hautagaiek betebeharreko baldintzen artean honakoak dira: PhD edo Doktoretza maila irakasgaiarekin harremana duen arlo batean, EGA, nazioarte mailako argitalpenak eta euskara irakaskuntzan eskarmentua. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen du irakurletza, baina kasu honetan unibertsitatea bera da hautatze-prozesua kudeatzen duena, postua Liverpool University-ko barne postu finkoa bilakatuko baita. Hautagaitzak bidaltzeko epea apirilaren 4an itxiko da.
2014/03/05
Aitor Alava dantzari arabarrak sorturik, 'Dantz-ango' blogak Euskal Herriko eta Argentinako folkloreen hedadura zabaltzeko helburua du. Esperientzia handiak bermatzen du Ekin Dantzari Taldeko zuzendariaren lan berria; izan ere, urteak daramatza tauletan zein dantza eskolak ematen 2004tik Buenos Airesen bizi den gazte euskaldunak. Proposamenak beste asmo bat ere badu: “Dantzari ona izateko, entseatzea ez da nahikoa; irakurri ere egin behar da ikas-prozesu on bat izateko”, proposatzen du Alavak. 'Dantz-ango' sarean dago, doan.
2014/03/04
Merezitako omenaldia jasoko du bihar Amaya Garritz historialari euskal-mexikarrak, Mexikoko UNAM unibertsitateko Ikerketa Historikoen Institutuak antolatuta. Omenaldiak Garritzen ibilbide profesionala eta baita pertsonala ere aintzat hartuko ditu. Garritz aditua da Mexikoko euskaldunen historian eta arlo honetan erreferente nagusienetakoa. Omenaldia Coyoacango Unibertsitate Hirian egingo da eta bertan historia eta genealogia arloko adituek hartuko dute parte.
2014/03/04
Buenos Aireseko Hiriak antolaturik, bere Giza Eskubideetako eta Aniztasun Kulturaleko Azpi-Idazkaritza medio, 'Patio Gastronomico de Colectividades – Kolektibitateen Sukaldaritza Gunea'ren edizio berri bat burutuko da martxoaren 15ean hiriburu argentinarrean. Ekitaldiak hirian bizikide diren kolektibitateen berezitasunak erakustea du helburu, batez ere gastronomiaren esparruan. Euskal gizataldearen kasuan, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskal etxeak izango dira bakoitza stand baten arduradun. Jaia arratsaldeko 4etan hasiko da, Mayo Etorbidean.
2014/03/03
Bernardo Atxaga idazleak Australian bira hasiko du gaur, Adelaide hiriko Idazleen Astea delako literatura jaialdian parte hartuz. Gaur "In translation" izeneko ekitaldian elkarrizketa egingo diote eta bihar "Obabakoak" eleberria izango du hizpide. Asteazkenean Sydney hirira joko dum hango unibertsitatean ikasleekin bildu eta bere lanari buruzko hitz egiteko. Bidaia ostegunean emaituko du, Melbourneko unibertsitatean emango duen hitzaldiarekin.
2014/03/03
Martxoaren 8an ospatzen da Emakumearen Nazioarteko Eguna eta hainbat gizarte sektorek bat egiten dute emakumeen eskubideak aldarrikatzeko burutzen diren ekitaldiekin. Argentinako euskal gizataldeak ere badu zeresanik egun horretan eta kari horretara ateak irekitzen dizkio komunitateari emakumeen omenezko jaiak burutzeko. Elkarretaratze hauekin, gainera, 2014ko euren egutegia irekiko dute euskal erakunde hauek. Artikulu honetan, Ayacucho, Chacabuco eta Villa Maria hirietako euskal etxeen Emakumearen Eguneko ospakizunerako gonbiteak.
2014/02/28
Azkue Fundazioak Argia aldizkariaren laguntzarekin abian jarri duen Blogetan! lehiaketak lau kategoriatako hamabi finalisten izenak aditzera eman ditu. Publikoak eta epaimahaiak hautatu dituzte finalista hauek. Irabazleen izenak datorren martxoaren 6an emango dira jakitera, Azkuek eta Argiak antolatu duten euskal blogarien topaketaren baitan. Jardunaldi irekia eta doakoa izango da. Bertan izan nahi al duzu? Jarraian esango dizugu nola.
2014/02/28
Erabat finkatuta dagoen ekitaldia da Argentinako euskal gizataldearen egutegian eta ez da gutxiagorako. Eskualdeko euskal etxeei begira jaiotako proposamen hura emeki haziz joan da urtez urte eta gaur egun ehunka kilometro egiten dituzten dantza taldeak ere biltzen ditu programara. Cañuelasko Denak Bat-ek antolatutako Aberri Eguneko Dantzari Topaketa 8. ediziora iritsiko da aurten eta apirilaren 5 eta 6an burutuko da aurtengoan. Festaren xehetasunak eta vaucherren prezioak EuskalKultura.com-en artikulu honetan.
2014/02/27
Oregoneko Ontario Basque Center elkarteak 67. Urteroko Dinner & Dance festa egin zuen iragan larunbatean. 450 lagun inguru bildu ziren bertara, euskal kulturaz gozatzeko prest. Ohi bezala, Beti Alai taldeak dantza erakustaldia eman zuen eta festako enkantean bildutako dirua Ontarioko ongintza elkarteen artean banatuko du euskal etxeak. Aurtengo jaiak izar oso berezia izan zuen, baina: elkarteak prestatu zuen "photocall"-a: gazte zein heldu, denak animatu ziren bertan argazkiak ateratzera. Elkarteak ia 250 argazki igo ditu bere Facebook orrira.
2014/02/27
Herriko kirolgune garrantzitsuenetako bat bihurturik, 49 urte bete ditu aste honetan La Pampa probintzia argentinarreko Gral. Acha-ko euskal etxeak. Urteurrenaren baitan, datorren urteko jai handia, 50. urtemugarena, antolatzeko gonbitea luzatu diote erakundeko agintariek komunitateari, festarako batzorde antolatzailea sortu nahian. Bitartean, 2014ko ekintzen egitaraua plazaratu du euskal etxeak, kirol eta kultur eskaintza barne. Horretaz gain, euskal etxea Txahalaren 42. Jaiaren egoitza izango da maiatzean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus