euskal diaspora eta kultura

2014/05/27
2014/05/26
Leku beroa izanik, eguzkiak ez du joan den asteburuan erabat estutu Bakersfield-en. Hiru egunez besteak beste bertako euskal etxearen --Kern County Basque Club izenekoaren-- 70. urteurrena eta NABOren 2014ko Convention edo Biltzar Nagusia ospatu dituen Kaliforniako euskal komunitate honek ehundaka jende bildu ditu Union Street-eko bere egoitzara, giro polit arrakastatsuan, tartean itsasoz bi aldeetako musikariak, dantzariak, pilotariak, muslariak eta bere euskaltasuna pozez elkarbanatu eta bizitzeko prest agertu den gizatalde aktibo eta aurrerakoia.
2014/05/26
Gaur betetzen dira 75 urte, Pariseko Chaillot Antzokian egindako gala batek Euskal Herriaren arima, bere kultura, Europan zehar ezagutzera emateko europar bira bati amaiera jarri ziola. Ekitaldi harek Santanderren hasia zen giza- eta arte-alorreko abenturaren apoteosia izan zen. 1937ko abuztuaren 19an, guztiak galdua zirudienean, Agirre lehendakariak borrokari tresna baketsuez eman behar zitzaiola segida pentsatu zuen. Gabriel Olaizolari deitu eta bakearen kultur enbaxadari misioa egotzi zion, faxismoaren oldarraldia bizi zuen Europa batean. Honela sortu zen Eresoinka.
2014/05/26
Zuzendaritza Batzordea berritu berria, urtean zehar garatuko dituen tailerren zerrenda kaleratu du Euskal Argentinar Erakundeen Federazioak (FEVA). Baliabideak optimizatze aldera, elkarretaratze bakoitzean bost tailer eskainiko dira, tartean dantza, musika, buruzagien trebakuntza, pilota eta sukaldaritzaz, hain zuzen. Lehenengo hitzordua datorren asteburuan izango da, Cañuelasen, eta parte hartzeko izena emateko epea bihar, maiatzaren 27an, bukatuko da. Hurrengoak, berriz, abuztuan eta irailean izango dira Villa Marian eta Macachinen hurrenez hurren.
2014/05/23
2014ko aktibitateen egitarauari jarraituz Txiki Eguna ospatuko dute Cordobako Gerora Elkarteko lagunek bihar larunbata hiriko Rivadavia Plazan. Umeei zuzendutako proposamena talde cordobatarrak azken bolada honetan burututako ekitaldi zerrendari gehituko zaio. Izan ere, Kepa Etchandy-ren “Amerikanuak” liburuaren aurkezpena eta Gernikako Bonbardaketaren urteurrena ere gogoratu dituzte Gerorakoek, Txotx!-eko dantzariak eta Baietz musika taldea lagun. Honekin batera, instituzioko zuzendaritza berria jakinarazi digute Cordobako elkarteko arduradunek.
2014/05/23
Iragan maiatzaren 17an Brasilgo Rio Grande do Sul Euskal Etxeko bazkide eta lagunek estatu honetako Fronteira Oeste edo Mendebaldeko Mugan egin zen euskaldunen topaketara bildu ziren. Hitzorduak bi "amu" nagusi zituen inguruotako euskaldunen ondorengoentzat: batetik, jatorri berdina duten lagunak ezagutzea eta eurekin esperientzia eta informazioa partekatzea; eta, bestetik, Lehenengo Pintxo Jaialdian dastagai izan ziren kutixiekin gozatzea. Topaketa, nola ez, arrakastatsua izan zen!
2014/05/22
Birak "Nokez Tour" izena du, Markezen eta Nokaren izenak bilduta, eta bihar bertan abiatuko da Kaliforniako Bakersfield hirian, Kern County Basque Clube elkartearen Euskal Jaialdiaren baitan. Ondoren hainbat emanaldi egingo dituzte Estatu Batuetako Oestean barrena: Kalifornia, Nevada, Idaho eta Oregon estatuetan izango dira zehazki. Bira ekainaren 7an amaituko da, Ontarion.
2014/05/22
Hamalau urteko agintaldiaren ostean, eta euskal etxearen Biltzar Orokorraren baitan, elkartearen zuzendaritzaren lekukoa pasatu die Antoni Baztan-ek Hector Baztan lehendakari eta Graciela Fernandez lehendakariorde berriei. Agintaritza berritzea, erakundearen 91. urteurrena baino aste batzuk lehenago burutu zen Patagonia argentinarrean jardunbide handikoa den euskal etxe honetan. Batzorde berria hautatu izana eta lekukoa hartzea ospatzeko, otordu bat partekatu zuten elkartearen egoitzan, besteak beste partaide zirela agintari ohi eta berriak, dantzariak eta lagunak oro har.
2014/05/22
Bizkaiko Akordan jaioa, bada bulta bat Amador Zabalbeascoa amerikano dela. Bizilekuz, 1970etik, urte hartan emigratu baitzuen Kaliforniara. Paperez, Clinton presidente zela amerikartu zen. Gaur egun ganaduzale kaliforniar bat gehiago da, emaztea eta hiru semeak amerikarrak eta pentsamoldea errepublikano samarra. Kexu da ekologistek arrantxariei ezartzen dizkieten oztopoez, bizimodua gizalegez irabazten ez dietela uzten dio.
2014/05/21
Bihar hasiko da Bilboko Arriaga antzokian 7. Klasikoen Irakurketa, Gabriel Arestiren "Harri eta Herri" poesia liburua ardatz. Etenik gabeko saio izango da, urtero bezala eta goizeko zortzietatik arratsaldeko zortziak bitartean ehundaka lagun igoko dira antzokiko taulagainera, idazle bilbotarraren maixulaneko hitzak ahotan. Munduko 21 euskal etxetako euskara ikasleek ere bat egingo dute ekimenarekin eta Arriagako pantaila erraldoian ikusi ahalko dira, aldez aurretik grabatuta, eurei egokitu zaizkien pasarteen irakurketak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus