2008/07/18

Urtebetea zeraman Maral Taldeak agertokietara igo barik, eta zaleak biziki itxaroten zuten berriz taularatzeko kontzertua. Eguna, joan den uztailaren 8a izan zen, Arrecifeseko Euskal Etxean. Taldearen marka den estilo desberdinetako errepertorio zabala entzuteko hainbeste gogoa zuen Arrecifeseko jendeak emankizun batekin ez zela nahikoa izan eta biharamunean --uztailaren 9a, Independentzia argentinarraren eguna-- emankizun berri bat egin zuten Maralekoek. Bi emanaldien artean, berrehun bat ikusle elkartu ziren euskal etxearen tabernara Maralekin batera abestu eta dantza egitera.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Emate ekitaldia joan den ostiralean izan zen. Komunitate euskal-argentinarra bitartekari, Eusko Jaurlaritzak fresatzeko makina bat --lan-pieza baten azaletik metala kentzeko askotariko ahoak erabiltzen dituen tresna-- eman dio Carlos Casares herri argentinarreko Eskola Teknikoari. Dohaintza ekitaldian bertako arduradunek, zentroko ikasleek zein irakasleek eta Carlos Casares-ko Euskalduna euskal etxeko ordezkariek hartu zuten parte. Cesar Arrondo ikertzaileak egin zituen, ikasleei laguntza handia emango dien lan-tresna garrantzitsu honen ekimena eskertzeko hitzak.
Gehiago irakurri...
2008/07/18

Iritsi da eguna eta gaur estreinatuko dute Nevada-Reno Unibertsitate (UNR) estatubatuarrean bertako Euskal Liburutegiaren eta Euskal Ikasketa Zentroaren egoitza berria, Unibertsitatearen Renoko kanpusean bertan baina 'Mathewson-IGT Knowledge Center' delako eraikin eraiki berri modernoaren baitan. UNR Unibertsitatean berrogeita bat urtetik gora eginak dituen euskal adarrak 'Getchell Library' delako liburutegi eta eraikinaren barnean izan dute orain artean bere egoitza. Ez dute telefono zenbakirik aldatuko baina egoitza fisikoa eraikitzen amaitu berria den eraikin moderno dotorea izango dute aurrerantzean Nevada-Renoko Euskal Liburutegiak eta Euskal Mintegiak. Publiko orokorrarentzat abuztuaren 11ean zabalduko da eraikina.
Gehiago irakurri...
2008/07/17

Hiru urte betetzen dira gaur Argentinan Magdalena Moujan Otaño hil zenetik. Pedro Mari Otaño bertsolari handiaren biloba zen Magdalena Moujan, idazlea, euskaltzalea eta lan arloan Matematikan doktore eta La Platako Unibertsitate Katolikoko irakasle izana. Oihartzuna lortu zuen euskal gaiko bere idazlan bat 'Gu ta gutarrak' (1968) izenekoa izan zen, euskal nortasunaren ingurukoa. Mar del Platako Euskal Etxeko kide eta 'Arturo Campion' Ikastetxeko kide izan zen, besteak beste. Jose Domingo Ormaetxeak lerro batzuk idatzi dizkio lagun izan zuenari, gaur bere heriotzaren hirugarren urteurrenean oroimenean atxikiz.
Gehiago irakurri...
2008/07/17
Elkarteko Araudiak dioenari jarraiki, egin berriak ditu Zuzendaritza Batzordea berritzeko hauteskundeak Lapridako 'Lagunen Etxea' Euskal Etxe argentinarrak, aldaketa handirik gabe, lehendakaritzari dagokionez Monica Azpiazu buru duen taldeak segitzen baitu lanean, Yanina Salaberry lehendakariorde, Alicia Mendioroz idazkari eta Maria Ester Arrondo diruzain, beste zenbait hautetsiren artean.
Gehiago irakurri...
2008/07/17

Iaz Parisen eginiko bileran adostu ziren helburuei jarraiki, Europako euskal etxeek bigarren bilkura bat egingo dute aurten. Bilkuraren egoitza Bartzelona izango da eta topaketan euskal elkarteen arteko harremanean sakondu eta ekimen amankomunak sustatzen saiatuko dira. Bilera irailaren 5etik 7ra izango da, Bartzelonan egingo den Munduko Mus Txapelketaran bezperan eta ez da giroa faltako, munduko euskal ordezkari asko bilduko baitira bertan. Maddi Oihenart kantariaren kontzertuarekin hasiko da bilkura.
Gehiago irakurri...
2008/07/17

Bartzelonako Euskal Etxea izango da aurten Munduko Euskal Gizataldeen Mus Txapelketaren antolatzaile, irailaren 6tik 14ra bitartean. Hitzorduak Australia, AEB, Kanada, Argentina, Mexiko, Venezuela, Uruguai, Txile, Frantzia, Euskal Herria, Espainia eta kataluniar anfitrioiak bilduko ditu. Txapelketaren egitarauak mus partidak eta kultur jarduerak tartekatuko ditu, izan ere Andres Fernandez antolakuntzako kideak azaldu duenez, 'partehartzaileek Katalunia ezagutzeko beta izan dezaten nahi dugu'.
Gehiago irakurri...
2008/07/17
Zuzendaritza talde berria hautatu du Ohiko Biltzar Orokorrean Argentinako Viedma eta Carmen de Patagones herrietako Euskal Etxeak. Isabel del Carmen Labiano da lehendakari berria, eta orain artean lehendakari zen Sonia Beatriz Gastaminza idazkari kargurako izan da hautatua. Viedma (Río Negro probintzia) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires probintzia) herrietako euskaldunak biltzen ditu izen osotzat 'Centro Basko Beti Aurrera Aberri Etxea' duen euskal etxe argentinar honek.
Gehiago irakurri...
2008/07/16

Aste honen hasieran heldu dira Iruñera Nafarroako Nazioarteko Ikastaroaren XII. edizioan parte hartuko duten Argentina eta Txileko nafar etxeetako 41 gazteak. Ikastaroak bi aste iraunen ditu eta tarte honetan gazteek euren arbasoen sorterria ezagutzeko aukera bikaina izango dute, Foru Gobernuak sustatzen duen ekimen honi esker. Egonaldian mintzaldiak entzun, ikastaroak hartu eta Iruñea, Tutera, Zangotza, Lizarra, Baztan, Orreaga eta Erronkarira txangoak eginen dituzte, besteak beste.
Gehiago irakurri...
2008/07/15

Zuzendaria nor izango duen jakiteke, osatu da ofizialki Eusko Jaurlaritzak Euskal Herritik kanpo egiten dituen euskara eta euskal kultura arloko ekimenak sustatu eta koordinatzea helburu duen Etxepare Institutu berriaren Patronatua. Ekainaren 24an onartu zen patronatukideak izendatzen zituen dekretua eta atzo bildu ziren lehen aldiz Patronatuak presidente duen Ibarretxe lehendakaria buru. Guztia zain dago Kultura Sailaren pean dagoen eta egoitza legez Donostian ezarria duen Institutuaren zuzendaria noiz izendatuko duen Jaurlaritzak.
Gehiago irakurri...