euskal diaspora eta kultura

2014/04/16
Quebec-eko Euskaldunak elkarteak Aberri Eguna aurreratu eta ere berezian ospatu du aurten: euskal etxeko gazte talde batek proposatuta, azukre-etxola tipiko batean bazkaria eginez. Quebec-en eta Kanada aldeko basoetan oso ezagunak dira etxola hauek: historikoki, astigarretatik ziropa ateratzen zuen industria izan da bertan. Gaur egun etxolak jatetxeak dira eta horietako batean ospatu dute Aberri Egun aurreratua Euskaldunak euskal etxekoek, ikurrina, dantza eta trikitiarekin.
2014/04/16
Apirilaren 9, 10 eta 12an aurkeztu zen Amaia eta Aitor Merino zuzendarien “Asier ETA biok” pelikula Buenos Aireseko BAFICI zinemaldian. Emanaldien ostean eta zuzendariak lagun, ideia trukatze interesgarriak sortu ziren dokumentalaren egileen eta erabat harrituta geratu zen publikoaren artean. Aitor Merinoren esanetan, “jendeak ezin du sinetsi Europako herrialde batean, Hego Amerikan eredutzat hartua izan den Espainian alegia, gaur egun gauza hauek gertatzea”. BAFICI zinemaldiaren azken saioan bukatzean, Euskaltzaleak euskaltegia bisitatu eta eztabaida bizi batean hartu zuten parte Merino anai-arrebek.
2014/04/16
Viedma eta Patagonesko Beti Aurrera Aberri Etxea euskal elkarte argentinarrak urteko Ohiko Biltzar Nagusia egin eta buruzagitza berritu du, aurrerantzean Maria del Carmen Elzaurdia izango duelarik lehendakari eta berarekin batera batzordekide Diana Ceres Perez Ibargoyen, idazkari, eta Carlos Luis Otermin Vazquez diruzain, besteak beste. Esker biziak eman zitzaizkien, eta eman zituzten eurak ere lankide izan dituztenei, orain arteko lehendakari Isabel del Carmen Labianok eta idazkari Sonia Beatriz Gastaminzak.
2014/04/15
Albisteak ustekabean harrapatu du hainbat jende. Arbaso zuberotarduna --interneten Zuberotarra ezizena ere erabili ian zuen-- oso pertsona ezaguna zen Rosario eta Argentinan eta baita euskal diaspora osoan ere. Bere hiriko euskal etxeak hainbat kargutan ibilia, FEVAn ere lehendakari izan zen (2008-20009) eta baita lehendakariorde, batzordekide eta idazkari, besteak beste. Eusko Alderdi Jeltzaleko kide, gaur egun Argentina Buru Batzarreko lehendakaria zen. Asteburuan erraustu zuten Rosario bere jaioterrian.
2014/04/15
"Poloniarrek poloniarrentzako egindakoa" omen da Poznango Dni Baskijskie edo Euskal Egunak izeneko festa eta Amaia Dones irakurlearen esanetan horixe da jaiaren arrakastaren arrazoietako bat. Adam Mickiewicz unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzako ikasleekin batera antolatzen du urtero festa Donesek eta gazte andana erakartzea lortzen dute beti. Dantza, hitzaldiak, gastronomia, musika, bertsoak... euskal kultura Poznango kaleetara ateratzen dute urtero, eta aurten ere erantzun bikaina izan dute.
2014/04/15
Kostalde txiletarreko Eusko Etxeak deia luzatu die bere bazkide eta lagunei, euskal gizataldeko lagunei eta baita euskal eta txiletar herritar guztiei ere, lankide eta laguntzaile izan daitezen Valparaiso pairatzen ari den sute larriak eragindako ondorioen aurrean. Horretarako, arropa eta objektu emaitzak ari da biltzen bere egoitzan, eta baita dirua ere, horretarako propio jakinarazi duen kontuaren bidez, EuskalKultura.com-i adierazi dionez.
2014/04/14
Jaurlaritzaren Kanpo Ekintza eta honen muga eta jokatzeko esparrua, ekonomia eta aukera ekonomikoak, Basque Country marka --eta aldeak Espainia markarekin-- eta beste zenbait puntu ikutu ditu Marian Elorzak gaurkoan Deia egunkariak argitaratzen duen elkarrizketa batean. Urkullu gobernuko Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia da Marian Elorza zumarragatarra. Míriam Vázquez kazetariak sinatzen du elkarrizketa.
2014/04/14
2014/04/14
Sei izenburuko Zine zikloa antolatuko du Gure Zainak Euskal Etxeak Aberri Eguna ospakizunaren baitan. Emanaldiak apirilaren 23tik 25era bitartean gauzatuko dira Cordoba probintzia argentinarreko herri honetan Carlos Gabilondo adituaren ardurapean, sarrera urririk. Zineaz gain, gaueko saioen ondoren euskal mokaduren bat ere egongo dela dastatzeko iragarri digu etxeko lehendakari eta ‘Euskal Baserrietako Sukaldaritza (Cocina Vasca Campesina)’ liburuaren egilea den Marita Echavek.
2014/04/11
Euskal kulturak leku berezia izango du aurten ere Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan. Euskal standak liburu aurkezpenak, sinadurak eta hitzaldiak eskainiko ditu, Azokako Areto nagusiarekin batera. Programa barruan, Magdalena Mignaburuk bere Patria Vasca en Argentina aurkeztuko du, Toti Martinez de Lezeak hitzaldi bat emango eta Juan de Garay Fundazioak bere azken argitalpenen berri. Liburua besapean etorriko dira baita ere Kepa Etchandy (Amerikanuak) Ipar Euskal Herritik eta Ana Luiza Etchalus (Alma Basca) Brasildik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus