euskal diaspora eta kultura
2015/08/01
Atzo, North American Basque Organizations (NABO) elkartearen bilkuran, Bizi Emankorrak sariak eman zituen Ipar Ameriketako euskal etxeen fedeeazioak. Sari hauek AEBetako euskal komunitatearen alde egindako lana aintzat hartzen dute, eta aurtengo sarituetako bat EuskalKultura.comeko zuzendari Joseba Etxarri izan da. Beste sarituak Izaskun Kortazar, Benan Oregi eta John Ysursa izan ziren. Zorionak lauroi!
2015/08/01
Jendez gainezka zegoen Boise atzo, Jaialdiren asteburu handiaren usainean. Atzo Eusko Jaurlaritzak AEBetako euskaldunei egin zien harrera ekitaldian omenaldia jaso zuten Diasporako euskal festarik handiena antolatzen duten bolondresek. Beste omenaldi bat, kasu honetan ezustekoa eta ahobatekoa, jaso zuen ere Grace Mainvilek, urte askotan NABOren diruzain izan denak, osasun arazoengatik kargua utzi beharrean dela azaldu zuenean. Besarkada bero bat, Grace! Jarraian, argazki kronika.
2015/07/31
Uztailaren 25ean lurreratu ziren Mar del Platako Denak Bat euskal etxeko 26 gazte Euskal Herrian eta ordutik aurrera ez dira batere gelditu. Euren lehenengo emanaldia dagoeneko eman dute. Getxon, bigarrena gaur bertan izango da Zubietan eta programa Gorlizen eta Hendaian eskainitakoekin osatuko da. Bitartean, Euskal Herriko hiri nagusiak eta leku adierazgarrienak bisitatzen ari da talde argentinarra.
2015/07/31
Aurrera darraite Boisen Jaialdi 2015en inguruan antolatutako makina bat euskal ekitaldi eta jarduerek. Atzo, uztailaren 30ean, festa eta kulturaz gain, politikarentzako tartea ere izan zen, "Together or nothing at all" (Elkarrekin edo ezer ez) izeneko mintegiarekin. Erabakitzeko eskubideari buruzko hausnarketa egin zuten Ibarretxe lehendakariak (ALC), Columbia Unibertsitateko Joshua Fisher doktoreak eta Gure Esku Dago ekimeneko Jon Camiok. Eguneko argazki kronika, jarraian.
2015/07/31
Ian Buchanan sukaldariak euskal jakiak prestatzen irakatsi zien, atzo, Colorado-ko Breckenridge herriko CM eskolara hurbildutako hamabi ikasleri. Lepo zegoen klasea, hori baita izan zezaketen ikasle kopuru gehiena, eta itsaski eta arrainean oinarritutako menua prestatu zuten. Irakasleak EuskalKultura.com-i adierazi legez, “euskal kulturaz ezer gutxi jakin izanak erakarri egin du jendea”.
2015/07/30
Asteazkean ekitaldi ugari egin ziren Boisen, eta guk egunero bezala, argazki kronika baten bidez bildu ditugu. Euskal Ikasketen Mintegiaren inaugurazioa, "Meet the Basques" ekitaldia, musika eta dantza kaleetan, eta gurekin ez dauden hiru Jaialdi zale handiei agurra, gaurko irudietan. Horien artean dugu gure selfie lehiaketaren aurreneko irabazlea, Antonia Sangroniz. Zorionak!
2015/07/30
Gaur aurkeztuko da Boisen "The Basques in the United States" liburua, Boiseko Unibertsitateko "Joan Etorria" Euskal Ikasketa Mintegiaren barruan. Lan hau Koldo San Sebastian kazetaria buru izan duen hamar urtetako ikerketaren emaitza da. Bertan AEBetako Oestera joan ziren 10.000 euskaldunen izenak jasotzen dira, argazki, jatorri eta datu biografikoekin batera.
2015/07/30
Argentinan jokatuko da aurten Nazioarteko Mus Txapelketa, Mar del Platako Denak Bat euskal etxea antolatzaile. Lehiaketaren 38. edizioa astebetez luzatuko da eta partiden programaz aparte, beste hainbat ekitaldi ari dira prestatzen anfitrioiak bikote parte-hartzaileentzat. Muslarien eta laguntzaileentzako voucherren prezioak eta aste osoko egitaraua, EuskalKultura.com-eko artikulu honetan.
2015/07/29
Atzo abiatu zen Boisen Jaialdi 2015 euskal festa erraldoia, eta giro bikaina izan zen Basque Block euskal auzoan, musika, jan-edan eta beste ekitaldiekin. Jende mordoxka bildu zen bertara, Boiseko euskaldunak agurtzera, beste estatuetako aspaldiko lagunak agurtzera, edo, besterik gabe "heldu gara!" esatera. Une eder eta zirraragarri honetako zenbait argazki heldu zaizkigu dagoeneko. Bidali zuk ere zurea (#Jaialdi2015 eta #EuskalKultura traolekin) eta sari ederrak irabazi ahalko dituzu!
2015/07/29
Gaur eta bihar, Jaialdi 2015 programaren alsamenean, Boisen (Idaho, AEB) egingo den ‘Joan Etorri’ izeneko euskal ikasketa sinposioan hartuko du parte Jone Goirigolzarri Garaizar (Getxo, 1984) doktoreak. Berak defenditutako doktoretza tesiaren emaitzak aurkeztuko ditu bertan, bai eta lagunekin batu eta AEBetan urteak daramatzan Asueta familiarekin biziz. EuskalKultura.com-i esan dio “oso pozik" dagoela berriz ere hemen egoteaz. "(Doktoretzako) Proiektua CBSen idatzi neban, orain bost urte, eta tesia aurkeztera hona itzultzea ziklo bat ixtea modukoa da”.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus