euskal diaspora eta kultura

2014/05/05
Joseba Etxarri EuskalKultura.com-eko zuzendariak Kaliforniara bidaia egingo du hil honen erdialdera, besteak beste NABO federazioaren Convention 2014 bileran parte hartzeko, maiatzaren 23an Bakersfield-en, Kern County Basque Club euskal etxearen 70. urteurrenarekin batera. Horrez gain, maiatzaren 17 eta 18an Los Banoseko euskal jaialdian hitzaldia emango du eta bidaia San Frantziskon amaituko du, San Francisco Basque Club-en urteroko euskal piknikean.
2014/05/02
Uruguaiko Salto hiriko euskal etxeak zuzendaritza berritu du eta Adela Soto buru duen taldea etorkizunari begira makina bat egitasmo eta ekitaldi ari da prestatzen. Horien guztien artean, aipagarria Saltoko euskaldunei buruzko dokumental bat egiteko proiektua, Alicia Cano zuzendari euskal-uruguiarraren gidaritzapean. Horrez gain, elkarteak liburu bat argitaratzeko asmoa du ere, eta ikastaro berriak ari da prestatzen, elkartea hiriko biztanleei irekitzeko asmoz.
2014/05/02
Erakundearen 25. urtemugaren urtean eskualdeko euskal etxeak bildu nahi ditu Guillermo Larregui Euskal Etxeak bere lehenengo Dantzari Topaketa Erregionalean. Hitzordua abuztuaren 9an izango da eta herriko plazan burutuko den dantzaldiaren ostean erromeria batekin jarraituko du jaiak. Ostatuari dagokionez, antolatzaileek jakinarazi dute instituzioa arduratuko dela dantzarien aloimenduaz eta hori dela eta otorduei eta bidaiaren kostuari baino ez dietela aurre egin beharko. Buenos Airesko Nafar Etxearen partaidetza ere baieztatu dute..
2014/05/02
Argentinan egiten ari den biran, Kepa Etchandy euskal argazkilariak ‘Amerikanuak’ bere liburua aurkeztu du Chacabucoko Euskaldunen Lagunen Taldearen 2014ko Kultur Zikloaren barruan. Egonaldiaren baitan, Mundo Vasco aldizkariaren arduradunekin ere bildu zen artista baionarra, bideari berriro ekin aurretik. Gogora dezagun datozen egunotan Buenos Airesko hainbat euskal erakundetan ikusi ahal izango direla Etchandy-ren lanak eta baita hiriburuko Liburu Azokan ere.
2014/05/01
Corpus Christin bizi da Olga Leiciaga, Argentinako iparralde urrunean, Iguazuko urjauzietatik ez urrun, San Ignacio herriaren ondoan, probintzia honi Misiones izena eman zioten jesuiten misio erorien eskualdean. XIX. mendean Argentinara heldu ziren euskaldunen ondorengoa, Olga Rosa Leiciaga Elordi irakasle erretiratua da, pare bat euskal etxeren fundatzailea eta lankidetza eta alkartasuna praktikatzen duena bere auzoko komunitate indigenekin.
2014/05/01
Badator laugarren "Txikifest" jaialdia, aurten ere New Yorkeko txakolin zaleen egarria asetzeko prest. Eder Montero sukaldari bilbotarrak Etxeorratzen Hirian gobernatzen duen Txikito jatetxeak antolatzen du Manhattango Txakolin Egun hau eta urtetik urtera gero eta lagun gehiago biltzen dira bertara, giro bikainak eta jan-edan tentagarriak deituta. Aurten ere Euskal Herriko txakolindegi onenen ardoak izango dira dastagai eta NYko hamar jatetxek tragoari laguntzeko pintxoak prestatuko dituzte. Festan bildutako dirua Edible Schoolyard NYC erakundearentzako izango da.
2014/04/30
Maiatzaren 8an hasiko da Birminghameko Unibertsitatearen 4. Euskal, Katalan eta Galiziar Zine Zikloa. Herrialde hauetako zinea eta kultura ezagutzera ematea du helburu, besteak beste, unibertsitateko Euskara eta Euskal Kultura irakurletzak antolatu duen jaialdiak. Euskal luzemetrai batekin abiatuko da egitaraua, Telmo Esnalen "Urteberri on, amona" lanarekin hain zuzen ere. Zuzendaria bertan izango da filma aurkezteko.
2014/04/30
Joan den asteburuan Santa Feko Rosarion, bertako Zazpirak Bat euskal etxearen eskutik, hasi zuen Joseba Gotzon kantariak Argentinara egiten ari den bira berria, oraingoan Xoán Curiel kantari galegoa lagun. Gaur asteazkena berriz ere Rosarion, baina Centro Galegoan arituko da, eta astean zehar Santa Fen, San Nicolas de los Arroyosen eta Paranan.
2014/04/30
Segitzen dute euskal etxeek munduan zehar eginiko Aberri Egun ospakizunen oihartzunek eta ekitaldiak hainbeste direnez --oraindik ere ari dira gertatzen-- pixkanaka ari gara ematen. Venezuela izango da seguruenik Diaspora osoan solemnitate handiagoz ospatzen den herrialdea. Tradizio da bertako hiru euskal etxeetan, Caracas, Valencia eta Puerto La Cruzen, eguna euskarazko meza batekin hastea eta euskal eta venezuelar banderak mastan igotzea ereserkien doinupean, lore-eskaintzak eginez, ondoren pilota partidak ikusi eta senidetasun bazkariarekin bukatzeko. Honela egin zen bi lehenengoetan, Puerto La Cruz-eko EEan aurtengo ospakizunak etxe partikularretan bilduta egin baitira.
2014/04/29
Chema Salcedo kazetari peruarra oso maitea duen proiektua ari da burutzen: 1936ko gerlan gudari izan zen bere aitari buruzko dokumentala. MAI Irrintzi batailoikoa izana eta gerraostean espetxetik pasatua, bere aita familia osoarekin Perura aldatu zen 1951ean, egun kazetari den Chemak bost urte zeuzkala. Jose Salcedo Molinuevo 2012an hil zen eta azkeneko hilabeteotan semea Euskal Herrian errodatzen ibili da eta orain Liman amaitzen ari da dokumentala, aste gutxi barru, ekainean dirudienez, estreinatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus