euskal diaspora eta kultura
2015/09/11
Urteko ekitaldi nagusia ospatu zuen Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea eskolak joan den larunbatean. 2015eko Euskal Jaia erakundearen Llavallolgo egoitzan gauzatu zen eta milatik gora lagun bildu zituen ikasle, irakasle, guraso eta lagunen artean. Argentinan Eukaraz programaren 25. Urteurreneko ospakizunarekin ere egin zuen bat instituzioak eta ohorezko Aurreskua eskaini zitzaion programaren barnean.
2015/09/11
Carabobo estatuko Valenciako Euskal Etxeak Begoñako Ama Birjinaren eguna ospatu zuen iragan abuztuaren 15ean. Oporrak izanagatik, bazkide eta lagun asko bildu ziren bertara, tartean inguruko gonbidatuak ere: Caracaseko Eusko Etxetik, Maracaytik eta San Felipetik, esaterako. Eguneko argazki sorta mardula helarazi digu elkarteak.
2015/09/10
Euskal Herriko sagardotegietako menu berbera eskainiko du Eneko Sagardotegiak Necocheako Euzko Etxeko ospakizun eta jai nagusietan. Bitartean, sagardoa euskal etxean eukiko dute, horretarako propio eskuratutako hiru kupeletan, eta denboraldia bukatzean botilaratu egingo da egun berezietan kontsumitzeko. Proiektuko arduradunak Betikoak sukaldaritza elkarteko kideak dira. Hurrengo ‘txotxa’ seguruenik urriaren hasieran izango dela iragarri diote EuskalKultura.com-i.
2015/09/10
Duela 42 urte Tolosan jaioa, kazetaria da ofizioz eta afizioz. Hemeretzi urte daramatza Madrilen eta Canal Plus TV kateko Informe Robinson (Robinson Txostena) saioko zutabeetakoa da. Programa hasi zenetik ari da hor lanean eta mundu erdia ibilia du bertarako erreportajeak egiten. Zortekoa jotzen du bere burua, maite duen horretan egiten baitu lan.
2015/09/10
Hiriko euskal gizataldeak deituta, lagun ugari bildu ziren Coronel Pringlesko euskal etxean erakundearen 25. urtebetetzea ospatzeko. Zeremonian, Eusko Biltzar-en historia eta sortzaileak gogoratzeaz gain, elkarteak gaur egun egiten duen lana ere nabarmendu zuen instituzioak, abesbatza eta dantzariak ere partaide.
2015/09/09
Argentinako Migrazio Zuzendaritza Nazionalak egindako “Nosotros, los que vinieron” (Gu, etorri zirenak) liburua joan den irailaren 4an –Immigrantearen Egunean– aurkeztu zen Buenos Airesen, euren testigantzak eskaini dituzten etorkinak lagun. Bildumaren bigarren edizio honetako protagonistetako bat Argentinan zortzi urte daramatzan Aitor Alava euskalduna da, hiriburuan zein nazioko beste zenbait lekutan euskal dantza irakasle diharduena. Liburua on line irakur daiteke, Migrazio Zuzendaritzaren webgunean.
2015/09/09
"Sorgin txiki", "Galtzagorri aztia", "Basajaunen sukaldea", "Marigorringoren abenturak"... ipuin hauek eta beste asko dira Ipuintxo aplikazioaren bidez zure mugikorrean ikus ditzakezunak. Euskal mitologiako pertsonaiak dira protagonista eta haurrek ipuinean parte hartu eta beraiekin jolasteko aukera dute. Aplikazioa doakoa da.
2015/09/09
Immigrantearen eguna ospatzeko hiriak antolatutzen duen jaialdia urteko aktibitate nagusietako bat da Concordiako Euskal Etxeko Gazte Lurra taldearentzat. Izan ere, programako horretako ekintza guztietan hartuko dute parte aurten ere dantzariek, hiriko euskal kolektibitatea ordezkatze aldera. ‘Jaiaren aurrekoa’ delako festan eta 'Suzien Martxan' aritu ondoren, Immigrantearen Jai Probintzialean dantzatuko dute, datorren asteburuan.
2015/09/08
ETBk "Youtuberrak" lehiaketa martxan du eta deialdia egin die munduan zehar euskaraz bideoak egiten dituztenei, bertan parte hartzeko gonbitea luzatuz. Erraza da: sortu kanal bat You Tuben eta igo bertara zure euskarazko bideoak, lehiaketan izena eman eta parte hartu. Hilabetero 500 euroko saria jasoko du bideo onenak eta urte bukaeran kanal onenak 2000 euro eskuratuko ditu. ETB-ekin harremanetan jarri gara eta Diasporatik eta Euskal Herritik kanpo ere parte har daiteke. Zorte on!
2015/09/08
Buenos Aires probintziako Baraderoko euskal etxeak ez dauka momentu honetan aktibitate jarraiturik; hala ere, euskal ondorengo ugari daude eskualdean eta arbasoen omenez euren presentzia bermatu nahi izan dute hiriaren 400. urteurreneko ospakizunetan. Helburu horrekin euskal elkarteak zenbait ekintza antolatu zituen udal programaren barnean, tartean ‘Nuestros Aitonas’ (Gure aiton-amonak) liburuaren aurkezpena eta haritz baten landatzea. Etorkizunari begira mezu bat ere prestatu zuen euskal etxeak.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus