euskal diaspora eta kultura
2014/09/12
Euskal Zine eta Kultura zikloa Lujango Unibertsitate Nazionalaren “UNLugar para compartir” izeneko kultur programaren barruan ari da garatzen eta unibertsitateko egoitzetan ez ezik, Lujan hiriko Florentino Ameghino Eskolan eta baita General Rodriguez herriko Eusko Aterpea euskal etxean ere eskainiko ditu emanaldiak. Izan ere, Eusko Aterpea da datorren igandeko saioko antolatzailea, Julio Mendem-en “Behiak” luzemetraia ikusgai, sarrera librea eta doakoa.
2014/09/12
Urteroko piknika ospatu zuten, joan den igandean, Kaliforniako Marin Sonoma Basque Association-eko euskaldunek, San Frantziskotik milia batzuk iparraldera. “Plan ona eta lasaia izan zen, ohi bezala”, esan dio Arrecheak Euskalkultura.com-i. Ehun lagun inguru batu ziren, hain juxtu, euskal etxeak mende laurdena betetzen duen urtean.
2014/09/12
Chubut probintziako Euskal Echea (sic, izen honekin orain dela 91 urte abiatua) elkarteak zeregin handia du aurten ere Immigrantearen Eguna ospatzeko hiriak antolatu dituen ekitaldietan. Hori dela eta buru belarri ari dira etxeko dantzari eta sukaldariak ostiral honetan hasiko den Azoka Gastronomikorako dantzak eta plater tipikoak prestatzen. Jaiko programa barruan, Comodoroko euskal etxea Euskal Herriaten ordezkari izan zen desfilean eta hogei dantza talde batu zituen Gala Gauean.
2014/09/11
University of Nevada Reno-ko (AEB) Euskal Ikasketen Zentroak antolatuta, gaur bertan hasiko da euskal gaien inguruko bederatzigarren hitzaldi sorta. Hizlari desberdin bat arituko da ostegunero, azaroaren 20ra arte, Euskal Herriarekin harremana duten hamar bat gai jorratuz. Euskal enpresen ekodiseinuaren kudeaketari buruz egingo du berba, adibidez, Beñat Landetak eta Therese Laxalten poesiaz Nagore Sedanok. “Caro Barojak esan zuen legez, aldi berean bizi dira tradizioa eta modernitatea euskal historian”, baitetsi dio Iker Saitua arduradunak Euskalkultura.com-i.
2014/09/11
Ziortza Gandarias galdakaoztarra da eta 27 urte dauzka. Euskal Filologian lizentziatua, lan aski segurua zeukan Donostiako Santo Tomas Lizeoan irakasle, bapatean urrats berria ematea erabaki --"orain ala sekula ez"-- eta Estatu Batuetara aldatu denean, beka batekin, gutxienez lau urte hartuko dion doktoretza egitera.
2014/09/11
Mota askotako ekintzak egin dira irailaren 2tik 8ra Chaco probintziako hiriburuan Immigrantearen Eguna ospatze aldera. Kotoiaren Lurra bertako euskal etxea ez da ospakizun hauetatik kanpo geratu eta euskal gizataldearen ordezkari izan zen 2 de Febrero Plazan antolatutako jaialdian eta baita probintziako legebiltzarrean egindako omenaldian ere. Zeremonia honetan diploma eman zioten, beste zenbait etorkinen artean, euskal etxeak proposatuta, Juan Iturrioz arkitektoari.
2014/09/10
Boise State University-ko(BSU) Euskal Ikasketa Programak antolatu duen bigarren Literatur Lehiaketarako lanak aurkezteko epea aurki amaituko da, urriaren 1ean. Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ekin elkarlanean antolatu dute lehiaketa, eta bertara euskal gaia duten edozein eratako lanak aurkez daitezke, fikziozkoak ala ez-fikziozkoak, beti ere ingelesez idatziak.
2014/09/10
Irailaren 4tik eta hilaren bukaera arte ikusgai da Imanol Ordorika arkitekto euskal-mexikarrari buruzko erakusketa Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Bizkaiko Ordezkaritzan. Ordorika Lekeition jaio zen baina Mexikora erbesteratu zen familiarekin zortzi urte zituenean. Mexikon ikasi zuen arkitektura baina, erakusketako arduradunek azpimarratzen dutenez, bere lanean bi herrialdeetako kulturak uztartzen dira. Bere eraikinak 36ko gerrako erbesteratuek Mexikoren hiri garapenean izan zuten eraginaren adibide bikaina dira.
2014/09/10
Hilabete honetatik aurrera, La Pampa probintzia argentinarreko Gral. Achako euskal etxeak logotipoa eta erakundea ordezkatzen duten kirolarientzako arropa modelo berriak izango ditu. Diseinuak Melisa González Poey gazteak egin ditu, Euskal Herriaren ikur diren ikurrina eta lauburua baliatuz. Euskal Etxeak, bestetik, gonbitea luzatzen dio komunitateari datorren larunbatean 'Afari Amerikano' batean parte hartzeko.
2014/09/09
Heldu den larunbatean, hilak 13, izango da San Frantziskoko Basque Cultural Center euskal etxeak antolatutako XVII. golf txapelketan izena emateko azken eguna. Irailak 27an jokatuko da norgehiagoka San Mateo inguruan dagoen Poplar Creek golf zelaian. “Aurreko urteetan legez, 30 eta 40 lagun artean espero ditugu”, Alain Camou antolatzaileak Euskalkultura.com-i esan bezala.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus