euskal diaspora eta kultura

2014/01/23
Euskal kulturak apurka apurka bere lekua bilatu du Japoniako hiriburuan, Tokyoko Euskal Etxearen jarduera eta ekimenei esker. Urte honetan zehar hainbat egitasmo burutu ditu elkarteak eta horien balioespen baikorra egin du Sho Hagio kideak, EuskalKultura.com-ekin solasean. Urteko ekimen nagusienetako bat elkartearen webgunearen berritzea eta berrabiaraztea izan da: Fukushimako ezbeharraren ostean bertan behera gelditu zen aurrekoa, baina urriaz geroztik sarean da berriz Tokyoko Euskal Etxearen gunea.
2014/01/22
Euskal Herrian eginiko filmak, asko euskaraz, Bartzelonako zinematan ikusi nahi al dituzu? Bartzelonako Euskal Etxeak emango dizu horretarako aukera, urtero antolatzen duen Zinemaldiak pantaila handira jauzi egingo baitu aurten. Jaialdiaren arrakastak bultzatuta, antolatzaileek erabaki dute apustua egitea eta emanaldiak hiriko Girona zinematara ekartzea. Dena prest dago otsailaren 13tik 22ra Bartzelona euskal zinemagintzaren hiriburu bihurtzeko. Hala ere, euskal etxeak sostengu kanpaina jarri du abian, jaialdiak eragingo dituen gastuak ordaintzen laguntzeko, mikromezenazgo sistema baten bitartez. Lagundu ezazu, ahal duzun eran, eta sarrerak, opariak eta babesle estatusa lortu ahalko dituzu.2014/01/22
Oxfordeko Unibertsitateak Iberiar ikasketen 16. edizioa beteko du datorren martxoan eta bigarrengoz euskarak leku berezia izango du bertan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker. Antolakuntzak gonbitea luzatu die txostena aurkeztu nahi duten hizkuntzalari eta adituei, euren proposamenak bidal ditzaten hil honetako 31 baino lehen. Aurtengo gaia “Kultur eta hizkuntz aniztasuna Iberiar Penintsulan" izango da.
2014/01/22
2014/01/21
'Vascos en Buenos Aires' (Euskaldunak Buenos Airesen) gaur arratsaldean aurkeztuko da Baionan, bihar asteazkena Donostian eta etzi, urtarrilaren 23a, Bilbon. Buenos Aires Hiriak abenduan argitara emana, liburua aurkezteko propio etorriak dira argentinar hiriburutik, Buenos Aires Hiri Autonomoko Giza Eskubide eta Kultura Aniztasun idazkariorde Claudio Avruj eta Eusko Jaurlaritzaren Argentina-Mercosur-erako ordezkari Sara Pagola. Eurak, Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Asier Vallejorekin batera, gauzatuko dute aurkezpena.
2014/01/21
Arte eszeniko, musika, literatura, arte plastiko edo ikus-entzunezko sortzailea zara eta zure artea garatzeko leku, denbora eta inspirazio bila zabiltza? Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia 2016 Fundazioak horretarako aukera bikaina eskaintzen dizute, Wroclaw hirian hiru egonaldi artistiko egiteko deialdia egin baitute. Egonaldiak aurtengo ekainean edo uztailean egingo dira eta bakoitzak 2.000 euroko poltsa izango du (gehi bidaia, ostatu eta mantenu gastuak). Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 28an itxiko da.
2014/01/03
Urtero garai honetan egiten duen bezala, EuskalKultura.com-ek urtarrileko lehenengo asteetan buletina eten eta barne-lanak egiten emango ditu datozen egunak. Gure erredakzio nagusia Donostian dagoenez, eta aurten San Sebastian eguna, urtarrilaren 20a, astelehena denez --jai-eguna Donostian-- urtarrilaren 21ean, asteartea, hasiko da iristen berriz ere buletina harpidedunen postontzietara. Bitartean, gure ohiko telefono eta posta helbideetan izango gaituzu lanean. Urte Berri On!
2014/01/02
Urte Berriarekin EuskalKultura.com-en zozketa berri baten tenorea ere heldu da. Oraingoan sariak bat baino gehiago dira: komikiak (ingelesez) Kanada eta AEB kostaldeetako euskal baleazaleen abenturez; Kaliforniakoak liburua (euskaraz), hainbat euskaldunek Kaliforniako historian utzitako arrastoez; Euskal Baserri Sukaldaritza liburua (gaztelaniaz), euskal-argentinar batek Argentinako euskaldunen etxeetan gorde den euskal sukaldaritza herrikoiaz; eta euskal musika, egungo folka, Bizkaiko Korrontzi taldeak ateratako azken CDaren eskutik. Parte hartzeko, aski duzu email bat bidaltzea.2013/12/31
Pertsona alaia eta bizia da Adelaide Daraspe urruñarra, berbalapikoa, egiten duen edozertan poza eta kemena jartzen duten horietakoa. Quebec-en ikasi omen zuen jarrera baikor hori: "Kanadan oso irekiak dira. Goizean atera etxetik eta kalean, dendetan, denekin hitz egiten duzu", esan dio EuskalKultura.com-i. Zazpi urte eman zituen Montrealen, eta Quebeceko Euskaldunak elkarteko presidente lanetan ibili zen. Etxera bueltan, Martxuka izeneko denda ireki du Urruñan eta Diasporako eta Euskal Herriko artisauen lana ezagutzera ematea du helburu.
2013/12/31
2013ko urtarrilean bezala, 2014ko urtarrilean ere San Nicolaseko Euskal Etxe argentinarra Euskara Munduan programako Udako Barnetegiaren egoitza izango da. Ikastaroa 18an hasiko da eta 25ean bukatuko, Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko ikasleak partaide. Berau bukatu orduko, beste ekintza bat burutuko da San Nicolasen, Euskara Munduan programa barnean baita ere. Euskal etxeetan egun irakasle direnek Metodologia Trebakuntza jardunaldi batean parte hartu ahal izango dute 25 eta 26an, larunbat eta igandez.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus