euskal diaspora eta kultura

2014/07/21
Urtebetetze festan parte hartzeko gonbitea etxeko kide eta lagunei ez ezik, eskualdeko euskal etxeetako ordezkariei ere dago zuzenduta. Pilarreko Eusko Etxearen urteurren bazkaria datorren abuztuaren 3an izango da, hiriko Atletico Pilar Klubean eta ohorezko brindis batekin bukatuko da. Erakundetik erreserbak aldez aurretik egitea eskatzen dute.
2014/07/18
Jatekoak, jokoak, ikuskizunak, txapelketak, erakusketak… Oso “menu” anitza prestatu dute Gooding-eko (Idaho, AEB) euskaldunek euren 33. euskal jaialdia ospatzeko. Ume zein nagusiek goza dezaten pentsatutako aurtengo edizioa Euskal Etxean bertan ospatuko dute, ez hiriko erakustazokan orain arte egin legez: egin ohi duen beroari aurre egiteko aire egokitu goxo-goxoa izango dute bertan, Phil Sarasquetak, Euskal Etxeko presidenteak, Euskalkultura.com-i esan dion bezala.
2014/07/18
Jendetza bildu zen asteazkenean Arrecifesen harrera egiteko hiriko seme ezagunenetariko bati: Pablo Zabaleta futbolariari. Zabaleta Brasildik etorri berria da, han Argentinar selekzioarekin munduko txapeldunorde postua eskuratu eta gero. Manchester City-ko jokalaria Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxearen kide izan zen gaztetan, eta euskal nortasun hori oso nabaria izan zen omenaldian: ohorezko aurresku bat dantzatu zioten eta argentinar banderaz gain, ikurrina ere izan zen taulagainean. Jarraian euskal etxeak argitaratu dituen argazkiak eta bideoak.
2014/07/18
Buenos Aires probintziako Villegasko Euskaldunak-ek antolatzen duen "Etxeko Sakotearen" --alegia etxean egindako fianbrearen-- jaiak Sanferminak ospatzea du helburu nagusia. Eta aurten, bigarren edizioan, ondo asko bete du helburua hirurehun lagun bilduz. Gauean zehar, mota askotako proposamenak eskaini zizkieten antolatzaileek gonbidatuei, tartean Maral musika talde euskal-argentinarraren kontzertua.
2014/07/17
Arabako Zuhatzan jaioa, Aitor Alavak 41 urte dauzka eta horietarik azkeneko hamarretan Buenos Airesen bizi izan da. Hiri horretako euskara irakasle baten bikote, Maialen neskatilaren aita ere bada. Aitorrek euskal dantzak irakastea dauka ogibide Buenos Airesen eta, azken urteotan, baita tangoa eta argentinar folklorea ere, tangoaren hiriburuan. Laketua da Argentinan eta bertako indarra eta dinamismoa dauzka gustuko.
2014/07/17
Miamiko Euskal Etxeak egin zuen bezala, Bermeoko lagun talde batek ere Joseba Andoni Larrazabal mutikoaren aldeko kanpaina jarri du abian, zortzi urteko gazteak behar duen tratamendua egin ahal izateko dirua eskuratzeko. Joseba Andonik istripua izan zuen piszina batean hamaika hilabetekin eta ia-ia ito egin zen. Horren ondorioz konbultsioak eta garapenean atzerapena izan du. Familia Miamin bizi da duela urte batzuk, bertan tratamendua ari baitzen jasotzen. Orain tratamendu berrirako behar den dirua biltzeko mobilizatu dira Miami eta Bermeoko lagunak. Hurrengo hitzordua Bermeoko Talan, etzi!
2014/07/17
Laurogeita hamar bat lagun bildu ziren jaian, tartean ikasleak, ikasle izandakoak eta etxeko kideen ahaideak. Topa egiteko momentuan, erakundearen oinarriak ezarri zituzten euskaldun horiek ekarri ziren gogora, baita zazpi hamarkada hauetan euskararen alde lan egin dutenak ere. “Euskaltzaleak-en historia epopeia bat izan ohi da; batez ere azken urteetan. Horrexegatik da hain garrantzitsua urtemuga hau”, adierazi zuen etxeko kide Elsa Usandizagak. Euskal Herritik bidalitako agurrak ere jaso zituen Buenos Airesko euskaltegiak, tartean Urkullu Lehendakariarena.
2014/07/16
Kherau talde bizkaitarrak Aukhera disko berria kaleratu du eta bertako abesti baten izenburuak gure jakinmina piztu du: "Nevada" kantuak. Entzun, eta bai, Diasporari buruzko abestia da: Ameriketara artzain joan den euskaldun batek etxean utzi duen alaba jaioberriari abesten dio. Kantu eder eta malenkoniatsua da, emigratu eta atzerrira joan behar izan dutenen esperientzia gogorraren isla. "Oesteko jota bat egiten saiatu gara; ez hango musika, ez hemengoa, baizik eta erdipuntuko zerbait", azaldu dio EuskalKUltura.com--i Kherauko Iker Lope de Bergarak.
2014/07/16
Renoko (Nevada, AEB) Zazpiak Bat Euskal Etxeak larunbat honetan, hilak 19, ospatuko du 47. jaialdia eta “jende gehiago” erakartzea, “ez soilik euskaldunak”, dute helburu, Paul Woodin presidente berriak Euskalkultura.com-i adierazi dion legez. Ostiral gauean hasiko dute parranda, Boiseko Amuma Says No musika talde euskal amerikarraren kontzertuarekin. “Aurtengo jaia berezia izatea lortuko dute”, esan du Woodin-ek.
2014/07/16
Harrera jendetsua egingo dio gaur, iluntzeko 7:15etan, Arrecifes hiriak Brasilgo Munduko Futbol Txapelketako finala jokatu duen Pablo Zabaletari. Omenaldia Mitre Plazan izango da eta bertan Arrecifesko Hiritar Ospetsua izendatuko du Daniel Bolinaga alkateak. Herri osoa bilduko da plazara txapelduna agurtzeko, tartean Euskaldunak Denak Bat-ko kideak. “Txikitan gure dantzari izan zen Pablo; eta euskal jantzi tipikoaz jantzita etortzen zen familiarekin San Inazio jaietara”, gogoratzen dute euskal etxekoek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus