euskal diaspora eta kultura

2014/03/21
Astebete baino ez da falta EuskalKultura.com-en martxoko zozketarako. Euskal kultura sustatzeko dugun konpromisoaren haritik, honako sariak ezarri ditugu oraingoan zozketagai: euskaraz, Diasporaren eta euskal emigrazioaren lekukotasun zuzena ematen duen 'Urruneko mendebalean artzain', Mattin Etchamendyren liburua; ingelesez, Pedro Oiarzabalen 'Gardeners of identity' liburua, San Frantziskoko euskal komunitateaz; gaztelaniaz, 'Vascos en Buenos Aires' liburua, hiriburu horretako Udalak bertako euskaldunez argitaratua; eta DVD bat, 'Zerutik sua dator', 1937an bonbardatu zituzten Bizkaiko hainbat herrietako 50 bat lekukoren hitzarekin. Ez zazu aukera galdu!2014/03/21
Ordezkapena, Paraguaiko hiriburuko Euskal Etxean. Joan den asteartean, Martxoaren 8an egindako Biltzar Nagusian Asunciongo Jasone Euskal Etxeko bazkideek lehendakaritza eta Zuzendaritza Baztordea berritu dituzte, lehendakari berria Jose M. Bruno Lacarra izango dela, eta honekin batzordekide, besteak beste, Pedro Gamarra, lehendakariorde, Eddy Irigoitia, idazkari, Ramón Cueto, diruzain eta Galo Egüez, diruzainorde.
2014/03/21
Urteroko hitzorduari eutsiz, Carmen de Patagoneseko “Patagoniaren Burujabetza Jai”ko kabalkadan hartu dute parte aurten ere bertako euskal etxeko kideek. Ekitaldia astebete luzatu da eta nazio mailako artistak, kultur ikuskizunak eta stand gastronomikoak bildu ditu kaleetan. Beste hainbat kolektibitaterekin batera, euskal gizataldeak ikurrin, jantzi eta dantza tipikoak erakutsi zikion publikoari herriko kabalkadan.
2014/03/20
Atzean geratu dira udako oporrak eta Argentinako euskal etxeak euren betiko erritmoa ari dira hartzen pixkanaka. Poliki poliki euskara ikasle eta irakasleak ere ari dira berriro ikasgeletara bueltatzen, euskararekin hasi edo jarraitzeko. Euskara Munduan programaren baitan, euskal erakunde anitzetan eskainiko dira aurten ere eskolak; eta baita hainbat Hezkuntza Eskola eta Unibertsitatetan ere. EuskalKultura.com-eko artikulu honetan klaseen ordutegi eta egoitzen zerrenda.
2014/03/20
Rio Grande do Sul Euskal Etxeak aditzera eman duenez, datorren apirilaren 9an Brasilgo Insaurriaga Familiaren Hirugarren Bilkura egingo da Monte Bonito herrian. Eugenino Jose Insaurriaga birraitona 1840 urtean Brasilera heldu zenean hasi zen familiaren adar honen istoria. Iaz egin zuten bilkuran 70 senitarteko baino gehiago bildu ziren. Rio Grande do Suleko Euskal Etxeak Brasilgo euskaldunei euren familiaren istoria ikertzeko eta horrelako topaketak antolatzeko laguntza eta sostengua emateko asmoa agertu du.
2014/03/19
Buenos Aireseko Nazioarteko Zine Independentearen Zinemaldiak herri anitzetako obrak batzen ditu urtero. 16. edizio honetan, euskal jatorriko pelikula bat ikusi ahal izango da apirilaren 3an hasiko den programan. Aitor eta Amaia Merino zuzendari donostiarren 'Asier ETA biok' apirilaren 9, 10 eta 12an proiektatuko da hiriburuko zine aretoetan, horretarako propio etorriko den Aitor Merino zuzendaria lagun. "Asier ETA biok" dokumentalak Aitor Merino zuzendariaren eta ETAkide izandako Asier Arangurenen arteko lagun harremana kontatzen duela.
2014/03/19
Gorka Urbizu eta bere mutilek sei kontzertu eskainiko dituzte Estatu Batuetako mendebaldean zehar eta zazpigarren bat New York hirian datozen asteetan. Bira honetan 2011ko azaroan Ross Robinson ekoizle ospetsuarekin grabatu zuten “Haria” izeneko estudioko lanik berriena aurkeztuko dute zuzenean.
2014/03/18
Asunciongo Jasone Euskal Etxeak urteroko Biltzar Nagusia egingo du gaur martxoaren 18a hiriburu paraguaitarrean, elkartearen egoitzan Estrella 451 helbidean. Azkeneko urte honetako kontu ekonomiko eta txostenak onartzeaz gain bazkideek Zuzendaritza Talde berriaren hautaketa egingo dute. Orain arteko lehendakari Hector Izaguirrek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, ez du bere burua kargua berritzeko aurkeztuko, aldika datorkion osasun arazo bat medio urte sabatikoa hartu beharrean suertatu baita.
2014/03/18
Irudimenari astintzeko gogoa baduzu, aukera polita eskaintzen dizu Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Azkue Fundazioak abian jarri duten lehiaketak. "Irudimena" izena du eta laugarren edizioa da aurtengoa. lehiaketan parte hartu nahi dutenek honako erronkari aurre egin beharko diote: Euskal Herriko soinu mapatik ateratako bederatzi soinuen artean bat aukeratu eta horretan oinarrituta soinu berri bat, euskarazko testu bat edo irudi bat egitea.
2014/03/18
Berrogeitik gora kolektibitatek hartu zuten parte joan den larunbatean hiriburu argentinarreko Mayo Etorbidean Sukaldaritza Patioaren edizio berri batean. Azken bi urteetan bezala, euskal kolektibitateak bi ordezkari izan zituen ekitaldian, Laurak Bat eta Euskaltzaleak erakundeak. Ehunka lagunek bisitatu zuten gunea eta ehunka ere bertaratu ziren euskal txokora janariaren usain gozoak eta musika eta dantza ikuskizunek erakarrita. Bisitarien artean, Hiriko Kabineteko Burua den Horacio Rodriguez Larreta eta Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Sara Pagola.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus