euskal diaspora eta kultura

2013/11/22
Oraindik bi urte falta dira Boiseko Jaialdi euskal festaren hurrengo ediziorako, baina Idahon lanean hasiak dira dagoeneko, ordurako dena gertu egon dadin. AEBetako euskal etxe guztietako lagun andana bildu ohi da, bost urtero Jaialdira, eta horiekin batera Euskal Herriko eta Diasporako bisitariak ere izaten dira bertan. Hurrengo edizioan, esaterako Euskal Herriko lau taldek parte hartuko dute. Nortzuk diren jakin nahi al duzu? Jarraian, Jaialdi 2015eko kartela osatuko duten taldeei buruzko datu gehiago.
2013/11/22
Euskal etxearen sortze prozesuan parte hartu zuten lau kide omendu zituen Gure Ametza Euskal Etxeak bazkide helduenen lana eta engaiamendua nabarmentzeko helburua izan zuen zeremonia batean. Ekintza berean, Edurne Bilbao izenarekin bataiatu zuten euskal etxekoek euren egoitzako sukaldea. Jardunbide luzea duten lagunekin batera, ‘etorkizuneko belaunaldien haziak diren txikiek’ ere jaso zuten diploma bana. EuskalKultura.com aktibitatearen lekuko eta baita protagonista ere izan zen.
2013/11/21
Urtero legez Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin batera ENE saria emango du, munduan zehar euskara zabaltzen aparteko lana egiten duen elkarte bat aintzat hartuz. Edonork aurkez ditzake hautagaitzak, elkarteak saria zergatik merezi duen azalduz eta arrazoituz testu labur batean. Hautagaiak aurkezteko epea astelehenean bertan amaituko da; beraz, horrelako elkarte bat ezagutzen baduzu, bizkor ibili!
2013/11/21
Argentina Nazioko Kultur Idazkaritzak eta Galiziako Xuntak antolaturik, Atlantikoko Kultur Industrien Lehenengo Merkatua Konpostelako Santiagon egingo da datorren larunbatetik azaroaren 26ra arte. Ekitaldiak Argentina eta Iberiar Penintsulako ekoizle eta enpresari kulturalak bilduko ditu eta ekintza programa trinkoa eskainiko die interesatuei. Bigarren egunean, Etxepare Euskal Institutuaren helburu eta lan lerro nagusiak aurkeztuko ditu eta telebistako plataformei buruzko mahai-inguru bat moderatuko Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak.
2013/11/20
Madrilgo Konplutense Unibertsitateko Euskara Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin, Penintsula Iberiarreko Eleaniztasunari buruzko bigarren mintegia antolatu du. Eleaniztasuna gizartea aberasten duen kultura ondarea dela erakustea da mintegi honen helburua eta saioak azaroaren 25 eta 26an egingo dira. Euskarak tartea izango du bertan, bi hitzaldirekin: batean, Euskadiko eta Nafarroako hizkuntz politikak aztertuko dira eta bestean, euskaraz egiten den antzerkia. Mintegiaren aurkezlea Kike Amonarriz hizkuntzalari eta umorista izango da.
2013/11/20
Bertako euskal gizataldearentzat garrantzi handia duten hiru ekintza burutuko dira egun hauetan Buenos Aires probintziako Azul hirian. Hasteko, Gure Txokoa-ko lagunekEuskadiko Ordezkaria den Sara Pagolaren bisita jasoko dute gaur, azaroaren 20an. Larunbatean, ordea, Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko dute Immigranteen Plazan, komunitate osoari begirako zeremonia adierazgarri batean. Aste honetako programarekin bukatzeko, Gure Txokoa-k Kolektibitateen Festan ere hartuko du parte, euskal kultura, ohiturak eta gastronomia bultzatzen jarraitzeko.
2013/11/19
Iragan larunbatean Ipar Ameriketako umeen euskara irakasleen 3. mintegia egin zen Boisen eta bertako Euskal Museora bildu ziren zenbait euskal etxetatik etorritako lagunak. Mintegiaren ardatza Itxaso Cayerok sortu berri duen gida izan zen: "Umeen Euskara Liburua" delakoa. Lan honetan Cayerok txikei euskara irakasteko kantuak eta jolasak bildu ditu. Mintegian irakasleek ikasleen errola hartu zuten egun batez, umeentzako jolasetan parte hartuz. Liburua AEBetako umeen euskara ikastaroetan erabiliko da.
2013/11/19
Donostiako Ibaeta Abesbatzak bi kontzertu eskaini zituen urri hondarrean Parisen, biak ala biak, oso jendetsuak. Bereziki aipagarria Saint Louis de l'Île elizan eman zutena, ia 500 lagun bildu baitziren bertara. Biharamunean koruak Perpetuel Secours elizan abestu zuen, Felix Ibarrondo apaiz musikagile oñatiarrak gidatu zuen elizkizuna lagunduz. Pariseko bidaia Eskual Etxean egin zen anaitasun bazkari batekin amaitu zen, bertako Anaiki eta Gernika koruak partaide.
2013/11/19
Proiektuaren helburu nagusia euskal musika erraz lortu ahal izatea da. Webgunean abesti mordo polita dago honez gero eskuragai. Eta, musikarekin batera, dantza taldeen argazki eta bideoak eta euskarazko abestien transkripzioak ere aurki daitezke. Cordobatarrak taldeak kudeatzen duen orriko informazioa erabiltzeko ez dago harpidetu edo ordaindu beharrik. Horrez gain, dagoen materiala erabiltzaileek kanta berriak eskatu ahala zabaltzen joango dela adierazi digute antolatzaileek.
2013/11/18
Bruselako "Fenêtre Ouverte" (Lehio irekia) jaialdiak Euskal Herria eta euskal kultura izango ditu aurten ardatz, larunbatean hasi eta datorren abenduaren 4a bitartean. Etxepare Euskal Institutuak eta Bruselako Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles elkarteak antolatu dute jaialdia. Egitaraua zabala da eta, besteak beste, zinea, hitzaldiak, lantegiak, dantza ikuskizunak eta bertsoak emanaldiak izango dira ikusgai eta gozagarri bertan. Horrez gain, Mikel Laboari buruzko erakusketa bat egingo da eta Juan Mari Beltran musikariak eskoletan kontzertu eta lantegiak emango ditu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus