euskal diaspora eta kultura
2015/11/27
Rafa Molina durangarra da. 54 urte dauzka eta badira bost bat urte iritsi zela Neuquen-era bere egungo bikotearekin, argentinarra berau, Euskal Herrian ezagutu ondoren. Ez zaio erraza gertatzen ari baina gogor ari da euskal etxe bat sortzeko lanetan. kontinente barneko hiri patagoniar honetan bizi diren euskal herritarrak eta euskaldunen ondorengoak biltzearren.
2015/11/27
Kirmen Uribe idazle ondarroarrak Asiara bidaia egingo du datorren astean, Txinan eta Japonian 'Mussche' eleberria aurkezteko. Liburua argitaratu berria da txineraz (Lijang Publishing House argitaletxea) eta japonieraz (Hakusui Sha argitaletxearekin). Uribek aurkezpenak egingo ditu Beijing-en, Tokion eta Kioton. Iñaki Mendizabalek sinatzen du artikulua Deian.
2015/11/26
Mexikoko euskal komunitateko emakumeek hitzordu galduezina dute larunbat honetan Euskal Etxean, bertan egingo den "Emakume Alai" festako izarrak izango baitira. Festaren helburua elkartearen ehun urtetik gorako ibilbidean euskal kulturaren alde etengabe lanean aritu diren emakumeei omenaldia egitea da, hala agertu diote EuskalKultura.com-i Itxaropen Palacios, Itziar Urkiola eta Miren Aguirre antolatzaileek. Kultur transmisioan egindako lan hori aintzat hartzeaz gain, festan ongi pasatzeko gogoa, umore ona eta sorpresak izango dira nagusi.
2015/11/26
General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxeak antolaturik, abenduaren 1etik 13ra luzatuko da 2015 honetan Buenos Aires probintziako herri honetako Euskal Astea. Urtero egiten legez, hainbat ekintza burutuko dira programa barruan, guztiak baserri kultura eta ohiturekin lotuta. Gonbitea luzatuta dago eta lehiaketetan edota azken bazkarian parte hartu nahi duenak izena ematea baino ez du.
2015/11/25
‘Zelestina Urza in Outer Space’ (Zelestina Urza espazio hutsean) du David Romtvedt idazle, musikari eta unibertsitate irakasle oregondarrak (AEB) azken nobela eta amaitu berri du berau aurkezteko bigarren bira. Montanan, Coloradon, Idahon eta, batez ere, bizitoki duen Wyoming-en egin ditu aurkezpenak. Bill Douglass izenaz berbataiatu duten Renoko Center for Basque Studies-eko blogean argitaratu dutenez, “Iparraldeko bere jaioterria atzean laga eta Wyomingo herri txiki batean instalatzen den emakume baten istorio erakargarria kontatzen du eleberriak”. Romtvedt-ek berak EuskalKultura.com-i esan dionez, “ez nuen euskal artzainen bizitza bakartiari buruzko beste istorio estereotipiko bat kontatu nahi”.
2015/11/25
Ekitaldia Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatuko du, eta urtarrilaren 5etik 9ra luzatuko da. Gonbitea euskal etxeetako 12 eta 16 urte arteko gazteei dago zuzenduta eta helburua, udan ere euskal kulturaz goza dezaten. Izena emateko epea abenduaren 20an bukatuko da; voucherren prezioa emailez eskatu behar zaie antolatzaileei.
2015/11/25
Mendiburu Magic Foundation elkarteak 15 urte daramatza lanean, minbizia eta beste gaixotasun batzuk dituztenei laguntzen. Datorren abenduaren 9an fundazioak 15. "Mendiburu Compassion Awards" sariak banatuko ditu Bakersfieldeko Wool Growers Basque Restaurant jatetxean. Elkartea 2000. urtean sortu zuten Brian eta John Mendiburu anaiek, minbiziz hil berria zen Nancy amaren omenez.
2015/11/24
Euskara eta guarani hizkuntza lankide arituko dira Eusko Jaurlaritzak, batetik, eta Paraguaiko Gobernuko Hizkuntzen Politikarako Idazkaritzak, bestetik, gaur Asuncionen sinatuko duten akordioa medio. Patxi Baztarrika jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea Asuncionen da karia horretara eta bere kargukide paraguaitarrarekin gauzatuko du. Hego Ameriketan egiten ari den bidaian Baztarrikak hitzaldia emango du ostiralean Buenos Airesen Euskararen Eguna dela-eta antolatutako programaren barnean.
2015/11/24
Bertako Union Vasca Euskal Etxeko kideek ez ezik, komunitate osoak lagundu zien Beti Aurrera taldeko dantzariei eurak sortutako ikuskizunaren aurkezpenean Bahia Blancako Udal Antzokian. ‘Gu, nosotros’-ek Euskal Herria utzi eta Argentinan bere bizileku berria bilatzen duen Josune neskatoaren istorioa kontatzen du bi herrialdeetako kulturak batuz.
2015/11/24
Bueltan da Bilbo eta Bordele batzen dituen lasterketa, 2014an egin zen aurreneko edizioak izan zuen arrakasta dela eta. Mugaz gaindiko lasteketaren antolatzaileak bateko eta besteko elkarteak dira: Bordeleko Euskal Etxea, Bilboko Txirrindulari Elkartea (Bilbo), Stade Bordelais–ASPTT (Bordele) eta Urgozo Iturriko Txirrindulari Elkartea (Zornotza). Txirrindulariak Bilbotik aterako dira maiatzaren 5ean eta Bordelera iritsiko maiatzaren 7an.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus