euskal diaspora eta kultura

2014/03/12
2013ko edizioa Euskal Herrian burutu ondoren, Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek sortutako Hator Hona programa Argentinara bueltatuko da aurten uztailaren 18tik abuztuaren 10ra bitartean. Hiru aste horietan, hainbat euskal kultur adierazpen konpartituko dituzte Euskal Herritik bertara joandako zenbait gaztek euskal etxeko komunitatearekin, tartean, dantzak, musika, euskara, kirola eta sukaldaritza. Hator Hona 2014ko edizioan izena emateko epea apirilaren 20an bukatuko da; animatu, esperientzia bikaina baita!
2014/03/11
Lehendakariak Selma Huxley ikerlaria sarituko du, Lagun Onari bereizgarria emanez gaur arratsaldean Gasteizko Lehendakaritzan egingo den ekitaldian. Selma Huxley ikerlari anglokanadatarraren izena euskal arrantzale eta bale harrapatzaileek XVI. mendetik aurrera Kanada iparraldeko Labradorren utzitako arrastoei lotua da, Amerika eta Euskal Herriaren historia uztartzen dituen garai eta leku hari buruzko ikerketetan ekarpen garrantzitsuak egin baititzituen, zenbait bale-estazio eta untzi --San Juan izenekoa bereziki-- argitara ekarriz. Ekitaldia arratsaldeko bostetan izango da eta Irekiak zuzenean eskainiko ditu bertako irudiak.
2014/03/11
"Erbesteratuen oroimenak-Memoria y exilio" liburuarekin Gregorio Arrien historialariak erbesteratuen oroimena berreskuratzeko azken 30 urteetan egin diren ekimen eta jardueren testigantza jaso nahi izan du. Ekimen horietako asko erbesteratuek eta gerrako haurrak izan zirenek sustatu zituzten, bai Euskal Herrian zein atzerrian, 1982az geroztik. Arrienen esanetan elkarte hauek aitzindariak izan dira erbestearen oroimena berreskuratze prozesu horretan.
2014/03/11
Iazko arrakastaren ondoren, Triki-poteo berri bat antolatzeko erronka hartua zuen aurten ere bere gain Buenos Airesko Euskaltzaleak Euskaltegiak. Deialdiak erantzun ezin hobea izan zuen joan den larunbatean eta euskaltegiarekin bat eginez euskal instituzio gehiagoko kideak atera ziren hiriburuko kaleetara, tartean Laurak Bat, Nafar Etxea eta Iparraldeko Euskal Etxea erakunde hiriburutarren artean. Barnealdeko euskal etxeek ere izan zituzten ordezkariak ekitaldi berezi honetan, tartean Arrecifes, La Plata, Mar del Plata, Necochea eta San Nicolas hirietakoek. Iaz bezala, gainera, "Buenos Aires Tartan Army" elkarte eskoziarrak ere hartu zuen parte ekimenean.
2014/03/10
Ostiralean South San Francisco-ko Basque Cultural Center euskal etxea zine emanaldi berezia egingo da, Basque Educational Society elkarteak antolatzen duen euskal zinema sailaren baitan. Fermin Muguruza musikaria bertan izango da "No More Tour" dokumentala aurkezteko. Irundarraren azken bira jasotzen du lanak: 55 kontzertu bost hilabetetan, egileen esanetan "erresistentzia eta elkartasun mapa bat".
2014/03/10
Martxoaren hasierarekin batera, kaskoak jarri ditu berriro ere Federico Borras-ek 'Presencia Vasca' irratsaioaren 24. denboraldiari ekiteko. Entre Rios probintzia argentinarreko Parana hiritik, harrera paregabea izan zuen emanaldiak entzuleen artean. Izan ere ehun bat lagun jarri ziren kontaktuan programarekin agurtu eta ziklo berrian zorte ona opatzeko. Borrasek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, saioak bere ohiko formatuaei eutsiko dio, Mikel Ezkerroren zutabea, elkarrizketak, berriak eta euskal musika barne; eta nobedade gisa, euskara zabaltzeko proposamen berri bat ere egongo da.
2014/03/07
Azkue Fundazioak, Argia astekariaren laguntzarekin antolatu duen "Blogetan!" lehiaketaren sari banaketak euskal blogosferako adituak eta zaletuak bildu zituen atzo Bilboko Euskararen Etxean. Ekitaldian, saridunen izenak iragarri ziren eta sari banaketaz gain, euskarazko blogen egoerari eta etorkizunari buruz solastu ziren partehartzaileak.
2014/03/07
Iragan martxoaren 2an, Pariseko Eskual Etxeak (PEE) Inauterietako desfilean parte hartu zuen lehen aldiz eta nola! Elkartearen ordezkaritzak kolorez eta giro bikainez bete zuen kalejira, Basajaun eta Lamina erraldoiak buru zituelarik. Elkarteko kideak jo eta su ibili dira azken asteetan lantegi batean erraldoi hauek sortzen, Pariseko kaleetara euskal mitologia apur bat ekartzeko. Eurekin batera elkarteko bazkideak, Gazteria taldeko dantzari eta musikariak eta lagun asko, denak ala denak goitik behera mozorroturik. Euskal Etxeak jai egun eder honen argazkiak sareratu ditu bere Facebook orrian; jarraian, horietako batzuk.
2014/03/07
Lan isila baina ezinbestekoa egiten duten andreei omentzea helburu duen La Platako 'Emakume Nabarmena' saria Maria Josefa “Mari” Lazcano Aramayori emango diote aurten. “Hilosteko saria izango da baina duela gutxi Mariren jaiotzaren ehun urte bete direnez, oso egokia iruditu zaigu bere izena proposatzea”, azaldu diote Euzko Etxea Euskal Etxetik EuskalKultura.com-i. Sari-emanaldia datorren astelehenean izango da, martxoaren 10ean, Emakumearen Nazioarteko Eguneko ekitaldien baitan.
2014/03/06
Rosarioko Zazpirak Bat jatetxeko sukaldetik, Euskal Herrira etorri da Itziar Aguirre argentinarra aspaldiko amets bat betetzera: euskal gastronomia "master" bat ari da egiten Arzak eta Azurmendi jatetxeetan. Abegikor hartu dute Juan Mari Arzak eta Eneko Atxa sukaldariek; izan ere, Itziarren ibilbidea berezia da: euskaraz ederki mintzatzen da rosarioarra eta Argentinako bihotzean euskal jatetxea zuzentzen du. "Zu ez zara bakarrik ikastera etorri, irakastera ere etorri zara", esan zion Arzakek. Orain, bertan ikastakoa Argentinako euskal etxeetako jatetxeetan zabaltzea eta irakastea da Itziarren asmoa.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus