euskal diaspora eta kultura
2015/07/01
‘Black and White and Red all over’ --egunkariak izendatzeko ingelesezko hitz-jokoa-- da Christine Iriarte Niswonger artista euskal-amerikarraren azken lanaren izena, eta uztailaren 7ra arte egongo da ikusgai, City Light Art Gallery-n, Las Vegaseko inguru metropolitarreko parte den Henderson herrian. Collage moduko obra hauetan grabatuak, tipografiak eta egunkari zatiak eta argazkiak ikus daitezke: “Albisteak irakurri edo ikustean jendea eszeptikoa izan dadin nahiko nuke”, adierazi dio Iriartek EuskalKultura.com-i.
2015/07/01
Eusko Ikaskuntza-Iparraldek eta Irungo Ezmugak elkarteak deialdia luzatu diete euskal artistei Diasporaren inguruan hausnarketa egin eta artelanak sortzeko. Lanen proposamenak irailaren 15a baino lehen bidali behar dira eta horien artean aukeratutakoekin "Artea eta Euskal Diaspora" izeneko erakusketa ibiltaria jarriko da abian 2016ean. Erakusketa Baionako Euskal Museoan inauguratuko da, eta ondoren Euskal Herrian barrena izango da ikusgai.
2015/07/01
Uztaila iritsi da eta Iruñean bezala, Argentinan ere ari dira nafarren ondorengo eta lagunak prestatzen mundu osoan ezaguna den jaia ospatzeko. Festak asteburu honetan hasiko dira eta hurrengora arte luzatuko, herrialde osoko euskal eta nafar etxeetan. EuskalKultura.com-en artikulu honetan, hainbat ospakizunen programa.
2015/06/30
Zazpi minutuko zazpi atal jarri dituzte sarean eta, horrekin bakarrik, "Gifted Corporation" websailak nazioarteko hainbat zinemaldietan dozenaka sari irabazi ditu. Nazioarteko ikusleak ere eskuratu ditu produktuak, batez ere Estatu Batuetan, Oliver Mend zuzendariaren esanetan. Bera eta Rose of Dolls dira sailaren sortzaileak, eta dagoeneko bigarren denboraldia ari dira prestatzen.
2015/06/30
Etxepare Institutuak plazaratu berria du Europa eta Ameriketako bost unibertsitate berrirekin akordioak sinatu dituztela. Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963) Etxepare Institutuko Euskara Zabaldu eta Sustatzeko zuzendaria da. Bere lanaren zati handi bat unibertsitateetara bidaiatzea da, euskara eta euskal kultura irakurletza horiek, eta katedrak. Felix Ibargutxi Olaziregirekin mintzatu da Diario Vascon argitara eman duen elkarrizketa batean.
2015/06/30
Urtero bezala, etxeko kide eta lagunak bildu ziren Iparraldeko Euskal Etxean San Juan Gaua eta Ipar Hemisferioko udako solstizioa ospatzeko. 'Sorgin Afaria' topaketan, menu ederra dastatu eta jolasak ere egin zituzten bildutakoek. Sorgin Txapelketa ere antolatu zuten eta irabazlea Eva Turun Barrere izan zen. Ekitaldi honen berri ematearekin batera, Iparraldeko Euskal Etxeak ostegun honetan Augusto Bedacarratz itsas pilotoak eskainiko duen hitzaldira gonbidatzen du.
2015/06/29
Uztailaren 10ean, Vancouver-eko (Kanada) Propaganda Coffee-k itxura aldatu eta Euskal Herriko edozein taberna emango du barra pintxoz, txakolinaz eta sagardoz beteta. Jefferson Alvarez sukaldariaren eta Txotx Basque Imports enpresa kanadarraren arteko elkarlana izango da hirira “euskal zaporeak ekartzea”. “Sukaldari legez, zapore berrietara ohitu behar dut jendea”, esan dio Álvarez-ek EuskalKultura.com-i. “Ilusio handiz gaude”, gehitu du Txotx Basque Imports-eko zuzendari Kelly Chomat-ek.
2015/06/29
Udako Ikastaroen barne egingo da, aurten ere, "Excellence in Basque Studies" ikastaroa, Etxepare Euskal Institutuak sustatuta. Ikastaroaren helburua zera da, Etxeparek nazioarteko hainbat unibertsitatetan dituen euskal irakurleak --edo irakurle izan nahi dutenak-- trebatzea. Ikastaroa uztailaren 8tik 10era egingo da Donostian, eta Etxeparek bertan parte hartu nahi dutenei bekak eskaintzen dizkie.
2015/06/29
Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxea babesle, lau hiri bisitatu ditu Pascual Barturen musikari bizkaitarrak 2015eko bere bira argentinar honetan, leku bakoitzeko eliza nagusietan errezitalak eskainiz. Tokian tokiko euskal gizataldeek, emanaldiak antolatzeaz gain, apaiz euskaldunarekin elkartzeko aukera ere izan dute. Kontzertuok ateak zabalik izan dituzte organo musika zale guztientzat eta harrera eta oihartzun polita lortu dute.
2015/06/26
Datorren astean ailegatuko dira. Hirugarrenez hartuko du parte Nevadako (AEB) Elko Indar nesken futbol taldeak Donosti Cup nazioarteko txapelketan. Eta hirugarrenez ere izango da klubeko presidente Ramon Zugazaga gernikarra bidaiako burua. “Ez dakit irabazi ahalko dugun baina ondo jokatuko dugula badakit”, esan dio EuskalKultura.com-i. Elko, euskal eragin handiko herria da Estatu Batuetan, eta izan ere datorren astean, Indar-koak hemen direla, ospatuko ditu herriak bere euskal jai entzutetsuak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus