euskal diaspora eta kultura
2014/10/01
Oroimen asko piztu zituen artaldean Bardeetan sartzen ikusteak bertara bildu ziren Ameriketako euskal artzainen artean. Paisaia idorrak, hautsa, ardiak balaka… Oesteko basamortuetan bizitako urteak gogora ekarri zituen batek baino gehiagok. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak deituta, jai egunaz gozatzeko bildu ziren bertara 500 lagun inguru eta horietako batek, Jose Aguas artzainak, artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botatzeko ohorea izan zuen.
2014/10/01
Aita donostiarra eta ama Osintxuko bergararra, Naguanaguan harrapatu dugu Arrate Coscojuela Zanguitu euskal-venezuelarra. Caracastik pare bat ordu pasexera dagoen Naguanagua, Carabobo estatuan kokatzen da, eta urtero abuztuan ospatzen ditu herriko festak, ospatu ere Begoñako Andra Mariaren ohoretan, 1782tik hona bertako patroi zaindaria baita Ama Birjinaren euskal adbokazio hau.
2014/09/30
Urriaren 6an abiatuko da Bernardo Atxaga Katedra City University of New York (CUNY) unibertsitatean. Etxepare Euskal Institutuaren sostenguarekin antolatutako katedra hau urriaren 11 bitartean luzatuko da eta azken 40 urteetako euskal literatura hartuko du aztergai. Nerea Arruti eta Mari Jose Olaziregi EHUko irakasleeta literatura adituak emango dituzte klaseak. Horrez gain, musikak ere tartea izango du Katedraren egitarauan eta bi kontzertu egingo dira The Graduate Center-en; aurrena, Ruper Ordorika eta Ben Monderrekin, eta bigarrena, Josu Okiñenaren kontzertu-hitzaldi bat izango da.
2014/09/30
Jose Miguel Ramírez Giraldo izan zen lehena. Pereiratik (Kolonbia) hasi zen hizkuntza desberdinetan grabatutako bideoak YouTube-n eskegitzen. Horietako batean, euskaraz berba egiten ikusi zuen Maria Spantidi greziarrak eta beste bideo batekin erantzutea erabaki zuen. 7.000 bistaratze inguru dituzte Jose Miguelen bideoek. 15.000tik gora Mariarenak. Biek ala biek egin dute berba Euskalkultura.com-ekin.
2014/09/30
La Platako Udalak, Euzko Etxea euskal etxeak eta La Plata Handiko Industria Elkarteak sinatutako hitzarmen baten barruan burutuko da Nekazaritza eta Industria Erakusketa azaroaren 7tik 9ra, Euskal Herriko zein Argentinako hainbat erakusle lagun. Ekitaldia Republica de los Niños izeneko parkearen lur-eremuan egingo da eta, iragarri denez, bertan elkartuko dira, Argentinako agintariekin, Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko ordezkariak. Euskal Astearekin bat, La Platako “Hargatik” euskal aldizkarian iragarkiak ipintzera gonbidatzen du euskal etxeak.
2014/09/29
Azaroaren 1etik 9ra izango da aurten Argentinako euskal diasporaren festarik handiena, La Plata hirian. Behin-behineko programa, antolatzaileek azken orduetan jakinarazia, oparoa bezain zabala da eta ohiko ekintzak –erromeriak, hitzaldiak, dantza emanaldia eta euskara zabaltzeko aktibitateak– ez ezik, proposamen berriak ere badakartza, tartean Nekazaritza eta Industria Erakusketa. Hona behin-behineko programa.
2014/09/29
Urriaren 19an, igandean, ospatuko dute Lagun Onak Euskal Etxeko kideek udazkeneko piknika. “Euskal etxe txikia da geurea eta piknika ere umila da, baina itzel pasatzen dugu”, esan dio Beristain-ek, Nevadako klub honetako zuzendariak, Euskalkultura.com-i. Spring Mountain Ranch State Park-en batuko dira kide eta lagunak, hiriko makina txanponjaleen zaratatik apur bat urrundu eta arnas hartzeko paregabeko lekuan.
2014/09/29
Urteroko Batzar Nagusia egin du Buenos Airesen, hiriburu argentinarreko 'Iparraldeko Euskal Etxe' edo 'Frantses Euskaldun Etxeak', azken izen hau erakundearen gaztelaniazko eta frantsesezko deitura Txirritaren euskarara itzulita. Bilkuraren ostean, euskal etxea gobernatuko duen Zuzendari Taldeak Ernesto Cornejo Saravia dauka buru, orain arte bezala, berarekin buruzagi direla Cesar Arrondo, lehendakariorde; Norma Rios, idazkari; Juan Carlos Ibarrola, idazkariorde, Carlos Martinez, diruzain; eta Manuel Azpiroz, diruzainorde.
2014/09/26
Albiste garrantzitsua zekarren New England-eko (AEB) Euskal Etxeko azken buletinak: Roberto Guerenabarrenaren ordez Sergio Sotelo izango da, hemendik aurrera, lehendakaria. Kluba 2004an sortu zutenetik izan da presidente pilotari erretiratua baina, Euskalkultura.com-i esan dion legez, “bada ordua jende berria lanean hasteko”.
2014/09/26
Hiru urte bete ditu Rio Grande do Sul-eko Euskal Etxeak eta tarte labur honetan makina bat ekimen egin ditu jada, Brasil hegoaldean euskal kultura eta ondarea berreskuratu eta sustatze aldera. Orain elkarteak zuzendaritza batzordea berritu egin du, eginahala horretan indar eta gogo berberarekin jarraitzeko asmoz, eta jarduera berria iragarri du datorren urriaren 4rako: Mendebaldeko Mugako Lehendabiziko Euskal Topaketa. Uruguayana hiri eta inguruetako euskaldunei zuzendua da bereziki topaketa, eta bertan, besteak beste, Argentinatik etorritako lagunek ere parte hartuko dute, zehazki, Paraná hiriko Urrundik Euskal Etxeko dantza taldeko kideak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus