euskal diaspora eta kultura

2007/07/18
Aurten ere heldu dira Eako Poesia Egunak, Bizkaiko kostaldeko herri eder honetan Gabriel Arestiren omenez antolatzen diren jardunaldiak. 'Herrijari emon arnasa' elkarteak antolatzen du poesia jaialdia eta bere helburua Ean bizi izan zen Aresti gogoratu eta poesia kalera ateratzea dira. Aurtengo jardunaldiek emakumeen literatura, Baudelairen Les fleurs du Mal lanaren 150 urteak edota ibilbide laburreko idazleen unibertsoak bezalako gaiak jorratuko ditu.
2007/07/18
Nafarroako Gobernuak 107.125 euroko diru kopurua banatzea erabaki du euren lana estatu espaniarretik kanpo egiten duten zazpi nafar erakunderen lana laguntzearren, karia hortarat joan den otsailean Nafarroako Buletinean argitara eman zuen deialdiari jarraiki. Erakunde onuradunak, Argentinako bost nafar etxeak dira --Rosario, Mendoza, Buenos Aires, Mar del Plata eta Bolívar-- baita herrialde horretako Nafar Etxeen Federazioa ere, egoitza Buenos Aires hirian duena, eta baita ere, azkenik, Europan, 'Beti Nafarroa' izena hartu duen Pariseko Nafar Etxe hasiberria.
2007/07/17
Haize Hegoa, Euskal Kultura Ikertu eta Hedatzeko Ikasketxe Uruguaiarrak omenaldia prestatu dio gaur Montevideon Julián Murguía injineru eta idazle izan zenari, besteak beste Alfredo Zitarrosa eta Tabaré Etcheverry bezalako izen handiek musikatu zituzten testuen egilea berau. Gaur plazaratuko duen CDa ere ekoitzi du elkarte euskaltzaleak Julián Murguíaren ohoretan. Ekitaldian José María Obaldía ministroa, Washington Benavides eta Heber Raviolo arituko dira, baita Elena Zuasti antzezlea ere. Izan ere azken honek irakurriko du 'Los Vascos' Murguíaren ipuina eta beste testu batzuk. Ekitaldi honekin abiatuko du Haize Hegoak 'Homenajes-Omenaldiak' bataiatu duen bere ekimen berria, Uruguain euskal kultura zabaltzen lagundu duten euskal uruguaiarrak gomutatu nahi dituen ekimena.
2007/07/17
Jon Bagues, Eresbil Musikaren Euskal Artxibo Nazionaleko zuzendaria, AIBM Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteko lehendakariorde aukeratu dute berriki Sydneyn, Australian, egindako biltzarrean. Euskal Herrira itzulirik Baguesek karguaren ardurak eta bultzatu nahi dituen proiektuak azaldu dizkio BasqueHeritage.com-i. 'Nire lana elkartea Hegoamerikako bazkideei irekitzea izango da eta gurekin jaso ditzaketen onuren berri ematea. Hegoamerikako ondare aberatsari buruz informazioa jaso nahi dugu', adierazten du.
2007/07/17
San Fermin jaiak direla eta Argentinako euskal etxeek antolatu dituzten ekitaldien berriak ari zaizkigu iristen, oraindik ere, erredakziora. La Platako Euzko Etxetik adibidez. Buenos Aires probintziako hiriburura bazkide ugari bildu zen bazkaltzera sanferminen karietara, eta bazkalostean elkarteko dantza taldearen erakustaldia ikusi ahal izan zuten. Rio Cuarton, aldiz, Gure Ametza Euskal Etxeak bereziki gazteentzat antolatutako ekimena egin zuen eta arrakasta handiarekin egin ere. Antolatzaileak harro agertu ziren bildutako jende kopuruarengatik eta baita ere gazte hauek Euskal Herriko moldeak ezagutzeko erakutsi zuten gogoarengatik.
2007/07/17
Argentinako euskal etxeek euskal bestarik unibertsalena, San Ferminak, ospatu dute uztail hasiera honetan. Iruñatik milaka kilometrora egon arren, txunda txunda ta txundaren doinuarekin bat egin zuten eskarmentu handiko festalariek eta baita jaien espezializazioan horren trebeak ez direnek ere. Distantzia ahanztura dela diote... baina txupinazoa, peñak, erraldoiak eta kilikiak, entzierroak inoiz ezagutu dituenarentzat uztailaren 7ak, betirako, esanahi bakarra izanen du, poza.
2007/07/16
Sukaldari ezagunak zuzenean dastatu nahi izan zuen Necocheako Euzko Etxean egiten den euskal sukaldaritza eta bisita egin zuen bertara. Zuzendaritzako kideek eman zioten ongietorria, eta dantzariek aurresku eta fandango bana eskaini zioten. Bisitaren isla gaur bertan aterako da telebistaz 'Secretos de Maestro' haren saioan, hiru emanalditan eta emisioa datorren larunbatean errepikatuko da, beste bitan.
2007/07/16
Itxaropen Euskal Etxeak giro ederrean ospatu zuen bere 9. urtemuga, 300 lagunetik gora bilduz. Urteurren jaia Jacobo Urso klubean egin zen eta Saladilloko bizilagun eta agintari asko batu ziren bertara, horien artean José Luis Salomón, behin-behineko Intendentea (alkatea). Baita ere inguruko Cañuelas eta Las Floreseko euskal etxeetako lagun ugari. Saladillo eta Cañuelaseko dantza taldeeek erakustaldia eskaini zuten eta Otxote Osasuna taldeak bere kantuekin alaitu zuen gaua.
2007/07/14
Gernikako Elai Alai Dantzari Taldea Caracasen dago eta gaurtik aurrera bertako beste dantza talde batzuekin batera emanaldi bereziak egingo ditu Venezuelako hainbat hiritan, uztailaren 22a arte. Dantza taldeak bisitatuko dituen hiriak Caracas hiriburua, Naiguatá eta Valencia dira. Emanaldiotan tradizioa eta berrikuntza uztartuko dituzte, antza tradizionalekin batera joera berriagoak dituztenak ere eskainiko dituzte. Horrez gain, berrikuntzen baitan, dantza teatroarekin nahastuko dute.
2007/07/14
Gauaren ilunean, banan banan, zerura doazen txinpartak bezala, EuskalKultura.com orrira ailegatzen zaizkigu San Juan gauaren inguruko berriak. Suipacha hiriko kronika jaso berri dugu eta bertan, jolas, dantza eta jakina, suaren berri ematen digute. Ekainaren 23an, Buenos Aireseko probintzian kokatua dagoen hiri honetako Gure Txokoa Euskal Etxeak, komunitate osoa higiarazi zuen, bere desioak sutara bota zitzan. Deialdiak oihartzun zabala izan zuen eta azkenean, su bat baino gehiago piztu behar izan zuten heldu eta umeen pozerako. San Juan egunaren bezpera urtean behin besterik ez denez, heldu den urte arte itxoin behar sugarren gainetik salto egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus