euskal diaspora eta kultura
2014/09/04
“Como falar de coisas que não existem”, nola hitz egin esistitzen ez denari buruz leloa du Sao Pauloko 31. Bienalak eta bertara hurbiltzeko aukera dutenek artelan sorta mardula ikusi eta gozatzeko aukera izango dute. Horien artean bi euskal artisten lana ez galtzeko gomendioa emango dugu guk: Asier Mendizabal ordiziarrak Jorge Oteiza maisuak Latinamerikan egin zituen eskulturen berridazketa garaikidea egin du eta Juan Perez Agirregoikoak Sao Paulon grabatu duen filma aurkeztuko du, Pier Paolo Pasolini handiaren “Ebangelioa San Mateoren arabera” pelikulan oinarritua.
2014/09/04
Urtero urtero irailaren 18an Nafarroako artzainek Bardeetara ekartzen dituzte negupasa uda Pirineotako larretan eman duten artaldeak. Trashumantziaren azken aztarnetako bat da ohitura hau eta aurten gainera azkeneko aldiz egingo omen da. Hori dela eta, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak bertan ospatuko du aurten bere urteroko festa. Elkarteko kide bat, Jose Aguas artzaina, izango da artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botako duena.
2014/09/03
Etxeko patioan, lagun eta familia artean ‘pikon’ batzuk edaten. Horrela sortu zuten, 2004an, Santa Rosako (Nevada, AEB) Euskal Etxea. Bertan ziren Susan eta Richard Gavica eta azken hau hautatu zuten lehendakari. Urtero antolatzen duten laugarren jaialdia ospatuko dute larunbat honetan, elkartearen hamargarren urtea ospatzeak ematen duen poztasunarekin.
2014/09/03
Arduradun berrien ardurapean ireki ditu bere ateak abuztuan La Platako euskal etxeko jatetxeak. Betiko izen eta helbidearekin, 'Restaurante Centro Basko’ delakoa 58 eta 14 kaleen izkinan dago kokatuta eta Euskal Herriko eta Argentinako plater tipikoak eskaintzen dizkio publikoari. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik igandera dago irekita, eguerdian zein gauean.
2014/09/03
Azken orduotan makina bat euskaldun eta kataluniar jo eta su dabiltza Twiterren euskarazko hitzik kuttunena zein duten esaten, #euskaraeslhora hashtag-arekin etiketatuta. Bartzelonako Euskal Etxeak hasi du kontua, euskara ikastaroen hasieraren berri emateko kanpaina biral baten baitan. Mezua jasotzen duenak bere hitzik gustukoena esan eta beste hiru lagun nominatu behar ditu. Apurka apurka Kataluniatik Euskal Herriraino jauzi egin du ideiak. Jarri al duzu zeurea dagoeneko?
2014/09/02
Duela hiru urte, 2011ko irailean, estreinatu zuen Telmo Esnalek (Zarautz, 1967) bere azken luzemetraia: ‘Urte Berri on, amona!’, familia arteko erlazioetan sortzen diren arazoen inguruko komedia beltz arrakastatsua. Kanadako 'Vancouver Latin American Film Festival'ean (VLAFF) emango dute filma datorren larunbatean, irailaren 6an. Festibaleko Zuzendari Berrien saileko epaimahaikide ere izango da zarauztarra.
2014/09/02
Buenos Aires hiriburuan ‘Komunikazioa-inkomunikazioa’ izenburuko lana taularatu ostean, ‘Gelajauziak’ kale ikuskizuna aurkeztera abiatu da Argentinako ipar eta ipar-ekialdera Gipuzkoako Kukai konpainia. Bira Tucumanen hasi zen abuztuaren 27an eta Rosarion bukatuko, irailaren 7an eskainiko den azken emanaldiarekin. Jon Maya dantzariaren zuzendaritzapean, bi proposamenek dantza garaikide eta euskal dantza tradizionalak batzen dituzte.
2014/09/02
Logroñoko Laminiturri elkarteko kideak pozik dira egunotan; pozik eta lanpetuta, Errioxako hainbat hiri eta herrietan euskara ikastaroak antolatzen. Logroñon aspalditik ematen dituzte klaseak, eta iaz Naxeran ere hasi ziren. Aurten Laminiturrikoek sare sozialen bidez ikastaro berriak antolatzeko aukera iragarri dute, eta errioxarrak euskara gose agertu dira. Haron eta Alfaron ere eskatu dituzte euskara eskolak eta irailean hasia da matrikulazioa. Errioxan euskara ikasi edo praktikatu nahi duzu? Izena eman, oraintxe duzu aukera eta!
2014/09/01
Gaur astelehena, irailaren 1ean, ikasturte berri bati ekin dio EuskalKultura.com-ek. Abuztua barne lanetan eta webgunea berritzen eman dugu, beti ere gogoa Euskal Herriaren eta bere Diasporaren arteko harremanak zabaldu eta sakontzean ipinita, horretarako tresnatzat jotzen baitugu gure jarduna. Aldaketak egin ditugu eta segitzen dugu webgunea aldatzen. Ohi bezala, zure iritzia eta partaidetza ongi etorriak dira. Ea zer eskaintzen digun ikusturte berriak!
2014/09/01
Argentinar Nazioko Kongresuko Liburutegiak eta Buenos Airesko Udako Euskal Unibertsitateak (UVV, Universidad Vasca de Verano) antolatuta, gaur astelehena emango zaie jarraipena Buenos Airesen, joan den abuztuaren 25an hasitako Nazioko Kongresuko Liburutegiko Euskal Kultura Jardunaldiei. Gaurkoan, Montxo Armendarizen Obaba filma ikusi ahal izango da, Carlos Gabilondo irakaslea aurkezle. Ekitaldiak ostegunean segituko dute eta datorren astean, irailaren 11ean izango dute azkena. Saioak abuztuaren 25ean estreinatu ziren, Gernikako Arbola kantatu zen zeremonia batean, Kanky Kuzemel-en ahotsean, Marité Echegoyenek eta Sara Pagola Euskadiren Ordezkaria hizlari.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus