euskal diaspora eta kultura
2015/10/15
Western Literature Association elkartea urteroko 50. mintegia egiten ari da egunotan Renon, eta euskal gaiei leku berezia ari da eskaintzen. Hasteko, elkarteak bere Distinguished Achievement Award saria (hilondokoa) emango dio Robert Laxalt idazleari. Horrez gain, euskaldunei eskainitako bi saio egingo dira gaur: "Robert Laxalt: Regional and Transnational Contexts" izenekoa eta "Basque Voices in the American West" delakoa. Amaitzeko, larunbatean CBSko Iker Saituak "'Basque Bascos' to 'White Subjects'" hitzaldia emango du.
2015/10/15
Bere bihotz 'txilangoa'ren taupadak azkarrak bilakazen dira Euskal Herrira 'itzultzen' denean. Mexikon, guraso eta aitona-amona eibartarrak zituela jaioa, Jaione Arrieta Galarraga VascosMexico zerrenda eta webgunearen sortzaile eta koordinatzaile da interneten, duela 13 urte. Aste honetan EuskalKultura.com-en Donostiako bulegoa bisitatu du. Garaiz itzuliko da Mexiko hiriburura, lehenengoz Emakume Eguna prestatzen ari baita bertako Euskal Etxea azaroaren 28rako.
2015/10/15
‘Ume bat, arbola bat’ izeneko ekitaldiaren 20. edizioan, aspaldiko amets bat bete du Salliqueló-ko Eusko Deya euskal etxeak: herrian euskaldunen ikurra den haritza landatzea, eta semea, Patxi, jaiotzari lotua egin du. Zuhaitza Pedro Azcaray gernikarrak eman du dohaintzan, eta BMX praktikatzeko eraikiko den berdegune batean egongo da.
2015/10/14
Euskal Herrian bira labur bat egiten ari dira egunotan Wyomingeko Martin Goicoechea eta Kaliforniako Johnny Curutchet bertsolariak, Euskal Kultur Erakundea, Bertsularien Lagunak eta Bertsozale Elkarteak gonbidatuta. Gaur Zizurkilen izango dira, bertso bazkari batean Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiorekin kantuan (sarrera doan) eta ostiralean euskal Diasporari buruzko "Euskal emigrazioa: oroitzapena baino gehiago?" jardunaldian izango dira Uztaritzen.
2015/10/14
Balioespen sakonagoak egiteko denbora zertxobait gehiago behar bada ere, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak balioespen baikorra egin du Gasteizen amaitu berria den Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarraz eta honekin batera garatu den Gaztemundu 2015 programaz. Asier Vallejo zuzendariak EuskalKultura.com-en eskaerari erantzunez adierazi duenez, gauzak hobetu daitezke baina lehenengo balantzea zinez baikorra da Gaztemunduri dagokionez, eta Batzarra ere baikor balioetsi dute, "nota hartu dugularik datozen kongresuetarako hobe daitezkeen gauzez". Ikus, azkenean, argazki galeriak.
2015/10/14
Premiazko deialdia egin berri du Etxepare Euskal Institutuak Pariseko Sorbonne Nouvelle III unibertsitateko euskara eta euskal kulturako irakurle baten bila. Irakaslea ikasturte honetan bertan hasiko da lanean eta irakurletzak orora 25.000 euroko aurrekontua izango du. Eskatzaileek honakoak bete beharko dituzte: graduko unibertsitate-titulua izatea; euskarako C1 ezagutza maila eta frantseseko B1 ezagutza maila egiaztatzea.
2015/10/13
Lehendabiziko bakarlana amaitu berri du Sonia de los Santos musikariak (Monterrey, Mexiko, 1982), ‘Mi viaje: De Nuevo León to the New York island’. New Yorken bizi da duela hamar urte eta immigrante legez izandako esperientziaz ari da abestietan, bai eta bere jatorri-herriarekiko maitasunaz eta kultura anitzekiko pasioaz. Tartean, euskaldunen kulturarekikoaz ere bai. Izan ere, Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ grabatu du. “YouTube-n entzun nuen, Joan Baez-ek abestua, eta izugarri gustatu zitzaidan”, esan dio EuskalKultura.com-i. “Bihotz-bihotzez egin dut”.
2015/10/13
Nafarroako Unibertsitateak ateak irekiko dizkio bihar urriaren 14an herrialde honetako emigrazioari buruz jakinmina duen edonori, "Nafarroa eta Amerika" mintegira gonbidatuta. Mintegiak emigrazio honi buruzko ikuspegi orokorra emango du, hainbat ikerketa eta lekukotza aurkeztuz. Ekitaldi hau "Amerikanuak. Basques in the New World" liburuaren 40. urteurrena ospatzeko antolatu diren jardueren parte da. 15 eta 16an pareko ekitaldial antolatu di tu EHUk.
2015/10/13
Urriko proposamen nagusia da Mar del Platako Denak Bat euskal etxean Aralarko Mikel Deunaren ospakizuna. Izan ere, ekintzen programa bi astez luzatzen da eta instituzioan garatzen diren aktibitate gehienetako ordezkariek hartzen dute parte. Aurtengo egitaraua datorren larunbatean bukatuko da, dantzariek antolatutako Taskarekin, hasi, irailaren 30ean hasi zelarik Pilota Txapelketa batekin.
2015/10/12
Ostirala izan zen Kanpoan diren Euskal Gizataldeen VI. Mundu-Batzarraren hirugarren eta azken eguna. Goizez Biltzarreko emaitza gisa konklusioak eta Eusko Jaurlaritzari Lau-urteko Plan gisa pasatuko zaizkion proposamenak landu ziren Montehermoso Jauregian eta ondoren amaiera eman zitzaion 6. Mundu-Batzarrari Lehendakaritzan, William Douglass-en itxiera-hitzaldiarekin eta Urkullu lehendakariak esaniko azken hitzekin.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus