euskal diaspora eta kultura

2008/01/21
Erdal irakurleei euskal literatura ezagutzeko bidea emateko ekimenean Euskal Liburutegia-Biblioteca Vasca Bilingüe bildumak bi izenburu berri argitaratu ditu. Euskal poesiaren emaitzak dira biak, baina denboran urrun daude bata bestearengandik. Bata 1931an Lauaxetak argitaratu zuen 'Bide Barrijak' lana da. Bestea Xabier Olaso arabarraren 'Pupuan Trapua', haurrei zuzenduriko poema liburua (2005eko Euskadi Literatur sariaren garailea).
2008/01/19
Lizarzaburu familiako kide andana polita bildu zen joan den urtarrilaren 12an Peruko hiriburuan, Liman, 2008ko Lizarzaburu bilkuran parte hartzeko. Topaketa lagunarteko bazkari batekin eta joko eta aktibitateekin edertu zuten. Familia honen jatorria Gipuzkoako Lizartzan dago, baina Ameriketako adarra Peru, Ekuador eta Estatu Batuetaraino zabaldu da egun. Hurrengo bilkura Ameriketan egingo dute, baina familia hasia da jadanik Lizartzan biltzeko ideiarekin, 2010ean agian.
2008/01/18
Egungo Euskararen Hiztegiko f, g eta h letrak sareratu ditu dagoeneko Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Euskara Institutuak. Hurrengo sei urteetan gainerako eduki guztia eskainiko dute apurka-apurka eta lan osoa 2014. urtean egongo da interneten. Sareko Euskal Gramatika, berriz, otsailean hasiko dira lantzen. Sortzaileek hizkuntzari buruzko entziklopedia izatea nahi dute eta gramatikaren informazioa hiztegiarenarekin lotuta egongo da bi proiektuak osatzen doazen heinean.
2008/01/18
Bihar San Sebastian bezpera da. Guztia prest egongo da, bapo afaldu ostean igandeko 00:00etatik aurrera Donostia, Azpeitia, Tafalla, Lakuntza, Andosilla edota Zangotza bezalako herrietan San Sebastian eguneko jaiei gogor ekiteko. Diasporan ere zenbait herrialdetako euskal etxek bat egingo dute jaiarekin. Nahikoa da horretarako 'gogo donostiar' apur bat, makiltxoak, sukaldari txanoa eta dibertitzeko grina. Madrilen, Caracasen, Necochean eta Mexikon, esaterako, halaxe egingo dute bertako euskal etxeetakoek, Sarriegi maisuaren doinuak ozen munduratuz.
2008/01/18
Aurten estrainekoz New Yorkeko Euskal Etxeak bere danborrada propioa egingo du San Sebastian Egunarekin batera. Horretarako Sagar Handiko euskaldunek Donostiako Gaztelubide elkarteak oparitutako danborrak erabiliko dituzte. 2006ko urrian soziedade donostiarrekoek Jesus de Galindezen omenez New Yorken eginiko ekitaldietan parte hartu zuten, danborradarekin hain zuzen, eta danborrak oroigarri gisa utzi zituzten Euskal Etxean, bertakoek ere donostiar jairik herrikoiena ospa zezaten. Aurtengoa da lehen aldia baina urte askotako ohitura hasiko dutenaren esperantza dute elkartekoek.
2008/01/18
La Platako Euzko Etxea 2008ko Euskal Aste Nazionalerako irudi bila ari da eta lehiaketa antolatu du diseinua aukeratzeko. Ohi den legez, Euskal Asteak Argentinako euskal etxe andana bilduko du eta irabazleak aukera polita izango du bere lana ezagutarazteko, logoa jaialdiko afitxe, iragarki eta elastiko guztietan agertuko baita. Deialdia Argentinako diseinatzaile eta artistei zuzendua dago eta lanak bidaltzeko epea apirilaren 7rainokoa da.
2008/01/17
Bihar hasi eta igandea bitartean Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) literatur jardunaldiak egingo ditu Lapurdiko Bardoze herrian. Topaketa frantziar estatuko herri hizkuntzetako literaturaren ingurukoa izango da eta bertara Euskal Herri, Korsika, Bretaina, Okzitania, Katalunia eta Alsaziako idazleak bilduko dira. Bilkuraren helburua idazleon artean harremanak sakondu eta ideiak eta esperientziak elkarrekin trukatzea.
2008/01/17
Euskal Kultura --sortzen den lekuan sortzen dela-- sustatzeko, edota euskal ikerlarien lana bultzatzeko sortutako bi beka dira. Agustin Zumalabe eta Angel de Apraiz beka izena dute, hurrenez hirren, eta bakoitzak 6.000 euro dakar sari gisa. Bi kasuotan, eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an bukatuko da. Eskatu ahal izateko, eskatzailea Eusko Ikaskuntzako bazkide behar du izan, edo bazkide izatea eskatu izanarekin ere aski da. Aurreko edizioetan aurkeztua da jendea Diasporatik, Argentina eta Uruguaitik gehienbat.
2008/01/17
Hamaika Bide elkartearen Saturraran argitaletxeak plazaratu duen liburu honek 2005ean Donostian egin zen 'Euskal Emakumea eta Erbestea' mintegiko ponentziak aurkezten ditu. Bertan biltzen diren artikuluak iturri bikaina dira erbestean euskal emakumeek izan zuten garrantzia eta ekarpena ezagutzeko, are gehiago arlo honetan ikerketa gutxi egin direla kontuan hartuta. Liburuaren eta mintegiaren asmoa emakume hauen bizitza eta lana agerian jartzea da. Dagoeneko internetez eros daiteke.
2008/01/17
Inoiz X-Force komikia --'X-men' filme famatuaren abiapuntua-- irakurtzen ari zela komikizaleren batek Negu Gorriak taldearen poster batekin edota Gaztelugatxe ermitaren irudiren batekin egingo zuen topo binetaren bazterretan. Irakurlearen irribarrea edo harridura hori ziren hain zuzen euskal arrasto horiek utzi zituen Guillermo Zubiaga marrazkilariaren ordaina. Hamar urtetan NYeko komiki munduan aritu ostean Zubiagak bere istorio propioa sortu du orain: Joanes or the Basque Whaler, Iparramerikan XVI. mendean bale arrantzan ibilitako marinelaren abenturak. Lan honetaz eta munduko hiri nagusienetakoan euskaldun nortasuna mantentzeari buruz solastu da EuskalKultura.com-ekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus