euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pintxoen tradizioa Patagoniako hego puntara iritsi da: bertako Euskal Etxeak pintxo lehiaketa antolatu du

2008/10/31

Ez al daukate itxura tentagarria? Patagonian egindako euskal pintxoak dira, bada, Rio Gallegos-eko 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak antolatutako lehiaketan parte hartutakoak Pintxoen tradizio euskalduna Río Gallegos-eraino, Patagoniako puntan, iritsi da, eta gelditzeko gainera, bertako 'Hegoalde Argentinarra' Euskal Etxeak gustukoa baitu oso. Joan den asteko ostegunean, "munduko pintxo lehiaketarik australena" gisa aldarrikatzen duten ekimena antolatu zuten bertako euskaldunek, Euskal Etxearen egoitzan, epaimahai zorrotz eta ekinbidez profesionala barne. 'Izaskun' izeneko pintxoak irabazi zuen, César Arizmendi eta Alicia Mercau-ren sortua. Gustura dastatu zuten bertaratutakoek.

Gehiago irakurri...


Nora Gimenezek eta Fabio Echarrik irabazi zuten Hiru Erreka Euskal Etxearen Literatur Lehiaketa

2008/10/31

Nora Amanda Gimenez (ezk.) saria jasotzen (argazkia HiruErrekaEE) Hiru Erreka Euskal Etxeak 'Immigrante bati elkarrizketa' lehiaketarekin ospatu du aurten Etorkinen Eguna. Elkartearen proposamena benetako edo alegiazko immigrante bati elkarrizketa bat egitea izan zen, horrela, galderen eta erantzunen bidez, etorkinen bizimodua eta istorioak ezagutzekobeta emateko. 35 bat lan jaso zituen Euskal Etxeak, horien artean Euskal Herritik bidalitako bat. Tres Arroyos-eko Nora Gimenezek irabazi zuen lehengo saria, bere aitona arabiarrari egindako elkarrizketarekin. Bigarrena, berriz, Chaco-ko Fabio Echarrirentzat izan zen. Kasu honetan, elkarrizketatua euskalduna zen. “Lehiaketaren asmoa gazteek etorkinek gure istorian izan duten garrantzia ezagutzea da; batez ere, euren eragina herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoan”, azaldu zion Gladys Salcedo euskal etxeko kideak Euskalkultura.com-i.

Gehiago irakurri...


Ameriketako emakumeei poesia eta musika omenaldia eskaini zien Villegas’ko Euskaldunek Euskal Etxeak

2008/10/31

Ezkerretik eskubira: Nekane Olazar, Sergio Recarte, Alfredo Urquiza, Rodolfo Esain (EEko presidentea), bere emazte Beatriz Puentes eta Nieves Castillo Alzuri, euskara irakaslea (argazkia VEEE) Ameriketako historian, kulturan eta literaturan protagonistak izan diren emakumeei buruzko ikuskizuna eskaini zuen pasa den urriaren 18an Villegas’ko Euskaldunak Euskal Etxeak. Musikaz lagundutako olerkien errezitaldia eskaintzearen arduradunak Alfredo ‘Indio’ Urquiza aktorea eta Mario Acosta pianojolea izan ziren. Jende asko hurbildu zen Udaletxeko ekitaldi aretora emanaldia entzuteko eta interes handiz jarraitu zuten Euskal Etxeak eta Udalak antolatutako kontzertu hau. “’Mujeres de América’ Ameriketako gure emakume indartsu, borrokalari eta nortasun handikoei eskaintzen diegun omenaldia da”, laburbiltzen dio EuskalKultura.com-i Urquizak.

Gehiago irakurri...


La Platako Euzko Etxea euskal gizataldeari zuzendu zaio bere egoitza ondoan pintadak agertu direla-eta

2008/10/30

Sprayz pintatutako hormetako bat, "Gora Euskal Herria Askatuta", "Todos somos preSOS vascos", "Centros Vascos SA, semanas vascas populares" eta antzeko esaldiekin La Platako Euzko Etxeak ohar bat kaleratu du Argentinako euskal etxeei zuzendua, erantzuna eman nahiean azkeneko egunotan bere egoitza ondoko kaleetan agertu diren pintadei. Pintadok Euzko Etxea antolatzaile duen 2008ko Euskal Aste Nazionala hasteko bezperetan agertu dira, eta presoei buruzko esaldiak, Euskal Aste herrikoia aldarrikatzen dutenak, Euskal Herriaren askatasunari buruzkoak eta Euskal Herriko alderdi politikoren bati buruzkoak ere badira. Besteak beste Ibarretxe ostiral honetan euskal-argentinar komunitatearekin bilduko den eta Oskorriren emanaldia baitaratuko duen Club Atenasen ere egin dira spraymarrok.

Gehiago irakurri...


Gernika aldizkari digital berriak Errusia eta Euskal Herriaren arteko topagune izan nahi du

2008/10/30

Gernika aldizkariaren logotipoa, errusieraz eta euskaraz Teknologia berriei esker euskal-errusiar konexio indartsua sortu da sarean: batetik, Roberto Serrano euskal hizkuntzalaria, eta bestetik Roman Ignatieff etnografoa, Alexander Arkhipov hizkuntzalaria eta Alexander Grenkov webgune diseinatzailea. Euskal kultura Errusian ezagutzera emateko asmoarekin taldetxoak Gernika aldizkari digitala sortu du eta bere webgunetik Euskal Herria, euskara eta euskal literaturari buruzko informazioa ematen dute, besteak beste, errusieraz eta euskaraz. Etorkizunerako euskal literatur lanak plazaratuko dituen argitaletxea sortu eta Moskun euskal aste bat antolatzeko asmoa dute.

Gehiago irakurri...


Buenos Aires, Iparraldeko doinu goxoekin dantzan eta kantuan aritu zen, MMX taldeari esker

2008/10/30

Xabaltx, Maialen Errotabehere eta Mixu Mitxelena Iparraldeko Eusakl Etxean eman zuten kontzertuan (argazkia EuskalKultura.com) Urriaren 25ean MMX taldeak Argentinako lehenengo kontzertua gauzatu zuen. Euskaltzaleak eta Eusketxe erakundeek Buenos Aireseko Mexiko kalean duten egoitzan egin zen emanaldia eta Iparraldeko musikari taldeak 70 bat lagun bildu zituen ekitaldira. Elkarteko patioa jendez gainezka, taldea osatzen duten Maialen Errotabeherek, Mixu Mixelenak eta Xabaltxek Diasporari begira osatu duten diskoko abestiak aurkeztu zituzten. Argentinan egongo den aste luzean zenbait emanaldi baitaratu ditu taldearen programak: Iparraldeko Euskal Etxean Piper Festan izan ziren, eta Buenos Aireseko Laurak Baten, Gral Rodriguez-eko Eusko Aterpean eta La Platako Euskal Astean ere joko dute.

Gehiago irakurri...


Eguraldi txarrak ez zuen zapuztu Ibai Txori EEa kide izan zuen Concepcion del Uruguayko Gizataldeen Festa

2008/10/29

Gizataldeetako banderadunak, horien artean, lehena eskuinean, Euskal Herrikoa, espainiarraren eta frantsesaren artean, 'Ibai Txori' EEko banderaria ordezkari Kolore ugariz, erritmo handiz eta alaitasun kutsakorra bazter guztiak zipriztintzen ospatu zuen urriaren 12an bertako Gizataldeen Festa Concepcion del Uruguay herri argentinarrak, ospatu ere hiriko areto edo entzutegi berrian, eguraldi txarra izatekotan bertara bildu behar baitzuten hasieran Ramirez Plazan aire zabalean egitekoak ziren ekitaldiak. Hala gertatu zen, eta eguraldiak horretara beharturik, giro ona nagusitu zen norberaren jatorria ohoratzeko xedez antolatutako festa hitzordu hau. La Calle egunkari uruguayense-a bertan egon zen eta horri zor dizkiogu datozen lerrootako datuok.

Gehiago irakurri...


Argentinako Euskal Liburutegien X. Bilera larunbat honetan egingo da, La Platako Euskal Astean

2008/10/29

Necocheako Euskal Astean egin zen Liburutegien Bilkuraren irudia (argazkia EuskalKultura.com) Argentinako Euskal Etxeen Liburutegien Sareak lan handia egin du azken hamar urteotan eta urteroko Bilerei esker liburutegiek harremanak indartu eta ekimen amankomunak jarri dituzte abian. Lankidetza hau 1998ean hasi zen, Mar del Platako Euskal Astean, eta emaitza oparoak izan ditu. 'Bagenekien ez zela erraza izango, baina oztopoei aurre egin genien eta gaur egun 20 liburutegitako ordezkariak biltzen gara. Datorren bilerarako 30 izatea espero dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i La Platako María Fernanda Astigarraga La Platako Euzko Etxea-ko liburuzainak. Hamarkada honetan taldeak ekimen asko sustatu ditu, horien artean FEVAk koordinatzen duen Argentinako Euskal Liburutegien Sarea. X. Bilera larunbatean egingo da, La Platako Euzko Etxea-ko Matxin Burdin Liburutegian.

Gehiago irakurri...


Colleen Asumendi Fillmore: 'Euskal dieta osasungarria da, mediterraniarraren antzekoa'

2008/10/29

Colleen Asumendi Fillmoren euskal dietari buruzko liburuaren azala Colleen Asumendi Fillmore dietista euskal-amerikarra Idaho Estatuko (AEB) Haur Elikadura Programaren zuzendaria da eta euskal komunitatearen dietari buruzko ikerketa bat argitaratu du berriki, 'Basques of Boise: Adult Dietary Culture and Tradition: Basques: Culture and Tradition' izenburupean. 'Idahoko euskaldunak gogotik saiatu dira euren kultura gastronomikoa mantentzen eta etxean ikasi zituzten errezetak gorde egin dituzte', azaldu dio EuskalKultura.com-i Markina eta Laidako euskaldunen ondorengoa den aditu honek.

Gehiago irakurri...


Txilen, Valparaisoko Eusko Etxeko Gazteria, euskaldunen ordezkari Kulturen IV. Gazte Azokan

2008/10/29

Valparaisoko Eusko Etxeko Gazteriak IV. Gazte Azokan parte hartu ondoren jasotako diploma Valparaisoko (Txile) Eusko Etxeko Gazteria partaide izan zen eta gizatalde atzerritar bat ordezkatu zuen 21 gazte taldeetako bat izan zen joan den urriaren 18an Bosgarren Erregio txiletarreko hiri honetan gauzatu den Kulturen IV. Gazte Azokan, Txileko Gazteriaren Institutu Nazionala (INJUV) eta Valparaisoko Udala antolatzaile. Euskal elkarteko lehendakari Archibaldo Uriartek oso modu positiboan aipatu du partaidetza eta euren Lau-urteko Planaren baitan kokatu du, Euskal Gizataldeen azkeneko Mundu Kongresuan gomendatutakoari jarraiki.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia