euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Athletic-eko emakumeen taldeak gaztetxoentzako futbol udaleku bat egingo du uztailean Idahoko Boisen

2014/06/10

Ekainaren 8an Athletic-ek Levanteren aurka jokatu zuen partidako irudia (argazkia www.athletic-club.net) Bilboko Athletic-eko emakumezkoen taldeak zuzenduko duen Futbol Udalekua antolatzen dabil Boise State University-ko Euskal Ikasketa programa. Uztailaren 21etatik 24ra bitartean Idahoko Boisen egingo da. Ezaugarri hauetako lehenengo esperientzia izango da, futbola eta euskal komunitateak ekimen berean uztartuta. Athletic-en gizonezko ekipo nagusiak Boisera datorren urteko udan egin behar duen bisitaren aurrekari.

Gehiago irakurri...


Txileko 'Colectividad Vasca' euskal etxeko korala Antofagastan; elkarteak liburu bat aurkeztu du

2014/06/10

Antofagastara abiatutako euskal espedizioa, abesbatza, dantzariak eta erakundearen lagunak (argazkiaEE) Txileko Colectividad Vasca edo Euskal Gizataldea izeneko euskal etxea azken boladan gauzatu dituen ekimenetako biren berri emanez datorkigu: ekainaren 1ean bere baitango abesbatza Antofagastara joan zen, bertako Centro Español-en 105. urteurrenean kantatzera. Bi aste lehenago, berriz, euskal etxe berak 'Voces entrecruzadas' liburuaren aurkezpenean hartu zuen parte, 1973tik Bilbo eta Gorlitzen bizi izan den Lucy Sepulveda idazle txiletarraren antologia poetikoa.

Gehiago irakurri...


Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteak saridun Azkue eta EKEren Irudimena sormen lehiaketan

2014/06/10

Irudimen sariaren aurtengo irabazleak antolatzaileekin, Bilboko Euskararen Etxean egin zen ekitaldian (argazkia Azkue/EKE) Azkue Fundazioa eta EKEk aditzera eman dute Irudimena sormen lehiaketaren saridunen izena, iragan ekainaren 7an Bilboko Euskararen Etxean egin zen sari banaketa ekitaldiaren baitan. Lehiaketan Iparraldeko zein Hegoaldeko gazteek parte hartu dute, eta baita Diasporako bi sortzeilek ere, antolatzaileek azpimarratu dutenez. Lehiaketa honetako laugarren edizio honetan guztira 66 lan aurkeztu izan dira. Zorionak irabazleei!

Gehiago irakurri...


Atlantikoa zeharkatu duen Giza Katea: Gure Esku Dago ekimenaren Argentinako irudi eta bideo berriak

2014/06/10

Gure Esku Dago Giza Katea Buenos Aireseko Laurak Bat-en (argazkia GED) Gertutik jarraitzen du Argentinako euskal diasporak Euskal Herrian egunez egun gertatzen dena. Ez da beraz harritzekoa Gure Esku Dago dinamika herrikoiak antolatutako Giza Katea, herrialde honetara iritsi izana. Argentinako Kateak asteburu osoan osatu dira hainbat herritan. ‘Gure Esku Dago’ lelopean kale eta plazetara atera dira euskal etxeetako kideak Diasporaren esku ere badagoela aldarrikatzeko. Hona azken ordu hauetan EuskalKultura.com-era iritsitako bideo eta irudi berriak.

Gehiago irakurri...


Angel Espinoza txistularia euskal musikaren ordezkari Txileko Santiagoko 2014ko Festa Paganoan

2014/06/09

Angel Espinoza Caceres txistulariak euskal musikaren ordezkari hartu zuen parte Santiagoko 2014ko Festa Paganoan Angel Espinoza Caceres txistulari txiletarra, 'Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldea' delakoko zuzendari gisa, euskal musikaren ordezkari izan da Santiagon, 2014ko 'Festa Paganoa' elkarretaratzean. Hitzordu hau familia giroko kulturarteko bilera legez definitzen dute bere antolatzaileek eta bertan Espinozak musika laguntza eman zien Txileko Bosgarren Erregioko Dancing Clovers dantza zelta taldeari eta baita Santiagoko Voces del Tiempo musika zelta taldeari ere.

Gehiago irakurri...


Aurreikuspen guztiak hautsiz, 150.000 lagun bildu ziren EHn eta Diasporan Gure Esku Dagoren giza-katean

2014/06/09

New Yorkeko euskal komunitateko kideak Brooklyngo Zubiaren azpiko gunean bildu ziren (argazkia GariUdabe) Egun historikoa izan zen atzokoa Euskal Herrian, 150.000 lagunek eskua eman eta Durangotik Iruñearako bidea bete baitzuten euskaldunen erabakitzeko eskubidearen aldeko giza-kate batekin. Antolatzaileen aurreikuspenak hirukoiztu egin zituzten partehartzaileek eta Diasporan ere babes zabala jaso du ekimenak. Hemen dituzuen dagoeneko geurera heldu diren munduko euskaldunen ekimenen zenbait irudi eta bideo: New York, Necochea, Coronel Pringles, Chascomus...

Gehiago irakurri...


Euskal jatorriko Manuel de Sumaya mexikarraren lanak joko dira etzi Buenos Airesen Euskal Echea eskolan

2014/06/09

Euskal Echea-n burututako maiatzeko kontzertuaren irudia. Errezitalaren aurretik, Mario Videla musikariak azalpen batzuk eskaini zituen Maiatzean hasi da aurten Buenos Airesko Euskal Echea Institutuko elizan erakundearen 2014ko kontzertu klasikoen zikloa. Errezitalen programa azaro arte luzatuko da eta bigarren emanaldia etzi burutuko da La rosa púrpura del Plata taldearen eskutik. Errenazimendu eta Barrokoko musikan adituak diren artistek Manuel de Sumaya konpositore mexikarraren obrak joko dituzte, batzuk gainera, inoiz entzungabeak Argentinako publikoarentzat. Hitzordurako gonbitea, ekainaren 11an, komunitate osoari dago zuzenduta, sarrera librea eta doakoa.

Gehiago irakurri...


Euskal venezuelar komunitatea: Jon Bengoa Renteria hil da tupustean Caracasen; Josu Calvo zendu da

2014/06/06

Jon Bengoa, artxiboko argazki batean. Tupustean hil da 53 urte zituela Caracasen (argazkia Amaya Zenarutzabeitia) Caracasko euskal komunitatetik dator berria, tupustean hil baita hiriburu venezuelarrean Jon Bengoa Renteria, dirudienez burmuineko aneurisma batek jota. Jon, Jose Maria Bengoa eta Amaia Renteriaren semea zen, Igone San Sebastian zeukan emaztea eta Eneko eta Naiaren aita zen, baita, besteak beste, Jaurlaritzako Osasun sailburu ohi Rafael engoa Rentreriaren anaia ere. Berri lazgarriak Venezuelako euskal komunitatea eta Euskadiko euskal-venezuelar ingurua hunkitu ditu. Caracastik, beste heriotz baten berri ere dakarkigu Jazoerak, Josu Calvorena.

Gehiago irakurri...


Aitzol Lasa matematikalari nafarrak irabazi du Nekatoenea etxearen idazle-beka

2014/06/06

Aitzol Lasa,  Aintzane Lasarte (IAEZI) eta Pantxoa Etchegoin (EKE) antolatzaileekin Literatura egonaldia da, baina oraingo honetan zientzilari batek irabazi du, bitxia badirudi ere. Aitzol Lasa matematikalari nafarrak proposamen berezia aurkeztu zuen bekaren laugarren edizio honetan, letrak eta zientziak uztartzea, eta berarentzat izan da Nekatoenea etxean proposatutako lana gauzatzeko hilabeteko idazle-egonaldia. Beka aurtengo urriaren 6an hasi eta azaroaren 2a arte iraganen da.

Gehiago irakurri...


Euskal etxea etortzeke, Pigüé-ko euskaldunek euskal edukiko buletinak banatzen dituzte hileroko topaketetan

2014/06/06

Pigüé-ko euskal gizataldea iazko hiriaren urteurreko kabalkadan. Argazkian Agustin eta Analuz, euskaldunen berbilobak Lehenengo urratsa emanda, taldea sendotzeko helburua jarri dio bere buruari Buenos Aires probintziako Pigüe herriko euskal gizataldeak. Hilean behin gauzatzen dituzten afariez aparte, buletin txiki bat ere prestatzen dute elkarretaratzeetan banatu eta arbasoen herria eta historia hobeto ezagutzeko. Afariak hiriko ‘Cafe-Resto Navarra’ jatetxean egiten dira, hilabete bakoitzeko hirugarren astelehenean eta datorrenean, ekainaren 17koan, euskal zinea ere eskainiko zaie gonbidatuei.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia