euskal diaspora eta kultura
2015/06/17
Dantzariei zuzendutako tailerra egin zuen Macachingo Euzko Alkartasuna euskal etxeak joann den asteburuan, FEVA babesle eta Bahia Blancako monitoreak lagun. Ekitaldia "arrakastatsu baino arrakastatsuagoa" izan zen eta urriaren 26tik azaroaren 1era La Pampa probintziako herri honetan egingo den Euskal Aste Nazionalaren giroan sartzen hastera gonbidatzen du.
2015/06/16
Ipar Ameriketako euskal etxeetan euskara eskolak aurrera doaz, apurka apurka. HABEk sustatzen duen Euskara Munduan egitasmoaren baitan, azken urteotan ahalegin handia egin da Ipar Ameriketako euskal etxeetan ikastaroak emateko, eta lan hori fruituak ematen hasia da. Iragan maiatzaren bukaeran irakasleen topaketa egin zen Boisen, eta bertan 12 irakasle bildu ziren, San Frantzisko, Denver, Vancouver, Montreal, New York, Los Angeles eta Boisekoak.
2015/06/16
Urteroko arrakastarekin errepikatu dute aurten ere laplatatarrek euren Paella Lehiaketa. Guztira zortzi talde aurkeztu ziren deialdira, zazpi, etxekoak eta bat kanpokoa, eta oso lan zaila izan zuen epaimahaiak erabakitzea azkenean Kataluniako Etxeko ordezkariei eman zien lehenengo saria. “Etxeko lagunak bildu eta ondo pasatzeko aitzakia baina ez den txapelketa” ordu txikiak arte luzatu zen, dantzariek animatuta.
2015/06/15
Datozen bi urteetan Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kultura irakurletza sarea zabaldu egingo du, bost unibertsitate berritan ikastaroan abian jarriz. Erakundeak aditzera eman duenez, 2015/2016 ikasturtean irakurletzak irekiko dituzte Habanan (Kuba), Parisen (Frantzia) eta Illinois-eko Unibertsitatean (AEBn). Gainera, 2016/2017 ikasturtean beste bi gehituko zaizkie: Edinburgh-en eta Kaliforniako Unibertsitatean.
2015/06/15
Estatu Batuetako Oregoneko Ondarion, 16. America’s Global Village (AEBetako herriska globala) egin da ekainaren 6an, bertako Merkataritza Ganberak antolatua. Doako festibal honek hiriko aniztasuna erakutsi nahi du urtero eta bertan izatea du gustuko Ontario Euskal Etxeak: “Gizarte honetako parte izanik, gizartearekin eta gizartearentzat egin nahi ditugu gauzak”, esan dio Lisa Corcostegui Ontarioko Euskal Etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i. “Polita da beste kulturak ikustea eta, gainera, ikusgarritasuna ematen digu ere”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.
2015/06/15
Buenos Airesko Euskal Unibertsitatea elkarteak (UVBA, Universidad Vasca de Buenos Aires) Kongresu Nazionaleko Liburutegian urtero antolatzen dituen Euskal Kultura Jardunaldiak beren 4. ediziora iritsiko dira aurten. Ekitaldia abuztuaren 21etik irailaren 2ra luzatuko da, tailerrak eta zine emanaldiak barne. Jardunaldiekin batera arte erakusketa bat ere egingo da eta antolatzaileek deia luzatu diete Diasporako artista plastikoei, euren obrak bertan erakusteko aurkez ditzaten. Epea ekainaren 30ean bukatuko da.
2015/06/12
Kanta Youtuben dago dagoeneko eta lau egun eskasetan hiru milatik gora bisita jaso ditu. Mezu eta kritikak ere jaso dituzte Argentinako nafar kolektibitateko Sebastian Borro eta Matias Fernandez egileek, batzuk onak, beste batzuk, ordea, gogorragoak. “Gure asmoa festarako kanta bat proposatzea izan da, besterik gabe”, aitortu digute gazte argentinarrek. Hala ere, bideoak mugak gainditu ditu eta Diario de Noticias de Navarra egunkariak hedatu du bere bertsio digitalean.
2015/06/12
Arriskuan dauden Hizkuntzei buruzko Astean sartuta dago Londresen SOAS University of London eta, horren baitan, gaurko eguna euskarari eskainiko dio oso-osorik. Ekitaldiak "Euskara Jendea" dokumentalaren emanaldiarekin hasiko dira eta ondoren bertsolaritzari eta euskal hizkuntz politikari buruzko hitzaldiak eta euskal dantza lantegia egingo dira. Jarduera guztiak irekiak dira.
2015/06/11
Rotterdam hirian da egunotan Harkaitz Cano idazlea, bertako Nazioarteko Poesia Jaialdiak gonbidatuta. Topaketa iragan ekainaren 9an hasi zen eta larunbata bitartean munduko hainbat herrialdetako olerkariek euren lana erakutsiko dute bertan. Larunbatean, esaterako, Canok hamar lagunentzako saio berezia egingo du Rotterdameko Antzokiko teilatuan, "Rooftop Poetry" ekimenaren barruan.
2015/06/11
Deustuko Unibertsitatean abokatu ikasita, hamar urtetik gora da Jonan Lekue Alemanian bizi dela. Bi seme-alaba berlindarren aita, besteak beste On Egin euskal jatetxea kudeatzen du gaur egun eta euskal etxeko euskara irakasle ere bada, zortzi-bederatzina ikasle adin guztietako, gehienak alemaniarrak. Joan den asteburuan bertso-bazkaria ere egin zuten, Jon Maia eta Alaia Martin tarteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus