euskal diaspora eta kultura

2014/02/21
Euskal kultura eta literatura Italiako Modena hiriko liburu azokara eramando dute asteburuan Itxaro Borda idazleak eta Pantxoa Etxegoin Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak. Euskal ordezkaritzak "Il testo infinito" izeneko sorkuntza eta komunikazioari buruzko mahainguru batean parte hartuko du eta Euskal Herriari buruzko argazki erakusketa bat inauguratuko du, besteak beste. Bestalde, bihar Anne Etchegoien kantariak kontzertua emango du "Le Voix Basques" ikuskizuna Italian aurkeztuz.
2014/02/20
Pariseko Eskual Etxeak marka utziko du aurten hiriko Inauterietako desfilean, Lamina eta Basajaun buru dituelarik. Euskal elkarten jo eta ke ari dira lanean azken asteotan euskal kulturaren pertsonaia mitologiko hauen bi figura erraldoi sortzeko. Emeki emeki, forma hartzen hasi dira biak eta datorren martxoaren 2an, igandean; Pariseko kaleetara ateratzeko prest egongo dira, euskal etxeko Gazteria dantzariekin, Gernika koruko kantariekin eta eurekin bat egin nahi duten lagunekin. Hitzordua eguerdiko ordu batetan da, Place Gambettan; zatoz eta disfruta itzazu Pariseko Inauteriak euskal erara!
2014/02/20
2006an sortua, antzerki amateurraren erreferente bilakatu da azken urte hauetan Entre Rios probintziako Paranako Urrundik Elkarteko Antzerki Taldea. Izan ere, hirian ez ezik, hiritik kanpoko jaialdietan ere ordezkatu izan du taldeak euskal erakundea. Hori dela eta atsegin handiz gonbidatzen du elkarteak bere 2014ko egitaraua irekitzeko aktoreek eskainiko duten emanaldia. Augusto Carballal-en zuzendaritzapean, euskal etxean burutuko da obra, ostiral honetan, egoitzako patioan zehatz mehatz. Bertan ere taberna bat prestatuko da, gonbidatuek janari eta edari onez gozatu ahal izateko.
2014/02/19
Miamiko Euskal Etxeak gogotsu darrai Joseba Andoni mutikoari laguntzeko kanpainarekin eta iragan igandean, otsailaren 16ean, jarduera berri bat egin zuen haren tratamentua ordaintzen laguntzeko dirua biltzeko. San Valentin egunaren aitzakian, elkarteak festa egin zuen eta ia 1.500 dolar bildu zituen. Mutiko bakioarrak istripu larria izan zuen hamaika hilabete zituenean eta harrezkero garapen arazoak ditu. Miamin bizi da 2007az geroztik, eta familia euskal etxearen parte da.
2014/02/19
Sao Paulotik, Brasilen, bertan egoitza duen Eusko-Brasildar Etxea/Casa Basco-Brasileira euskal etxetik, elkarteko azken berriak dakartzagu Oskar Goitia lehendakariak. Izan ere, Zuzendaritza Batzordea berritu du euskal etxeak, Goitia bera berretsiz lehendakari, eta elkartearen egoitza Sao Pauloko Andrea Del Sarto, 198 helbidera pasatuz.
2014/02/19
1994an sorturik, bi hamarkada daramatza Cordoba probintzia argentinarreko Gure Ametza euskal etxeak euskal kultura sustatzen Rio Cuarton eta eskualdean. Urtez urte egindako lanak bere fruituak eman ditu eta arrazoi onak baino hobeak dituzte gaur egun bertako lagunek euren kopak jaso eta topa egiteko. 20. urteurren afaria urriaren 18an egingo dute, etxearen egoitza berrituan. Urtean zehar, baina, orain artean ohi dituen proposamenez gain, esan nahi baita euskara klaseak, tabernak, paella salmentak, zine emanaldiak, hitzaldiak eta buletinaz gain, urteurreneko bereziak ere egin eta plazaratuko ditu.
2014/02/18
Eusko Jaurlaritzak hiru lanpostu finkoren eskaintza zabaldu du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez, bi Estatu Batuetako Euskadiren Ordezkaritzan, New Yorken; eta hirugarrena Mexikoko Ordezkaritzan, Mexiko Hirian. Lehenengo bi lanpostuetan, bat idazkaritza alorreko lana da eta beste bat enpresaritza, merkataritza eta market analyst arlokoa. Mexikokoa, berriz, enpresaritza teknikari arlokoa da. Hautagaitzak aurkezteko epea 2014ko martxoaren 3an bukatuko da.2014/02/18
Argentinako hiriburuko Laurak Bat euskal etxeak antolaturik, Euskal Herriko jantzi tipikoak biltzen dituen Gure Arropa erakusketa ibiltaria Arte Dekorazio Museora iritsiko da datorren hilean. Erakustaldiaren baitan eta publikoari Euskal Herriko kulturaren ikuspegi osoagoa emate aldera, beste ekintza batzuk ere burutuko dira, tartean kantu eta dantza ikuskizunak, ipuin saioak eta txistu emanaldiak. Gure Arropa martxoaren 14tik apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da.
2014/02/18
Gazteak erakartzea eta euskal etxeen ekimenetan engaiatzea da Diasporako euskal gizataldeen erronka eta arazo nagusienetako bat, baina Quebeceko Euskaldunak elkartean zorioneko dira alde horretatik. Azken urteotan gazte talde polita bildu da elkartera eta gero ekimen gehiago hasi dira antolatzen, Iragan otsailaren 2an Santa Ageda eguna zela eta festa egin zuten eta kantuan aritu ziren, santa eskean. Tradizioa eta belaunaldi berriak bat eginik.
2014/02/17
Iker Blas kazetariak Argentinatik blogean Mikel Ezkerrori elkarrizketa egin dio. Ezkerro Argentinako euskal diasporako kide ezaguna da eta urteak daramatza euskal kulturari buruz dakien guztia --eta ezta gutxi-- zabaltzen bertako euskaldun eta euskaltzaleen artean. Gizon nekaezina, Argentinako euskal etxe gehienetan izan dela apustu egingo genuke, hitzaldiren bat ematen, lagunak bisitatzen edo euskal kultura zabaltzen. Jarraian Iker Blasen elkarrizketa jaso dugu.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus